}

Adostasuna Bonn-en

2001/07/24 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Auziak itxura onik ez bazuen ere, Bonn-en, 178 estatu ados jarri dira Kiotoko Hitzarmena indarrean jartzeko arauen inguruan. Arauei buruzko adostasun hori ezinbestekoa zen Kiotoko Hitzarmenak aurrera egiteko.


Estatu Batuek esana zuten ez zutela hitzarmena sinatuko; haren atzetik Australia, Kanada eta Japonia ere ezezkoa esaten hasi ziren, baina, azkenean, hiru horiek hitzarmena sinatzearen aldeko jarrera agertu dute. Hori bai, horretarako hainbat gauza aldatu egin behar izan dira, edo bestela esanda, Kiotoko Hitzarmenerako arauen exijentzia-maila murriztu egin behar izan da. Azken egunotan Japoniak izandako jarreraren ondorioz, estatuek hitzarmena betetzen dutela ziurtatzeko mekanismoak arautzea geroagoko utzi dute. Hori egin ezean Japoniak ez zuen aldeko jarrerarik azalduko.

Bestalde, azkenean, baso ugari duten estatuek CO2 gehiago isurtzeko erabili ahal izango dituzte; baso--landaketak ere erabili ahal izango dira horretarako, baita energia hidroelektrikoa lortzeko urtegiak eraikitzea ere. Oso eztabaidagarriak guztiak ere. Energia nuklearra ‘malgutasun--mekanismoetatik’ at geratu da.

Zenbaitentzat garaipen nabarmena da Estatu Batuak bezain ‘esanguratsua’ den herrialdeak berretsiko ez duen hitzarmenak aurrera egitea (nahiz eta munduan gehien poluitzen duen herrialdea izan). Beste batzuentzat porrota, bai Estatu Batuak kanpo geratzea bai eta gainerakoen adostasuna lortzeko hitzarmenaren eskakizun--maila jaistea ere.

Kiotoko Hitzarmena klima-aldaketa eragiten duten gasak isurtzeari mugak jartzen dizkion nazioarteko hitzarmen bakarra da. Kioton onartu zen 1997an, eta herrialde garatuenek berotegi--efektua eragiten duten 6 gasen isurpena batez beste % 5,2 murriztu behar dutela agintzen du. Indarrean jartzen denean derrigor bete beharrekoa izango da hitzarmena. Murrizketei ekiteko epea 2008-2012 bitartekoa da eta 1990eko isurtze-mailak hartuko dira erreferentziatzat.

Bestalde, Klima-Aldaketari Buruzko Nazioarteko Taldeak egindako txostenean, ikerketak, aurreikuspenak, kostuen kalkuluak, balizko hondamendiak eta abar aztertzen dira. Eta bertan esaten duenaren arabera, berotegi--efektua eragiten duten gasen maila 2000. urteko mailaren azpitik jar daiteke 2010etik 2020rako tartean, eta hori kostu ekonomiko netorik gabe.

Asko falta da neurriak guztiz eraginkorrak izan daitezen, baina abiatu gabe ezin inora heldu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia