}

Adierazpen-askatasuna kolokan, baita Interneten ere

2002/03/31 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

LSSI legea, Internet Legea bezala ezagunagoa dena, Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu ondoren, parlamenturako bidean da jada. Lege horrek Interneteko jarduera guztiak jartzen ditu kolokan. Zer den ez badakizu, ez zaitez axolagabe gelditu, erabiltzaile guzti-guztiengan izango baitu eragina.

Internet egunkaria irakurtzeko soilik erabiltzen duen horietakoa bazara ere, edo noizean behin gai bati buruzko informazioa jasotzeko besterik erabiltzen ez baduzu ere, jakin ezazu, LSSI (Informazioko Gizartearen eta Komertzio Elektronikoaren Zerbitzu Legea) lege berriak Interneten erabiltzaile guztiak dantzan jarri dituela. Segidan ikusiko duzu ez dela gutxiagorako!

LSSIa, Interneteko adierazpen-askatasuna kolokan jartzen duen legea, irailean iritsiko da Parlamentura.

Zehazki esanda, aurreproiektuaren zenbait atal dira Interneten inguruko talde eta erabiltzaile guztien artean ika-mika sortu dutenak. Besteak beste, administrazioak web guneak zigortu edo ixteko izango duen eskubidea, Interneteko helbideen erregistroa abian jartzea eta aurreikusten diren isunen kopuru handia dira gehien kritikatu diren aurreproiektuaren aldeak. On line dagoen dendatik hasi eta web gune pertsonaletaraino, guzti-guztiak egongo lirateke erregistratuta, eta administrazioak, inori kontsultatu gabe, bere irizpide propioen arabera, zigortu edo itxiko lituzke web guneak. Gainera, isun oso garestiak aurreikusten dira, 600.000 eurora artekoak, hain zuzen ere. Hortaz, legeak, hasierako ideia baztertuta, ez du helburu ekonomikoak dituzten web guneen jarduera soilik arautuko.

Nondik dator ideia?

2000ko ekainean, Internet puri-purian zegoen garaian, Europako Batasunak sareko komertzioa bultzatu nahi izan zuen eta, horretarako, denborarik galdu gabe, lege markoa eman nahi izan zuen. Horrela, konpainia estatubatuarrekiko posizioa hobetzea espero zuen. Arteztarau horren helburua Europako hamabost herrialdetako legediarentzat oinarriak finkatzea zen. Horrela, edozein herrialdetako enpresek berme juridiko berak izango lituzkete.

Arteztaraua oso orokorra da eta herrialde bakoitzaren esku uzten ditu hainbat puntu eztabaidagarri: besteak beste, zerbitzu-eskaintzailea zein den zehaztea edo eskatu gabeko mezu komertzialen inguruko eztabaida. Hau da, etxeetako postontzietara heltzen den propaganda bezala, posta elektronikoz propaganda neurtu behar den ala ez erabakitzea.

Lege honek eskubidea ematen dio administrazioari web guneak zigortu edo ixteko.

LSSI arteztarau horri jarraiki, espainiar estatuan bada Interneten erabilera eta komertzio elektronikoa erregulatzeko testu juridiko bat. Bertsio ofizialak dioenez, komertzio elektronikoa eta Internet bidezko zerbitzuak garatzeko ezinbestekoa da. Haren iritziz, legeak zerbitzu-eskaintzaileei eta erabiltzaileei lege-marko bat eskaintzen die. Baina Interneten erabiltzaileak ez datoz bat bertsio ofizialarekin.

Hilabete pare bat pasatu da Ministroen Kontseiluak LSSIa onartu zuenetik. Orain, parlamentuaren oniritzia besterik ez da falta. Dirudienez, parlamentuko tramiteak irailean amaituko dira eta, segur aski, oposizioko talde politikoek, Interneteko adierazpen-askatasuna mugatzen duelako, proiektuaren aurka egingo dute. Baina gauza jakina da parlamentuan gehiengo osoa nork duen, eta legeak ez luke aurrera ateratzeko arazorik izan behar.

Aurkakoen oihartzuna

Zientzia eta Teknologia Ministerioak legearen zirriborroa aurkeztu zuenetik, protesta kanpaina zabala egin da espainiar estatuko Internet-erabiltzaileen artean. Proiektuaren aurka agertu dira parlamentuko oposizioko talde politikoak, baita Interneteko kolektiboak ere.

Sareko eskubideen alde gogor egin duen Kripropolis.com web guneko abokatuen iritziz, legea ez da zehatza eta funtzionario bati web gune bat ixteko eskubidea ematea ez da zilegi. Horrelako erabakiek juridikoak izan behar lukete, eta ez lukete administrazioaren esku egon behar. Gainera, internautak zigor gogorren beldur dira eta informazioa zentsuratu egingo dela salatu dute. Izan ere, kontrol administratiboak (eta ez juridikoak), gustuko ez duen linea editoriala duten komunikabide independenteak edo delituzko jarduera duten web guneei esteka egiten dieten bilatzaileak itxi ahal izango lituzkete.

Internautak zigor gogorren beldur dira eta informazioa zentsuratu egingo dela salatu dute.

Talde horien helburua LSSIa parlamentuan atzera botatzea da. Ez deritze gaizki Interneteko komertzioa neurri batean kontrolatzeari, baina ez dute informazioa dohainik ematen duten web guneak transakzio-ekonomikoak egiten dituztenekin nahasterik nahi. Informazioa adierazpen-askatasuna da, eta ez merkantzia.

Interneteko salerosketei dagokienez –gogoratu jarduera horri lege-markoa ematea zela helburua– Martí Manent abokatuaren hitzetan, legeak kontsumitzaileengan sortuko duen segurtasun-sentsazioa erreala baino gehiago psikologikoa izango da. Izan ere, Internet bidezko erosketak babesten dituen legea egonez jendeak errazago erosiko du, baina gogoratu behar da kontsumitzaileen eskubideak babesten dituen legedia aspalditik dagoela, eta Interneteko erosketetarako ere balio duela. Beraz, alde horretatik ezer gutxi aldatuko dela salatu du.

Bestalde, legeak debekatu egin du Internet bidez jasotzailearen baimenik gabe iragarkiak bidaltzea. Askoren iritziz, etxeko postontziko iragarkiak arautzen ez direnez, erabaki hori gehiegikeria da. Dena dela, bidaltzailearentzat Internet bidez iragarkiak bidaltzea ohiko bideak baino askoz ere merkeagoa da eta, ondorioz, araudirik ezean, ikaragarri ugarituko litzakeen jarduera da. Jasotzailearen posta-kontua guztiz betetzerainokoa izan liteke. Hala ere, jasotzaileak baimena emanez gero, iragarkiak bidali ahal izango lirateke.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia