}

Adar arazoak

1989/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jakina da errinozeronteen populazioak azken urteotan behera egin duela. 1975.ean 65.000 mila zeuden eta gaur egun 3.500 bakarrik. Hondamendiaren arrazoia neurririk gabeko ehiza izan da. Ehiza debekatua egonik ere, isilpeko ehiztariek sekulako triskantzak egin dituzte. Ekialdeko medikuntzan errinozeronte-adarraren hautsa oso preziatua da, besteak beste ezaugarri afrodisiakoak omen dituelako.

Adarrik gabeko errinozerontea salbu?

Animalia handi eta pisu hauek hiltzeko arrazoia adarra izanik, Namibiako agintariei errinozeronteek bizirik iraun dezaten bidea adargabetzea izan daitekeela pentsatu dute eta horrelaxe egin ere bai (ikus argazkia).

Erabakiak bestalde, naturzaleak zatitu egin ditu. Batzuen ustez, errinozerontea harraparien aurrean defentsarik gabe uztea da eta beste batzuk berriz, irtenbide egokitzat jotzen dute.

Proiektuaren arduradunek, neurria errinozeronteek etsai naturalik ez duten eskualde batean esperimentalki bakarrik aplikatuko dela esan dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia