}

Abbadiako ingurunea: Ekologia

1993/08/01 Estonba Mintxero, Mikel | Bost, J. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Milioika urtetan higadura-agenteek zizelkatutako inguru harrigarri hauetan, bizidun ugari moldatu dira baldintza gogor hauetan bizitzera. Hala ere, Abbadia eta oro har itsas ertzetako geomorfologia bortitza dela eta, bizidunengan eragina duten faktoreak, oso distantzia txikietan zeharo aldatzen dira. Ondoriorik zuzenena, bizi-dibertsitate eta ekosistema-ugaritasun handiko tokiak izatea da. Abbadiaren kasuan gainera,edozein ikerketa ekologiko egitekotan ezin da ahaztu azken mendeetan lurralde hauek jasan dituzten erabilera-aldaketak. Honako hauek, bertako landareen artean, kanpotik ekarritako landare-espezie ugari agertzea eragin dute. Abbadian, giza eragina gradiente modura azaltzen zaigu: zenbat eta itsasotik urrutiago, hainbat eta handiagoa da.

Abbadian bost ekosistema desberdin bereiz ditzakegu:

  • Mareartekoa
  • Itsas labarrekoa
  • Landa
  • Basoa
  • Larreak
P. Gascouat

Aipatzekoa da, bestalde, Abbadiako ornitologia aberatsa. Toki honek eskaintzen dituen babes-baldintzek eta bere kokapen geografikoak, hegazti-espezie desberdin ugari ikusteko bide ematen dute. Dena den, Abbadian ikus daitezkeen hegazti-espezie gehienak, migrazio-garaietan (udazkenean eta udaberrian) eta neguan ikusten dira; espezie habiagile gutxi baitaude.

Uda bukaeran, Europako iparraldean elikagaiak urritzen hasten direnean, bertako hegazti habiagileek ezteiondoko migrazioari ekiten diote, elikagai-bilaketa honek normalean Afrikako iparraldera eramaten dituelarik. Bidaia hau gauzatzeko, Europan hiru ardatz nagusi daude:

  • Ekialdekoa: Balkandar mendiak eta Turkia zeharkatzen dituena.
  • Erdialdekoa: Italia eta Sizilia zeharkatzen dituena.
  • Mendebaldekoa: Iberiar penintsula zeharkatzen duena.

Azken honetan, Pirinioak iragan ezineko oztopo bihurtzen dira. Oztopo hau gainditzeko muturretara jo behar dute. Eta honetan datza Abbadiaren eta Txingudi badiaren garrantzia: Pirinioen mendebaldeko muturra izateaz gain, migrazio luze hauek burutzeko hegaztiei hain beharrezko zaizkien babesa eta elikadura ere ugari baitago bertan.

Marearteko ekosistemak

Loiako badia eta irla. Bertan erraz bereizten dira marearteko ekosistema eta irlaren aldapen labarretako ekosistema.
J. Bost

Alderdi geologikoei buruzko xehetasunak azaldu ditugunean, higadura-agenteen eraginez, kostalerroa atzera egiten ari dela aipatu dugu; poliki baina gelditu gabe. Atzerapen honen ondorioz, labarren oinarrian itsas beheraldietan agerian gelditzen den urradura-plataforma izeneko eskualde zabala dugu. Bere izenak adierazten digunez, mareek ezarritako baldintzen aldakortasuna ezaugarritzat duen marearteko ekosistema dugu bertan. Ekosistema honetan, itsas goraldietan, bertako tenperatura, gazitasuna eta oxigeno-edukina konstante mantentzen diren bitartean, itsas beheraldietan aldaketa bortitzak jasan ditzakete.

Eguna eguzkitsua bada, marea jaitsitakoan egoten diren putzuetan, tenperatura nabarmen igo ezezik, gazitasunak ere, ur-lurrinketa dela eta, kontzentrazio altuak har ditzake. Baina eguna euritsua bada, aurkako fenomenoa gertatuko da, hau da, putzuetako ur-tenperatura eta gazitasuna jaitsi egingo dira.

Itsas beheraldietan urradura-plataforman agerian gelditzen diren putzuak benetako ur-lorategi dirudite; filum ugarietako ordezkariak bizi baitira. (Itsas trikuak Paracentrotus lividus eta alga zoldagileak). (Argazkia: J. Bost).

Aldaketa hauek, eta oxigeno-edukinak, argitasunak, haizeak, uhinen indarrak eta beste hainbat faktorek jasaten dituztenak, arazo ugari sortzen diete bertako bizidunei. Bizi-baldintza desegoki hauen aurrean, ekosistema hauetako bizidunek garatu dituzten moldaera bereziak direla eta, balio ekologiko handiko ekosistematzat hartu ohi dira.

Dena den, faktore hauek ez dute eragin berdina bizidun guztiengan. Itsas goraldiaren mailatik gertuen bizi direnak urez estalirik ordu batzuk soilik egoten diren bitartean, itsas beheraldiaren mailatik gertuen daudenak ia egun osoa uraren azpian bizi dira.

Aktinia gorria (Actinia equina), marearteko ekosistemaren ordezkari tipikoa. (M. Estonba).

Bizi-baldintzen gradazio honen adierazlerik nabarmenena algak ditugu. Plataformaren goialdean, urak eguzkiaren izpiengan eraginik ez duen aldean, alga berdeak nagusi dira. Horien artean ugarienak hain irristakorra den Enteromorpha minima eta itsas urraza (Ulva lactuca) dira. Beherago, uraren bidez eguzki-izpien xurgaketa nabariagoa denean, beren ehunetan klorofila ezezik, karoteno eta xantofilazko pigmentuak dituztelako alga arre eta gorriak aurkituko ditugu.

Bi alga-talde hauen artean gradazioa hain nabaria ez izan arren, arretaz begiratu ondoren argi gelditzen da arreak gorriak baino gorago bizi direla. Gorrien artean aipatzekoak dira, bai ehunetan kaltzio karbonatoa izateagatik harri-itxura duten alga zoldagileak (sarritan substratu-zabalera handiak estaltzen dituzte) eta bai agar-agar delako gelatina lortzeko gure kostaldean azken urteotan ustiatzen hasi den Gelidium sesquipedale.

Itsas izarra (Marthastecias glacialis). (Argazkia: M. Estonba).

Animaliei dagokienez, hauen presentzia algena baino urriagoa denez, zailagoa izaten da gradienteaz ohartzea, behaketa zehatz batek arazoa konpon badezake ere. Plataformaren goialdera hurbiltzen garenean, haitzak maskor gogorreko animalia txikiz josita daudela ikusiko dugu. Itsas ezkurrak dira (Chtamalus sp. eta Balanus sp.), uretatik kanpo luzaro bizi daitezkeen Crustacea klaseko animaliak. Hauekin batera, askotan Mollusca filumekoak diren lapak (Patella sp.) agertzen dira, beren muskulu-oin indartsuari esker, olatuek eraman ez ditzaten haitzetara gogor itsasten direnak.

Goialde honetan, haitzetatik abiadura handiz mugitu eta algez elikatzen diren karramarroa (Carcinus maenas) eta karramarro beltza (Pachygrapsus marmoratus) ikustea normala izaten da; hauek ere uretatik kanpo luzaro irauteko nahikoa ondo moldatuta baitaude.

Itsas barea (Glossodoris cantabrica). (Argazkia: M. Estonba).

Dena den, ekosistema hauetako dibertsitaterik altuena mareek utzitako ur-putzuetan aurkituko dugu; bertan filum ugaritako ordezkariak bizi baitira. Benetako ur-lorategi diruditen putzu hauetan alga-espezie ugariz lagundurik, bai Coellenterata filumeko zenbait ordezkari, ugarienak itsas lorea (Anemona sulcata) eta aktinia gorria (Actinia equina) direlarik, bai Echinodermata filumekoak, itsas trikuak (Paracentrotus lividus) eta itsas izarrak (Asterias rubens, ...), bai Mollusca filumekoak (Littorina sp., Gibbula sp., etab.), bai Crustacea klasekoak, aipagarrienak izkirak (Palaemon serratus), sabelalde leuna dutelako marraskiloen maskor hutsak okupatzen dituzten karramarro ermitariak (Clybanarius erythropus) edo gizakiaren ustiakuntza basatia dela eta aurkitzen gero eta zailago diren lanpernak (Lepas anatifera), bai Osteichthyes klaseko zenbait arrain ere, aipagarrienak kabuxa (Blennius sp.) eta haitzetara itsasteko sabelaldean organo eranskorra duen lapatia (Lepadogaster lepadogaster) izanik, agertzen dira.

Ekosistema honen deskribapena bukatzeko, urte osoan zehar edo migrazio-garaietan bertako baliabideak erabiltzen dituzten hegazti-espeziak aipatu behar dira. Lehenengoetakoak dieta osatzeko batez ere karramarroak harrapatzen dituzten kaio hankahoria (Larus cachinnans), antxeta mokogorria (Larus ridibundus) eta kaio iluna (Larus fuscus) dira. Bigarrenetakoak berriz, muskuiluz elikatzen den itsas mika (Haemantopus ostralegus), krustazeo eta molusku txikiez elikatzen diren harri-iraunlaria (Arenaria interpres) eta txirri iluna (Calidris marina),eta arrainak jaten dituzten ubarroiak (Phalacrocorax carbo) sartuko genituzke.

Labarretako ekosistema

Azken urte hauetan ikaragarri ugaldu da ubarroi handia (Phalacrocorax carbo) Txingudin, Abbadiako dunbarrietan dagoen negu-koloniari esker. (Argazkia: M. Estonba).

Urradura-plataformaren gainean, itsas goraldiaren mailatik gora, Abbadian higaduraren ondorioz aldapa gogorrak dituen itsas labarretako ekosistema agertzen da. Lehen aztertu dugun marearteko ekosisteman bizi-baldintzak ezartzen zituen faktorerik garrantzitsuena olatuen indarra baldin bazen, labarretako ekosisteman faktore honek eragin minimoa du, eta beste zenbait faktorek eragiten diote inguru hauetako biziari. Dena den, labar osoan faktore guztiek eragin berdina ez dutenez, landare-gradiente nabaria agertzen da, bertan bi alde nagusi bereiz daitezkeelarik: itsasotik gertuen dagoen labar harritsua (ezponda) eta erlaitzez osaturiko belar-aldapa.

Lehenengoan hauexek dira bizi-baldintza gogorrak:

  • Ozeanoaren eraginez, higadura oso handia da, landareek behar duten lurzorua eratzea galarazi egiten delarik.
  • Bestalde, gazitasun handiko uhin-zipristinek, landareei osmosi-arazoak sortzeaz gain, dagoen lurzoru urria ere eraman egiten dute.
  • Haizeak gogor jotzen dueneko inguruak direnez, alde batetik ezinezkoa da altuera handiko landareak haztea, eta bestetik lehortasuna nabaria da; haizeak eta eguzkiak ebapotranspirazioa areagotu egiten baitute.
Abbadia ingurune ezin hobea da hegazti itsastarren migrazioa aztertzeko. Hona hemen zanga (Sula bassana) espezieko hiru ordezkari gazte. (Argazkia: G. Gorospe).

Faktore guzti hauen eraginez, labar harritsu hauetan aurkitzen dugun landaredi urria balio ekologiko handikoa da; eboluzioaren bidez labar hauetako arteka eta arrailduretan bizitzeko moldaera desberdinak izan baititu. Ingurune hauetan bizi ohi diren landareak itsas mihilu (Crithmum maritimum) eta itsas plantania (Plantago maritima) belar-espezieetakoak dira. Dena den, itsasotik gertuen dagoen eskualdea gogorregia denez (baita belar-espezie hauentzat ere) hemen Xanthoria parietina eta beste zenbait liken-espezie besterik ez da agertzen.

Gorago, aldapa eta itsasoaren eragina leuntzen diren heinean, landare-estaldura handiagotuz doa, lurzoru-metaketa ere errazten delako. Alderdi hauek Festuca rubra gramineoaz estalita daude, tartean beste zenbait espezie ere agertzen delarik; esate baterako: San Joan lorea (Leucantemum crassifolium), itsas azenarioa (Daucus gummifer), betibizi horia (Helichrysum stoechas) edo zauribelarra (Anthyllis vulneraria). Eskualde hauetan agertu ohi da zuhaitz-itxura duen milazka frantsesa (Tamarix gallica) ere, baldintza gogor hauetan bizi den eite handiko landare bakarra delarik.

Bestetik, ekosistema honek dituen bizi-baldintzak gogorrak badira ere, inguru egokiak dira, bai zenbait hegaztik bertan habia egiteko eta bai migratzaile eta negutar ugariei babesa eta atsedena eskaintzeko.

Abbadian landare-espezie babestua den krabelina. (Dianthus gallica). (Argazkia: J. Bost).

Habiagileei dagokienez, erroia (Corvus corax), belatz gorria (Falco tinnunculus), buztan gorri iluna (Phoenicurus ochruros), txepetxa (Troglodytes troglodytes) eta enara azpizuria (Delichon urbica) dira Abbadiako labarretan txitak aurrera ateratzen dituzten hegazti-espezieak. Aipamen berezia merezi du ekaitz-txoriaren (Hydrobates pelagicus) kasuak. Egunez itsasoan planktonez elikatu eta gauez kostaldera hurbiltzen den hegazti pelagiko honek, itsas irla eta harkaitzetan eraiki ohi du bere habia. Abbadian dagoenik ziurtatzerik ez badago ere, Eduardo Minguezek espezie honi buruz Euskal Herriko kostaldean egindako lanaren ondoren (lan honetan hegazti-espezie honek Hego Euskal Herriko irla eta harkaitz gehienetan habia egiten duela frogatu du), Abbadiak ekaitz-txoriei baldintza ezinhobeak eskaintzen dizkiela esan daiteke. Beraz, hona hemen ornitologoei zuzendutako erronka berria.

Migratzaileen artean, bi dira aipagarrienak: Belatz handia (Falco peregrinus) eta harkaitz-txoria (Tichodroma muraria).

Landa-ekosistema

Landako diapositiba honetan, Abbadiaren ezaugarri diren landare autoktonoekin batera [(Ainarra burusoila (Erica vagans) eta arbustu arrunta (Ligustrum vulgare)], giza eraginez sartutako landare-espezie desberdinak ikus daitezke [Baccharis halimifolia, panpa-lezka (Gortadiera selleonea) eta haltza italiarra (Alnus cordata)]. (Argazkia: J. Bost).

Goialdean, aldapa desagertzen den aldean, itsasoaren eragina hutsaren hurrengoa da. Haizea da bizitzarako baldintzak ipintzen dituena. Hala ere, atmosferako gazitasuna oraindik altu xamarra denez, hemen dauden landareek (landaredia aerohalino izenez ezaguna), bai haizeak ezartzen dituen baldintza gogorrei eta bai atmosferako gazitasun altuak sortzen dituen arazoei aurre egiteko moldaera egokiak dituzte. Ezaugarri hauek direla eta, inguru hauetako landaredia, almoadatxo itxurako ordezkapeneko zuhaiska-komunitateez osaturik dago.

Dena den, ingurune honetan bi eremu desberdin bereiz daitezke, gainerako inguruneetan gertatzen den modura. Hemen ere, haizearen eta gazitasunaren eragina zenbat eta itsasotik gertuago egon, hainbat eta handiagoa da eta landare-grandiente berria sortzen da.

Haizetik babesteko lehenengo eremuko landareek sortzen duten hosto eta adarren bilbapenari esker, gorago heltzen den haizearen indarra askoz ahulagoa da, hartara bigarren eremuan landare-dibertsitatea handiagoa delarik.

Arkakaratsa (Rosa sempervirens). (Argazkia: J. Bost).

Zuhaiska-landa itsastarra izenez ezaguna den lehenengo zatian, bertako landare diren ainarra burusoila (Erica vagans), endalaharra (Smilax aspera), otxar basatia (Rubia peregrina), albitz-belarra (Brachypodium pinnatum) eta basoetako atxaparra (Lonicera periclynenum) ezezik, gizakiaren eragina nabaritzen hasten da; kanpotik ekarritako Baccharis halimifolia zuhaiska ere, ugaria baita.

Honen ondoren agertzen den eremua, labar goialdeko landa izenez ezagutzen da. Landare-dibertsitate handiko inguruak dira. Alde batetik, bizi-baldintzak leundu egiten direlako (moldaera bereziak ez dituzten landare-espezie ugarien iraupena segurtatuz), eta bestetik, landa etengabeko bilakaeran dagoen ekosistema delako. Gainera ezin da ahaztu Abbadiako kokapen biogeografikoa (eskualde Eurosiberiarraren eta mediterraniarraren artean kokatuta baitago) eta gizakiaren eraginez jasan duen ustiakuntza-modu desberdinak direla eta, bertan hiru jatorriko landare-espezieak agertzen direla: atlantiarrak, mediterraniarrak eta exotikoak.

Landa hauetan honako garapen-maila hauek aurkituko ditugu:

Belardia

Gurbitza (Arbustus unedo). (Argazkia: J. Bost).

Fase honetan belar-forma duten landareak nagusi dira. Ugarienak albitz-belarra (gramineoa), ainarra burusoila eta iratze arrunta (Pteridium aquilinum) dira, zenbait lekutan babestuta dagoen krabelina (Dianthus gallicus) agertu ohi delarik.

Abarrartea

Belarrak zuhaiska-itxurako landareek ordezkatzen dituzte. Maila honetako landare gehienek lehen aipatutako adarren bilbapena ezezik, arantzak ere badituzte belarjaleengandik babesteko, leku hauek landa osoko lekurik latzen bihurtuz. Egitura hau gauzatzen duten landareak honako espezie hauek dira: endalaharra, otxar basatia, basoetako atxaparra, zuhandor gorria (Cornus sanguinea), arkakaratsak (Rosa sempervirens eta Rosa canina), laharrak (Rubus fruticosus eta Rubus caesius), aihen zuria (Clematis vitalba), otea (Ulex europaeus), arbustu arrunta (Ligustrum vulgare), gizakiaren eraginez sartutako panpa-lezka (Cortaderia selleonea), kanabera (Arundo donax) eta Baccharis halimifolia zuhaiska halofiloa ahaztu gabe.

Arboladia

Antoine Abbadia ingurune osoa baso bihurtzen saiatu zen, horretarako Austriako pinuak erabiliz. Gaur egun amets haren enbor hil batzuk besterik ez daude.
M. Estonba

Basoaren aurreko mailako garapen-fase hau, neurri handi batean basoa osatzen duten landare berdinez osaturik dago. Desberdintasuna zuhaitzen adinean datza. Horregatik, hirugarren fase honen, eta garapenez landaren laugarren fasetzat har daitekeen, baina hemen ekosistema moduan aipatuko dugun basoaren arteko muga ipintzea oso zaila da; bietan agertzen baitira ametzak (Quercus pyrenaica), lizarrak (Fraxinus excelsior), sahats ilunak (Salix atrocinerea) eta ostartxak (Acer pseudoplatanus). Dena den, hirugarren maila honetan, hurrengoan nekez agertzen diren elorri zuria (Crataegus monogyna), gurbitza (Arbutus unedo), txorbeltza (Rhamnus alaternus) eta beste zenbait landarek lagunduko digu bi fase hauek bereizten.

Hegazti-dibertsitatearen aldetik ere, guztiz desberdina ez den arren, fase honetan agertu ohi den zenbait hegazti-espezie gutxiago azaltzen da basoan. Adibidez, hemen habia egiten duten kukua (Cuculus canorus), txorru arrunta (Carduelis chloris) eta lepitzulia (Jynx torquilla) edo neguan baizik egoten ez diren antzadobi arrunta (Lanius collurio), tarina (Carduelis apinus), berdantza horia (Emberiza citrinella) eta mendi-berdantzarena (Emberiza cia).

Landa-faunaren ordezkaririk ikusgarriena, hala ere, untxea da. Landa-ekosistemak eskaintzen dituen baliabide ugariez baliatzen den ugaztun belarjale honek, Abbadia babesleku bihurtu denetik, ikaragarri handitu du bere populazioa, eta gaur egun nonnahi ditugu espezie honetako aleak.

Baso-ekosistema

Urkabeko basoak beste hariztietatik bereizten duen ezaugarri ugari du, horietako bat landare igokarien ugaritasuna delarik. Ezkerte zuria (Calystegia sepium). (Argazkia: J. Bost).

Landa-garapenaren azken maila, belar-estratuak bere maila minimoa duen bitartean zuhaitzak nagusitzen direneko baso-ekosistema da.

Abbadian, ekosistema honetako ordezkaririk garrantzitsuena ekialdean mantendu den Urkabeko basoa da. Dena den, baso honetan ere, nabariak dira historian zehar lurrek jasan dituzten gestio-aldaketak.

Hasiera batean, Urkabe zenbait landare-espezie mediterraniar eta landare igokaritan [(batez ere, endalaharra, arkakaratsa, huntz arrunta (Hedera helix) eta basamahatsondoa (Vitis sylvestris)] joria izateagatik, landare-estratu aberatseko harizti atlantiarra zen. Urteekin, gazteluaren inguruan Antoine Abbadiak landatutako espezie exotikoek (palmondoek bereziki) Urkabe kolonizatu egin zuten. Horretxek eman zion, lehenaz gain, gaur egun duen oihan tropikalaren itxura.

Argi dago, halako landaredi oparoa duen ekosistemak, faunari txoko ekologiko ugari eskaintzen diola, gehienak hegazti-espezie desberdinek bete dituztelarik; basoaren hedadura txikiak eta giza presio handiak galarazi egiten baitute ugaztun gehienak egotea.

Landare igokarien, sasi eta espezie exotikoen ugaritasunak oihan tropikalaren itxura ematen diote Urkabeko basoari.
M. Estonba

Hegaztiei dagokienez, basoan, gainerako alderdietan gertatzen den fenomenoaren aurkakoa dago, hau da, ugariagoak dira habiagileak negutarrak baino. Lehenengoetan ugarienak honako hauek dira: txepetxa (Troglodytes troglodytes), zozoa eta birigarroa (Turdus merula eta Turdus Philomelos),txio arrunta (Phylloscopus collybita ibericus), erregetxo bekanzuria (Regulus ignicapillus), txantxangorria (Erithacus rubecula), kaskabeltz handia eta amilotx urdina (Parus major eta Parus caeruleus).... Negutarren artean, berriz, euli-txori grisa eta beltza (Muscicapa striata eta Ficedula hypoleuca), buztanluzea (Aegithalos caudatus) eta kaskabeltz txikia (Parus palustris) dira aipagarrienak.

Abbadian, Urkabez gainera, ekosistema honen beste ordezkari bat "Oihan ttiki" izeneko zelai erdian dagoen basoa da. Hala ere, bien arteko desberdintasuna nabaria da; Oihan ttiki Abbadia jaunak basoa labarretaraino eramateko ametsaren ondorioa baita. Oihan ttikik ez du Urkabek dituen behe-estratu aberatsak; hasiera batean paseatzeko (eta gaur egun ardiak bazkatzeko) erabili izan baita.

Larreak:

Larreak baso-ekosistemaren lehenengo eboluzio-fasea besterik ez badira ere, gizakiarentzat duten garrrantzia dela eta asko zabaltzea lortu dute. Ez Abbadian bakarrik; Euskal Herri osoan baizik.

Baso honek eskintzen dituen baliabide ugariek hegazti-espezie desberdin asko erakartzen dituzte. Txantxangorria (Erithacus rubecula). (Argazkia: M. Estonba).

Ornitologi ikuspegitik ere, balio handiko inguruneak dira, bertan zenbait hegazti habiagilek, eta hainbat migratzailek ere bai, dieta osatzeko adina elikagai aurkitzen baitu. Neguan, adibidez, Abbadiako zerua egokia izaten da harrapari desberdinak beren harrapakinen zelatan ikusteko. Horien artean ugarienak zapelatz arrunta (Buteo buteo), Miru gorria eta beltza (Milvus milvus eta Milvus migrans) eta belatz gorria (Falco tinnunculus) direlarik.

Dena den, ez dira harrapariak Abbadiako larreetan gehien ikusten diren hegaztiak; tamaina txikiagoa dutelako, sarritan ustegabean pasatzen diren birigarroa eta birigarro txikia (Turdus philomelos eta Turdus iliacus), negu-txirta (Anthus pratensis), buztanikara zuria eta horia (Motacilla alba eta Motacilla cinerea), pitxartxar burubeltza (Saxicola torquata), hegabera (Vanellus vanellus) eta istingorra (Gallinago gallinago) baizik. Aipamen berezia merezi du faisaien (Phasianus colchicus) ugaritasunak; Abbadiako hegazti ikusgarrienetakoak baitira.

Zelaiek gaur egun duten hedapena eta zeregina ulertzeko, derrigorrezkoa da lur hauen historia ikertzea, inguruaren ekologia eta gizakiak eragindako aldaketak ezin direlako bereizi.

Antoine Abbadia lur hauen jabe egin zenean, ordurarte abeltzantzarako erabiltzen ziren zelaiak ezezik, landak ere baso bihurtzen saiatu zen, ingurugiro-faktoreak alde batera utziz. Normala denez, Naturak bere baldintzak ezarri zituen, eta Abbadia jaunak ezin izan zuen bere ametsa gauzatu.

Mende honen hasieran, zelaiek bere hedapenik handiena lortu zuten; Abbadian itsas ondoko Europako lehenengo golf-zelaia egin baitzuten, Bigarren Mundu Gerrara arte horrela mantendu zelarik. Orduan, alemaniarrek gazteluaren jabe egin, eta labarraren goialdean bunker ugari eraiki ezezik, lur osoa minaz bete zuten. Abbadiatik alde egin behar izan zutenean, lehertu egin zituzten mina guztiak. Leherketa haiek zulo ugari sortu zuten, eta haiei esker berreskuratu da zuhaiska-landa itsastarra; zuloen eraginez larreak ezin baitziren labarreraino iritsi.

Hale ere, Abbadia babesteko erabakia hartu zenean, sortu zen arazorik larriena kontserbazioaren eta garai hartan nagusi zen abeltzantza-ustiapenaren arteko bateragarritasuna gauzatzea izan zen. Izan ere, kontserbazioa balio ekologikoa hobetuz landare-dibertsitatea emendatzen saiatzen den bitartean, abeltzantzari zuhain-balioko belarrak haztea baino ez baitzaio interesatzen. (Ikus ale honetako "Itsasbazterraren Babesa. Parajeak Eskuratzeko Interesa" artikulua).

Irtenbidea, gaur egun Abbadiako arduradun den “Conservatoire de l´espace littoral et des rivages lacustres” izeneko erakundeak lortu zuen, larre bakoitza zertan erabili erabaki zuenean. Ustiapen-motaren arabera, Abbadiako larreak lau taldetan banatu ziren:

  1. Ardiak larratzeko erabiliko zirenak.
  2. Belarra mozteko larreak.
  3. Urtaroaren arabera aipatutako lehenengo edo bigarren eginkizuna beteko zutenak.
  4. Landareen eboluziorako utziko zirenak.
Abbadiako lurrak babesleku izendatu ondoren, konpondu beharreko arazorik larriena kontserbazioa eta abeltzantza-ustiakuntzaren arteko bateragarritasuna gauzatzea zen. Horretarako larre bakoitzari ustiakuntza-mota definitu zitzaion.
J. Bost

Lehenengoetan ardiak aske egon daitezke, eta horrela artzaiak belar horien zuhain balioa aprobetxatzen du. Bigarrenetan, belarra ardiei emateko erabiltzen bada ere, ardiak ezin dira sartu eta belarra moztu egiten da. Hori bai, loratu eta fruitua eman ondoren mozten da, horrela biodibertsitatea mantendu egiten delarik. Hirugarrenetan, urtaro eta artaldearen beharren arabera, baimentzen zaie ardiei bertan sartzea, edo bestela belarra moztu egiten da. Azkenik, laugarren taldea Urkabeko basoaren ekialdean kokatuta dagoen zelai txikiari dagokio. Honetan gainera zelaiekiko urrun egonik eta zuhaiska-landa itsastarraren eboluzio ekologikoaren azterketa sakonak gerorako proiektuetan izango lukeen balioa kontutan hartuta, era naturalean eboluzionatzen uztea erabaki zen.

Artikulu hau irakurritakoan, irakurleek kostaldeko eskualdeen balio ekologiko handiez jabetzea ezezik, azken bolada honetan gure kostaldea ikaragarri aldarazteko sortzen ari diren proiektu ugariez (kirol kaiez, urbanizazioez, eraikuntzez) arduratzea ere eskatu nahiko genieke; ingurune hauek gure ondare ekologikoaren zati garrantzitsua direla benetan uste baitugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia