}

Abbadiako behatokia

1993/08/01 Telletxea, Martin Iturria: Elhuyar aldizkaria

1880an Antoine Abbadiak, astronomizale sutsua zenak, lente meridiano bat instalatu zuen gazteluaren mendebaldean, horretarako prestaturik zegoen areto handi batean.

Tresna horri esker, izarren higidura eta posizioa zehaz zezakeen. Zirkuluak gradu ehundarretan zatiturik daude, eta ez hirurogeitarretan, ohizkoa den bezala. Abbadia jauna saiatu zen angelu eta denboraren zatiketa hamartarra sartzen, baina ez zuen horretan arrakastarik izan.

1896an Zientzi Akademiari egindako dohaintzan Abbadiak honako hau adierazi zuen: “behatokiak 500.000 izarren katalogoa argitaratu eta zabal dezala”. Lanaren oparotasunaz jabetuta, erlijiosoek burutu zezaten eskatu zuen, horiek “mundu honetako buruhausteetatik at daude” eta. Aldi berean, behatokiko zuzendari oratoriano belgikar bat jarri zuen: Verschaffel aita. Estatu Kontseiluak, ordea, eskatutako klausula baztertu egin zuen eta Antoinek bere dohaintza aldatu egin behar izan zuen. Zientzi Akademiak, ordea, bere nahia errespetatu egingo zela segurtatu zion.

Antoine 1897an hil zen eta Behatokiak ordurako oso ongi funtzionatzen zuen. Verschaffel aitak, astronomo irudimentsua berau, berak asmatu zuen lehen kronografo erregistratzailea.

Bertako gazteak trebatu izanaren meritua du; lente meridianoa abilezia handiz maneiatzen baitzuten.

Lehen argitalpenak 1902an agertu ziren. Mundu-gerraren hasiera arte ihardun zuten, ordurarte 26 izar-katalogo argitaratu zirelarik, Abbadiako Behatokiari astronomi munduan ospea emanez.

Alemanak sartu zirenean, lanak bertan behera geratu ziren.

Gerra amaitu ondoren, Akademiak Behatokia konpontzea erabaki zuen. Bordeleko Behatokiaren laguntzaz, mikrometro inpertsonal batez eta material elektroniko modernoaz hornitu zen lentea.

1962an, Behatokia berriro hasi zen martxan eta Nazioarteko Astronomi Batzordearen babesean bi programa erraldoitan hartu zuen parte: SRJ programan, Estatu Batuetako Washingtongo Itsas Armadaren zuzendaritzapean eta P. 2. T. izenekoan, Tokioko behatokiarekin.

P. Gascouat

C.N.R.S.k (Ikerketa Zientifikorako Zentru Nazionalak), pertsonalaren eta materialaren finantzazioa segurtatzen duenak, 1975ean behatoki txiki guztiak, Abbadiakoa barne, ixteko agindua eman zuen, bere aurrekontua proiektu handitan hobeto banatzearren. Frantzian lente meridiano bakar bat geratzen da: Bordeleko Behatokikoa, garai hartan esperimentala bazen ere gaur egun lanean ari dena. Tresna hau erabat automatizatuta dago eta aurrerapen tekniko ederren adierazgarri da: informatika eta elektronikaren elkarketarena, hain zuzen ere.

Abbadiako Behatokiko azken zuzendaria, Magondeaux-ko kalonjea, kontenplazio-bizimodura erretiratu zen eta fraide-gela eta gazteluko kaperan igaro zuen denbora.

Lente meridianoa, bere zeregina beteta eta aurrerantzean geldirik, oso present dago etxekoek babestuta. Noizbehinka bere historia kontatzen digu: ikusi duena eta ikusi ez duena ere bai. Behin batean, Antoinek, errefrakzio-konstantearen kalkuluaz kezkatuta, neurriak lortzeko Larrungo (behatokiaren bestaldean kokatutako mendiko) gailurrari begiratu nahi izan zion. Bere esperientzia burutzeko, gazteluko harrizko pareta lodietan zulo biribilak egin zituen ekialdetik mendebalderantz.

Argi-difrakzioaren ondorioak ongi ezagutzen ez eta, ezer ez zuen ikusi (beltztasuna ezik). Bere hutsa ezkutatzeko asmorik gabe, azken zuloaren azpian harrian honako hitz hauek grabatu zituen: “ez ikusi, ez ikasi.” Nolabaiteko apaltasuna begi-bistan jartzen duten hitzak dira, umore-dosi txiki batez hornituak. Bere modura, humanista jakintsu zen Abbadiak keinu eder bat egiten digu; lentea izan baitzen hura ikusi zuena!...

Lente meridianoa
Lentearen tutua kubo baten bidez lotutako bi kono-enborrek osatzen dute. Mutur batean objektiboa dago eta bestean okularea. Lentea oso euskarri sendoan apoiatua dago zeharkako ardatzaren bitartez. Ardatz horren inguruan bira dezake lenteak, baina beti ere plano meridianoan, hau da, ipar-hego norabidean. Biraketa-ardatz horizontalak diametro handiko bi gurpil ditu alde banatan eta hauetan zehaztasun handiko zatiketa duten zirkuluak daude. Meridianotik pasatzen den astro bat ikusitakoan zirkulu hauetako irakurketa eginez, bere koordenatuekuatorialak kalkula daitezke. Behaketa meridianoak oso garrantzitsuak dira izar-katalogoak egiteko eta, beraz, astronomiarako.Abbadiako lentearen ezaugarri bereizgarria, zirkuluak gradu hirurogeitarretan zatituta egon beharrean, ehundarretan zatituta egotean datza. Hauxe da ezaugarri hau duen teleskopio bakarra.
J.P. Labrousse

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia