}

A Cassiopeiari gaztetasun-zantzuak aurkitu dizkiote

2009/11/05 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Orain dela denbora gutxi sortu zelako da A Cassiopeia neutroi-izarra ezagutzen diren gainerako neutroi-izarrekiko desberdina. Hori uste dute Southampton Unibertsitateko bi astrofisikarik, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte ideia hori babesteko frogak.

A Cassiopeia orain dela 330 urte behatu ahal izan zen supernoba baten aztarnei esaten zaie; besteak beste, supernobetan sortu ohi den neutroi-izarrari. Ezagutzen diren neutroi-izarrek, ordea, A Cassiopeiak ez duen ezaugarri bat izaten dute: hidrogenoz osatutako atmosfera. Supernoba gertatzean, izarren nukleoak izugarri konprimitzen dira kolapsatutakoan, eta, sortzen den eremu magnetikoa hain handia denez, geruzak sortzen dira izar horien aztarnetan. Hala, elementurik arinenak azalera ateratzen dira, eta hidrogenozko atmosferak sortzen dituzte.

A Cassiopeia neutroi-izarrak, berriz, karbonozko atmosfera du hidrogenozkoa beharrean. Ikertzaileek uste dute supernoba orain dela oso denbora gutxi izan zelako gertatzen dela hori. Azaldu dutenez, supernobak gertatzen direnean izugarri tenperatura handiak hartzen dituzte izarrek, neutroi-izar helduek izaten duten tenperatura baino askoz handiagoak. Hain tenperatura handietan, oraindik ere fusio nuklearra gertatzen ari da, eta egon daitekeen hidrogenoa eta helioa karbono bihurtzen ari da. Baina denbora aurrera joan ahala, eta izarra hozten joan ahala, pentsatzen dute hidrogenozko atmosfera izatera iritsiko dela A Cassiopeia, neutroi-izar helduen antzera.

Irudia: NASA/CXC/MIT/UMass Amherst/M.D. Stage et al.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia