9. Zuk ez ezagutzeak ez du esan nahi existitzen ez denik
2020/11/12 Elhuyar Zientzia
Argi dago pertsona batek ezin duela dena jakin. Izan ere, zientzialariek ere ez dute zientziaren arlo guztiei buruzko prestakuntza, arlo jakin batzuetan espezializatzen baitira. Baina zerbait ez ezagutzeak edo zerbaiti buruz ezer ez jakiteak ez du esan nahi existitzen ez denik; bakarrik adierazten du gai horri buruz ez dakigula ezer.
Eta hori ez da txarra, ezjakintasun hori gaiari buruzko jakin-mina pizteko gai baldin bada; hau da, premisak ezagutzeko, inferentzia (premisetatik ondorio batera heltzeko prozedura) egokien bidez argudioak hausnartzeko eta ondorioak ateratzeko, kausen eta ondorioen arteko erlazioa aztertzeko, eztabaida sustatzeko eta hainbat informazio-iturri kontrastatzeko baliagarri baldin bada.
Baina badira ezjakintasunak deseroso sentiarazten dituen pertsonak ere, ezjakintasun hori harrokeriaren bidez ordezten saiatzen direnak, zalantzan jarriz ezagutzen ez duten hori, funtsik gabeko informazioak erabiliz argudio gisa, eta beste batzuen ezagutza ere ukatuz.
Gaur egun asko dira, koronabirusaren inguruan dagoen ezjakintasunaren aurrean, zientziak poliki-poliki argitzen duen informazioa zalantzan jartzera ausartzen direnak.
Koronabirusaren inguruko horrelako esaldi pila entzungo zenituen ziur asko: “Musukoaren erabilerak ez du ezertarako balio”, “Pandemia ez da existitzen”, “Sars-Cov-2a laborategian sortutako birusa da”, “Asintomatikoek ez dute birusa kutsatzen” eta abar. Bada, inolako oinarri zientifikorik gabeko baieztapenak dira, eta, nahiz eta oraindik asko dugun ikasteko koronabirusari buruz, zientzia gai da horiek guztiak ezeztatzeko, metodo zientifikoa erabiliz sortutako ezagutzarekin.
Koronabiruaren negazionistek, Lurra laua dela defendatzen duten “terraplanistek” eta sasizientzietako jarraitzaileek funtsik gabeko argudioetan oinarritzen dituzte beren baieztapenak, metodo zientifikoa erabili gabe. Metodo zientifikoa erabiliz erauzten den ezagutza ordea, poliki-poliki sortzen bada ere, sendoagoa izango da ezjakintasunetik bat-batean eta funtsik gabeko argudioekin sortutakoa baino. Gainera, ebidentzietan oinarritutako ezagutza denez, oso erabilgarria izango da funtsik gabeko baieztapenei aurre egiteko.
Pentsalari kritiko batek ezer ez dakien zerbaiti buruzko informazio bat jasotzen duenean, ez ditu esango burura datozkion lehenengo ideiak eta iritziak, gai horri buruzko bere ezjakintasuna ezkutatzeko asmo hutsez. Ezjakintasuna onartu, eta gaiari buruz ikasten saiatuko da. Horretarako, jasotako informazioa beste iturri batzuekin kontrastatuko du, eta beste pertsona batzuek (adituek/komunitate zientifikoak) horri buruz duten iritzia ezagutzen saiatuko da. Eta hori ez du aplikatuko informazio zientifikoak jasotzen dituenean soilik; izan ere, berdin-berdin joka dezake edonork egunerokoan jasotzen dituen informazioekin.
Bada beste falazia bat hemen azaltzen denarekin estu lotua: Argumentum ad ignoratiam deritzo. Falazia horrek dio defendatzen den ideiaren kontrako ebidentziak ez ezagutzea aldeko ebidentzia bat dela. Beste modu batera esanda, informazio bat defendatzen saiatzen da kontrakoa frogatzen duen ebidentziarik ez dagoela argudiatuz. Falazia hori erabiltzean, beraz, argudioak ez dira ezagutzan oinarritzen, ezagutza faltan baizik; hau da, ezjakintasunean. Adibidez: “Inork ez du frogatu beste planeta batzuetan bizia dagoenik; beraz, ez dago”, “Mamuak existitzen dira, inork ez baitu frogatu ez direla existitzen”, “Inork ezin du frogatu astroek ez dutela eraginik gure bizitzan; beraz, astrologiaren iragarpenak egiazkoak dira” eta abar.
Aurrekoagatik guztiagatik, ezagutzen ez dugun gai bati buruzko informazioa jasotzen dugunean, gaiari buruzko gure ezjakintasuna agerian uztea mehatxutzat hartu beharrean, ikasteko aukera gisa hartu behar dugu, betiere ebidentzietan eta iturri fidagarrietan oinarrituz.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.