9 milioi erizain gehiago behar dira osasun-estaldura unibertsala lortzeko
2020/01/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtea izendatu du 2020a. Haren hitzetan, zeregin erabakigarria dute osasungintzan erizainek eta emaginek, harreman zuzena eta eraginkorra baitute herritarrekin osasun-aholkuak emateko, familia-plangintzan parte hartzeko, zein txertoak jarri eta gaixoen zaintza jarraia egiteko. Hortaz, 2030erako garapen jasangarriaren helburuak gauzatu eta osasun-estaldura unibertsala lortzeko, munduan 9 milioi erizain gehiago behar direla jakinarazi du OMEk. Batetik, pazienteak zaintzeko baliabide gehiago izan ditzaten, baina baita osasun-politikan parte hartu eta erantzukin-postuetan ardurak har ditzaten ere.
Izan ere, 2030rako garapen sostengarrirako helburuen artean daude, besteak beste, familia-plangintzako zerbitzuetarako sarbide unibertsala ziurtatzea; bost urtetik beherako haurren heriotza-tasa % 2,5era murriztea; hiesaren, tuberkulosiaren eta malariaren epidemiak amaitzea; botika eta txerto seguruak denon eskura jartzea; substantzia adiktiboen gehiegizko erabilera saihesteko neurriak indartzea; eta nabarmen murriztea airearen, uraren eta lurraren kutsaduraz gaixotutako eta hildakoen kopurua.
Hala, erizainak XXI. mendeko osasun-erronken erdigunean jarri beharko liratekeela dio OMEk. Gogorarazi du osasun-langileen % 50 osatzen dutela. Are gehiago, herrialde askotan, zerbitzu medikoetarako lehenengo zerbitzu eta bakarra ere izaten dira. Ezagutza teknikaz gain, intuizio eta sentsibilitate handia eskatzen duen lana da erizain eta emaginena; esaterako, gaixoak zaintzeko, edo erditzen ari diren emakumeak eta heriotza ate-joka duten pertsonak laguntzeko. Haien lanak ikusarazi eta indartzeko beharra aldarrikatu du OMEk.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia