}

400 metroko altueradun globoan estratosferara

2002/07/10 Elhuyar Zientzia

Britainia Handiko bi pilotuk estratosferaraino igo nahi dute globo batean, Lurretik 40 km-ra. Horrela, aurretik zegoen errekorra gainditzea dute helburu.

Globoak 400 metroko altuera izango du, eta polietileno oso fin eta iraunkorrez egina egongo da, estratosferako kondizio gogorrak jasateko egokia baita. Gainera, bidaiarien ontzia estali gabea izango denez, jantzi bereziak beharko dituzte pilotuek. Astronautek ibilaldi espazialetan erabiltzen dituzten antzeko jantziak izango dira, altuera horretan -73º C inguruko tenperaturak eta oxigeno eza ohikoak baitira.

Guztira,12 orduko bidaia izango da. Britainia Handiko hego-mendebaldeko kostatik, Cornwall ingurutik, aterako dira, eta hiru orduz igo ostean, beste sei ordu izango dituzte estratosferan egoteko.

Estratosferan dauden bitartean, Lurraren kurbatura atzemateko gai izango dira, eta milaka argazki atera eta bideoak filmatzeko asmoa daukate. Horretaz gain, altuera horretako tenperaturari, presioari eta erradiazioei buruzko datu baliagarriak hartuko dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia