}

35 urte bete dituen txoria

2002/10/11 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Duela 35 urte eraztuna ipini zioten itsas mika harrapatu dute Britainia Handian. 1967an jarri zioten eraztuna Ingalaterra hegoaldean, Wainfleet deitzen den inguruan. Norvegiako koloniaren batean jaio eta bere lehen migrazioan markatuko zutela uste dute ornitologoek. Urtero Ingalaterra eta Norvegia bitartean eginiko migrazioetan, guztira 270.000 kilometro bidaiatu dituela kalkulatu da.

Itsas mika molusku, zizare eta antzekoez elikatzen da, kostaldeko hondartza eta harkaitzetan. Bere elikagai-motagatik ez dute oso begi onez ikusi izan, ostrak eta antzekoak hazten dituztenek batez ere. Britainia Handian, esaterako, luzaroan ehizatu izan dute gehiegizko populazioa zegoela argudiatuta. Hala ere, gaur egun babestuta dago txori hori.

Migratzailea da, Europatik Afrikara joaten da negua pasatzera, baina gero eta gehiago dira, migratu ordez, urte osoa leku berean igarotzen dutenak. Kantauriko kostaldean, adibidez, nahiko populazio egonkorrak daude, eta, dirudienez, azken urteetan gehituz doa ale-kopurua.

Aurkitu berri den aleak txori-espezie horretan adin-errekorra lortu badu ere, ez da txorien artean gehien bizi den hegazti-espeziekoa. Albatrosak, esaterako, 60 urte bizi izatera heltzen direla jakina da.

Badirudi, oro har, itsas txoriek lurtarrek baino bizitza luzeagoa dutela. Horren arrazoi nagusia itsasoan espezie harrapari gutxiago egotea izan daiteke. Itsasoan kondizio klimatikoek agintzen du, baina lurreko txorientzat gauzak oso bestelakoak dira. Harrapari gehiago izateaz gain, gizakiaren eragina oso nabarmena da lurrean, eta hamar urte baino gehiago bizi den txori lurtarren bat aurkitzea oso zaila omen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia