
BBCk Jean-Philippe Trenque izendatu du 2005eko argazkilari onena. Trenquek oso irudi ikusgarriak jasotzen ditu bere argazki-kamerarekin, eta bere web gunean jartzen ditu ikusgai (eta salgai).
Kalitate bikaina dute Trenqueren argazkiek. Ikusgarrienak, agian, ur azpian ateratakoak dira. Eta ur azpiko argazki bati esker eman diote saria BBCkoek, barrakuda-sarda horri ateratakoagatik, hain zuzen ere.
Izendapen horren ondoren, jende askok eskatu omen dio argazki horren neurri handiko kopia bat. Hori dela eta, kopia batzuk saltzeko asmoa agertu du argazkilariak. Salmentan ateratako irabazien erdia Scuba Trust izeneko taldeari emango omen dio. Minusbaliatuei ur azpiko mundua ezagutaraztea du helburu talde horrek.
Rementeria Argote, Nagore
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.