}

2003: zientziaren emaitzak

2003/12/27 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Akabo. Eman duena emanda, joan da urtea. Horrelako uneak —ziklo baten hasiera-bukaerak, trantsizioak— egokiak izan ohi dira atzera begiratu eta joandako denboraren argazki orokorra egiteko. Bizitzaren arlo guztietan gertatzen dira horrelakoak; zientzian ere bai. 2003 urtearen zientziarik gabeko argazki zientifikoa segidan.

Pneumonia atipikoari lehen argazkia. Flash barik, zoritxarrez SARS delakoak berezko distira izan baitzuen hilabete batzuetan. Birusak 8.000tik gora pertsonari eragin zien, eta 800tik gora hil zituen. Txina, Hong Kong eta Taiwan izan ziren herrialderik kaltetuenak, baina Kanadara eta Estatu Batuetara ere iritsi zen gaitza. Horregatik mundu mailako epidemiatzat hartu zen. Martxoan agertu ziren lehen kasuak eta eginahalak egin arren, uztaila arte OME erakundeak ez zuen epidemia kontrolatutzat jo. Epidemia kontrolpean zegoela, Osasunerako Mundu Erakundeak argi esan zuen kontrolpean edukitzeak ez zuela esan nahi gaixotasuna desagertu zenik. Denborak arrazoia eman dio, abenduan Taiwanen kasu berri bat agertu baitzen.

DNAk ere jaso zuen komunikabideen arreta, zelula-amekin egin daitezkeen ikerketen aldetik batik bat. Aktualitateko gai izaten jarraitzen duen arren, historiko horien artean ere sartu da DNA. 2003ko otsailaren 28an mende-erdia bete zen James Watson biologo estatubatuarrak eta Francis Crick britaniarrak helize bikoitza aurkitu zutenetik. Aurkikuntza hark bidea ireki zion geneen ikerketari, genetikari alegia, eta haren ondorio da, besteak beste, giza genoma proiektua. Apirilean iragarri zuten, hain zuzen ere, giza genoma proiektuaren bukaera. Luzerik egon bada, horixe bukaera luzea, azken bi urteotan gutxienez hiru bat aldiz iragarri baitute bukatua zegoela.

Dollyrena urteak utzi dituen izen propio horietako beste bat izan da. Duda barik, Dolly munduko ardirik ospetsuena izan da, laborategi batean klonatutako lehen ugaztuna izan baitzen. Maiteminduen egunean zendu zen, zazpi urte zituela. Ardien artean, ohikoa den jatorri birikodu birika-minbiziaren ondorioz hil zen Dolly, ez bere sorrera klonikoarengatik. Hori diote Dollyren sortzaileek, beste iturri batzuen arabera Dollyren heriotzaren arrazoia zahartzaro aurreratua izan baitzen. Hilda egon arren, klonatutako lehen ardia ez da ahanzturaren kaxoi handian galduko. Eskoziako hiriburuan izango dute ikusgai, Edinburgoko Errege Museoan. Berria jakitean, Ian Wilmut-ek, Dollyren sortzaileak sentimendu gazi-gozoak agertu zituen: pozik Dolly jendaurrean egongo zelako; triste, berriz, haren balakarik ez duelako gehiago entzungo. Wilmut-ek berak ere eman zuen zer esanik, Dolly hil eta denbora gutxira giza enbrioien bat klonatzeko asmoa zuela adierazi baitzuen. Eskoziarra ez zen bakarra bide horietatik ibili nahi zuela iragartzen, raeldarren sektak giza klonazioa gauzatu zutela iragarri baitzuten urte hasieran. Zientzialariek ez zieten jaramon handirik egin.

Astronomiak bai, izarrek eta planetek bereganatu dute zientzialarien arreta. Izan ere, aurkikuntza astronomiko ugari sortu dira urtean zehar. Big Bang-a izan zen begiratuetariko bat, unibertsoaren sorrerako leherketa erraldoia. Otsailean MAP zundak argazki bitxi-bitxia lortu zuen, unibertsoaren hasierakoa. Irudi hartan oinarrituta fisikariek ondorioztatu dute Big Bang-a duela 13.700 milioi urte gertatu zela eta unibertsoaren gehiengoa materia iluna eta energia iluna dela. Gure galaxian ere materia ilun ugari dago, eta ez dirudi unibertsoan dagoen gainerako materia ilunarengandik ezer asko desberdintzen duenik, hark bezala inguruko izarrez eta galaxiez elikatzen ari baita.

Esne Bidearen muga-mugan Voyager zunda dabil heliopausa deitzen den gunean. Gune horretan eguzki-haizearen eragina indarra galtzen hasten da eta iluntasun interestelarraren ateak irekitzen dira. Energia handiko partikulak ere sortzen dira han eta, hortaz, gunea arriskutsua izan daiteke zundarentzat. Voyager zundari esker, gune zurrunbilotsu horri buruzko lehen datu zuzenak jasotzea espero dute zientzialariek. Zunda gaur egun Eguzkitik 90 unitate astronomikora dago, 13.500.000.000 kilometrora. Horra iritsi baino lehen, Jupiter eta Saturno erraldoiak behatu zituen. Duela 26 urte abiatu zen, 1977ko irailean, eta, oraingoz, gizakiak espaziora bidalita urrutien iritsi den objektua da. Voyager 1 zundaren ondoren Voyager 2 zunda ere abiatu zen, baina beste norabide batean. Hura izan da Urano eta Neptunora iritsi den espaziontzi bakarra, eta hark ere mugan du helmuga.

Helmugara iristen ari direnak Martera doazen edo dagoeneko iritsi diren zundak dira, Europako Espazio Agentziaren Mars Express eta Estatu Batuetako Mars Exploration Rover espedizioak. Bidaia ez da harritzekoa, Lurra eta Marte inoiz baino gertuago daudelako, 60.000.000 kilometro ingurura. Japoniarren Nozomi zundak ere Marte zuen helburu, baina urte bukaeran japoniarrek galdutzak eman zuten zunda. Ez da harritzekoa, bidaia osoan zailtasunak ezin gaindituz aritu baitira.

Espazio-kontuetan zailtasun guztiei aurre egiteko gai izan direnak txinatarrak izan dira. Era horretan, txinatarrek gizakia espaziora bidali dutenen klubean sartu dute. Shenzou zunda eta Yang Liwei taikonatu ospetsu bihurtu ziren urriaren erdialdean. Txinatarrek bingo, eta estatubatuarrek kale. Izan ere, otsailaren 1ean Columbia transbordadoreari sekulakoa gertatu zitzaion. Texas gainean zihoala, 62.000 kilometroko altueran, atmosferan sartzen hasi eta bat-batean desintegratu egin zen. Zazpi pertsona zeuden barruan. Istripuaren ondorioz, espaziontzien hainbat hegaldi bertan behera utzi ziren. Nazioarteko Espazio Estaziorako asko, adibidez, atzeratu behar izan ziren.

ITER laburdurak ere eman du zer esanik, eta aurrerantzean emango du seguruenik. Fusio-energia modu kontrolatuan lortu nahi da proiektu horren bidez, izarren energia alegia. Ideia ez da berria, proiektua bera ere ez, baina joan den urtean eta hasten ari den honetan hainbat berri eragin ditu. Kokapenarena garrantzizkoena. ITER proiektuaren egoitza, zentrala bera, non kokatu? Galdera horri erantzun nahi izan zaio 2003 urtean, baina badirudi kontua luzerako doala. Kanada, Japonia eta Europa dira hautagai. Europa barruan bi aukera zeuden, Frantziakoa eta Espainiakoa, eta Frantziakoa aukeratu zen. Kanadarena ere atzera bota zenez, kontua Japoniaren eta Frantziaren artean argitu beharko dute. Auzi horretan, ez dira, noski, zientzia irizpideak soilik hartuko kontuan. Esate baterako, Estatu Batuak hasiera hasieratik Europako proiektuaren alde egon dira, baina, Irakeko gerran izan zuen jarrera dela eta, orain ez daude Frantziaren alde egiteko prest. Edozelan ere, 2004 honek argituko du kontua.

Siamdarrak izan dira urteko beste protagonistetariko batzuk. Egia esan, urtero izaten dira, zirujauek urte batean bai eta hurrengoan ere bai saiatzen baitira ebakuntza ikusgarriren bat egiten. Uztailean bi ahizpa iraniarri egin beharreko ebakuntzak mundu osoaren arreta bereganatu zuen. Ahizpek 29 urte zeramatzaten burmuinetik lotuta. Ebakuntza Singapurren egin zen. 28 adituk eta 100dik gora laguntzailek hartu zuen parte kirofanoko lanean, baina ahalegin guztiak alperrikakoak izan ziren. Bi eguneko ebakuntzaren ondoren, odolustuta hil ziren iraniarrak. Kirofanoan sartu zirenean, ahizpek bazekiten ebakuntza arriskutsua zela, heriotzak zenbaki asko zituela loteria hartan. Hala eta guztiz ere, bakoitzak bere bizitza egin ahal izateko, arriskua hartzea erabaki zuten. Apustua oker irten zitzaien. Mohamed eta Ahmed Ibrahim mutiko egiptoarrek, aldiz, ez zekiten zeri egin behar zioten aurre urrian Dallasko ospitale batean sartu zirenean. Bi hauek ere burutik lotuta zeuden. Ebakuntza Irango ahizpena baino askoz ere hobeto irten zen, 18 orduko lanaren ondoren anaien buruak bereiztuta baitzeuden.

Urteak gehiago eman du noski, baina aurrekoak laburtzen du gehiena. Eta gainera, atzera begiratuta, norberak egiten bere aukera, norberak erabakitzen du zeri eman garrantzia eta zeri ez, zerk utziko duen arrastoa eta zer pasatuko den ustekabean, zein gertakizunek izango dituen benetako ondorioak edo zein gertakizun itxurazkoa baino ez den.

Hala ere, komunikabideetan izenburu gehiago ere pilatu dira. Gustu baduzue, segidan horietako batzuk, bigarren aukeraketan hartutakoak: Neurtu dute grabitatearen indarra. Mikroskopio akustikoa. Pi zenbakia errekorrak hausten. Azken Ariane 4-aren jaurtiketa. Enbrioiaren eta amaren arteko itsasgarria aurkitu dute. Fotoi bat teleportatu dute bi kilometroa. Piraina belarjale ezezagunak. Gibela are bihurtuta. 31 urte ondoren, Pioneer isildu egin da. Zauriak azkarrago sendatzeko tirita. Berotegi-efektuak presioan eragiten du. Jean-Pierre Serre, lehen Abel sariduna. Primate txikien arbaso fosila. Beste lorpen bat zelula-amen hazkuntzan. Jupiterrek satelite gehiago. Neolito garaiko hezurdura bat Jaizkibelen. Saria CEIT zentroari niobioarengatik. Alkoholarekin edo gasolinarekin dabilen autoa. Zenbat herbizida eta non bota kalkulatzen duen makina. Test berria tuberkulosia detektatzeko. Partikula subatomiko ezezagun bat detektatu dute. Prioien kontrako txertoa. Gene akastunak isilaraztea lortu dute. Terapia genikoak minbizia eragin du burbuila-haurretan. Elektrizitatea eroaten duen jantzi supergogorra. Klonatutako lehen zaldia. Hasi dira Hiesaren txertoa gizakietan probatzen. Munduko armiarma-sare zaharrena aurkitu dute. Zibilizazio andinoak, espero baino zaharragoak. Euskadi Saria Jesus Ugalderentzat. Hegazkinak 100 urte.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.