}

2002ko Nobel sariak urte askotako lanaren ordaina

2002/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gutxienez urtean behin, komunikabide guztiak aldi berean zientziaz eta zientzialariez arduratzen dira. Hori gertatzen denean, zientziaren hiru arlotako Nobel sariak —Fisiologia eta Medikuntza, Fisika eta Kimika— iragarri dituzten seinale da. Aurten ere, ohitura lege bihurtuz, hiru zientzialari sarituko dituzte arlo bakoitzean. Hurrenez hurren, organoen garapenaren kontrol genetikoaren eta zelulen heriotzaren gainean, neutrinoen eta espazioko X izpien ikerkuntzan eta molekula biologikoak analizatzeko tekniken inguruan egindako lanengatik jasoko dute saria.

Bestetik, Ekonomiako Nobel saria jasoko dute Daniel Kahneman-ek eta Vernon L. Smith ek; lehenengoak azterketa ekonomikoei psikologia aplikatzeagatik, eta bigarrenak laborategiko esperimentuak ekonomia enpirikoaren azterketan erabiltzeagatik. Literaturakoa urtetan hautagai izan den Imre Kertesz hungariarrak eta Bakearena AEBetako presidente ohi Jimmy Carterrek irabazi dituzte.

Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saridunak

Sydney Brenner, H. Robert Horvitz eta Jonh E. Sulston

Organoen garapenaren eta zelulen heriotzaren kontrola

Sydney Brenner: 1927ko urtarrilaren 13an jaio zen Hegoafrikar Errepublikan eta nazionalitate britainiarra du. 1979rako Cambridge-ko Biologia Molekularreko Ikerketarako Laborategiko zuzendari zen. 1996an, berriz, AEBetako La Jolla eta Berkeley-ko Zientzia Molekularren Institutuko lehendakari eta zientzia-zuzendari egin zuten, eta orain Salk Institutuan dihardu ikertzen. Lan horiengatik hamaika sari jasoa da.

Giza gorputza osatzen duten zelulak ehunka motatakoak dira, eta denak ernaldutako obulu batetik eratortzen dira. Enbrioi- eta fetu-faseetan zelula-kopurua ikaragarri hazten da; gainera, espezializatu egiten dira organoak eta ehunak eratzeko. Gorputz helduan ere zelula berri ugari sortzen dira. Aldi berean, gorputzeko zelulen kopurua egokia izan dadin, zelulak hil egiten dira, eta heriotza hori aurrez programatuta dago.

Hori guztia ulertzeko, ezinbestekoak izan dira aurten Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria irabazi dutenen ikerketak. Hiru zientzialariek organoen garapena eta zelulen heriotza kontrolatzen duten geneak identifikatu dituzte. Horretarako, Caenorhabditis elegans nematodoarekin lan egin dute, eta lan horiek gizakietan gertatzen dena aztertzeko bidea ireki dute.

Jonh E. Sulston: zientzialari britainiar hori 1942ko martxoaren 27an jaio zen. Azkeneko hamar urtez Cambridge-ko Sanger Zentroko zuzendaria izan da, baina, horren aurretik, AEBetako Salk Institutuan eta Biologia Molekularreko MCR laborategian ere aritu da. Sari ugariren jabe da; adibidez, joan den urtean, Asturiasko Printzearen saria eman zioten Espainian.

Hain zuzen ere, Sydney Brenner izan zen nematodo horrekin lan egin zuen lehena, zelulen bereizketa eta organoen garapena aztertzeko aproposa dela ikusi baitzuen. Brennerrek zelulen zatiketaren eta bereizketaren azterketa mikroskopikoa eta analisi genetikoa uztartu zituen, eta uztarketa horren ondotik etorri ziren aurkikuntzengatik eman diote saria.

John Sulstonek Brennerren lanari jarraipena eman zion, eta nematodoaren zelulen zatiketa aztertzeko teknikak garatu zituen. Gainera, zelulek, zatitzean eta bereiztean, beti arau berari jarraitzen diotela frogatu zuen, baita zelulen heriotza prozesu horren parte dela ere. Horretaz gain, programatutako heriotzan parte hartzen duten geneen mutazio bat frogatu zuen lehen aldiz.

H. Robert Horvitz: 1947ko maiatzaren 8an jaio zen eta estatubatuarra da. 1972tik 1978ra Harvard Unibertsitatean aritu zen, eta gero MIT Cambridge-n jarraitu zituen bere ikerketa-lanak. 1988tik AEBetako Massachusetts-eko Howard Hughes Institutu ospetsuko ikertzailea da. Jaso dituen sarien artean, iaz Amerikako Genetika Elkartearen Domina eman zioten.

Robert Horvitzek, aurreko bien bidetik aurrera eginez, zelulen heriotza kontrolatzen duen programa genetikoari buruzko oinarrizko aurkikuntzak egin ditu. C. elegans -en zelulen heriotzarekin lotutako gene batzuk identifikatu zituen, eta gizakietan ere era horretako geneak badaudela ikusi zuen.

Zelulen heriotzaren programazioa ulertzea ezinbestekoa da hainbat gaixotasunen muina ezagutzeko. Hiesean, bihotzekoak jotakoan eta endekapen-gaixotasun batzuetan, heriotzaren prozesua azkartu egiten delako galtzen dira zelulak. Beste gaixotasun batzuetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da; minbizian eta egoera autoimmuneetan, adibidez, hil beharko luketen zelulek bizirik jarraitzen dute. Ez da harritzekoa, beraz, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria hiru ikertzaile horiei ematea, haiei zor baitzaie gaur egun egiten ari diren ikerketen oinarria.

Fisikako Nobel saridunak

Raymond Davis, Riccardo Giacconi eta Masatoshi Koshiba

Fisikako Nobel saria neutrinoen eta X izpien ikerkuntzari

Raymond Davis: 1914an jaio zen Washingtonen. 1942an eskuratu zuen kimikako doktore titulua Yale Unibertsitatean. Gaur egun, Pennsylvaniako Unibertsitateko ohorezko irakasle da, fisikako eta astronomiako departamentuan.

Hiru astrofisikarik eramango dute Fisikako aurtengo Nobel saria: Raymond Davis eta Ricardo Giacconi estatubatuarrek eta Masatoshi Koshiba japoniarrak.

Davis eta Masatoshik neutrino kosmikoen detekzioan egindako lanaren ordaina jasoko dute Nobel sariarekin; Giacconik, berriz, X izpien iturri kosmikoen aurkikuntzarena. "Ikertzaile hauek —adierazi dute Nobel Akademiako ordezkariek sariaren berri ematean— unibertsoko elementu txikiak aztertu dituzte, guk bestelako elementu handiak hobeto uler ditzagun; alegia, Eguzkia, izarrak, galaxiak eta supernobak hobeto ezagutzea. Horri esker, egun unibertsoaren ikuspegi berria dugu".

Atmosferaz haraindiko erradiazioa

Eguzkiak argia eta beroa igortzen ditu. Horrela esan da beti. Dena dela, igorritakoaren zerrenda horretan materia falta da, eta, argiaren ordez, erradiazioa esan beharko litzateke; izan ere, begi hutsez ikusten denaz gain, izpi ultramoreak, infragorriak, X izpiak eta beste uhin batzuk ere iristen dira Lurrera. Baina lurrazalean bizi garenok burbuila batean gaude, hau da, atmosferak ez die sartzen uzten erradiazio guztiei; argi-mota batzuk kanporantz islatzen ditu. Planetaren 'atarian' gelditzen diren erradiazioen artean X izpiak daude. Eskerrak horri.

Riccardo Giacconi: 1931n jaio zen, Genoan, baina Estatu Batuetako nazionalitatea du. 1954an eskuratu zuen doktore titulua Milango Unibertsitatean. Gaur egun, Associated Universities erakundeko zuzendaria da Washingtonen.

Riccardo Giacconi astrofisikari estatubatuarrak bizitza osoa eman du kanpoan geratzen diren X izpi horiek aztertzen, espazioko berri ekartzen digutelako. Ez da lan erraza, zeren eta atmosferatik kanpo geratzen dena ikusteko, atmosferatik kanpo dagoen teleskopio baten bidez begiratu behar baita. Giacconik X izpien lehen teleskopioa egin zuen, eta X izpien astronomiari zabaldu zizkion ateak. Lan horrek Fisikako Nobel saria merezi du.

Neutrinoen detekzioa

Raymond Davis Jr eta Masatoshi Koshiba fisikariek neutrinoak detektatu zituzten lurpean instalatutako likidoz betetako tanga handien bitartez. Fisikari teorikoak horren zain zeuden, energiaren kontserbazioaren printzipioa berresten zuelako.

Masatoshi Koshiba: 1926an jaio zen Aichin, Japonian. New York-en, Rochester Unibertsitatean, lortu zuen doktore titulua 1955ean, eta gaur egun ohorezko irakasle da Tokioko Oinarrizko Partikulen Fisikaren Nazioarteko Zentroan.

Neutroia desintegratzen denean, protoi bat eta elektroi bat sortzen dira. Erreakzio horri beta desintegrazioa deritzo. Baina prozesu hori besterik gabe horrela gertatuko balitz, produktuen energien batura neutroiarena baino baxuagoa izango litzateke, hau da, bidean energia galduko litzateke.

Hori ikusita, XX. mendearen hasieran sekulako krisia sortu zen teorikoen artean; oinarrizko printzipioetako bat oker zegoen? Fisikari batzuk baiezkoan zeuden. Wolfgang Pauli austriarrak, ordea, beste irtenbide bat proposatu zuen: desintegrazioan, protoiaz eta elektroiaz gain, beste partikula bat sortzen da, neutrinoa, baina ordura arte ez zen detektatzerik izan. Alegia, arazoa tresneria zen, eta ez kontserbazioaren teoria.

Neutrinoak oso masa txikikoa izan behar zuen eta oso elkarrekintza ahulak eragin behar zituen, teoriarekin bat etortzeko. Pauliren teoriak lasaitasuna ekarri zien fisikariei, neurri batean, baina partikula detektatzea falta zen. Davisek eta Koshibak Paulik iragarritakoa baieztatzeagatik jasoko dute aurtengo Fisikako Nobel saria.

Kimikako Nobel saridunak

John B. Fenn, Koichi Tanaka eta Kurt Wüthrich

Saridunen lanek proteinak ikertzeko tresnak ekarri dituzte

John B. Fenn: 1917an jaio zen New York-en. 1940an kimikako doktore titulua jaso zuen Yale Unibertsitatean eta irakasle izan zen han 1947tik 1987ra arte. 1987an Yale Unibertsitateko irakasle emeritu izendatu zuten. 1994az geroztik, Richmond-en dihardu irakasle, Virginiako Commonwealth Unibertsitatean.

Genoma eta, geroz eta gehiago, proteoma hitzetik hortzera dabiltzan garaian, Suediako Zientzien Akademiak John Fenn, Koichi Tanaka eta Kurt Wüthrich saritu ditu Kimikako Nobelarekin. Izan ere, hiru gizon horiek garatu zituzten gaur egun proteinak ikertzeko erabiltzen diren funtsezko erreminta bi. Kurt Wüthrich suitzarrak erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN) molekula biologiko handiekin erabili ahal izateko metodoa asmatu zuen. John Fenn estatubatuarrak eta Koichi Tanaka japoniarrak, berriz, molekula horiek masa-espektrometria bidez identifikatu eta analizatzeko teknikak garatu zituzten.

Bi tresna horiei esker, gaur egungo ikertzaileak gai dira lagin batean dauden proteinak azkar identifikatzeko, baita proteina horiek soluzioan daudenean hartzen duten hiru dimentsioko egitura zein den jakiteko ere. Informazio horrekin, askoz ere errazagoa da proteinek zeluletan nola lan egiten duten ulertzea. Teknika horiek iraultza handia ekarri dute farmakologian, medikuntzan eta elikagaien industrian, besteak beste. Pentsa, metodoak 1980ko hamarkadan garatu zituzten eta dagoeneko irabazi dute Nobel saria.

Molekula txikietatik handietarako saltoa

Koichi Tanaka: 1959an jaio zen Japonian, Toyaman. 1983an amaitu zituen Ingeniaritza ikasketak Tohoku Unibertsitatean, eta, gaur egun, Kiotoko Shimadzu Corp. enpresan dihardu lanean, ikerketa- eta garapen-ingeniari gisa.

EMNa eta masa-espektrometria ez dira batere teknika berriak. Masa-espektrometriaren oinarriak XX. mendearen hasieran jarri zituen Joseph J. Thompson-ek, eta EMNa, berriz, mendearen erdialdeko asmakizuna da. Aspalditik erabiltzen dira munduko kimika laborategietan, mota guztietako analisiak egiteko, baina Fenn, Tanaka eta Wüthrich-en ekarpenak iritsi arte, molekula txikientzat baino ez zuten balio. Proteinak, molekula handi eta konplexuak izaki, haien helmenetik kanpo geratzen ziren.

EMN bidez molekula baten hiru dimentsioko egitura zehazteko, eremu magnetiko indartsu baten pean jarri eta atomoek irrati uhinak nola xurgatzen dituzten aztertzen da. Paperean jasotako tontor-bilduma batetik abiatuta egiten du lan zientzialariak, baina proteinek, milaka atomo izaki, erotzeko moduko emaitzak ematen dituzte. Wüthrich-ek datu-nahaspila horretatik informazioa erauzteko metodo sistematiko bat, esleipen sekuentziala, garatu zuen, eta, geroztik, milaka proteinaren egitura zehaztu ahal izan da. Metodoak, gainera, soluzioan lan egiten du, hau da, proteinak gorputzean duten egoera berean.

Masa-espektrometria

Kurt Wüthrich: Aarberg-en, Suitzan, jaio zen 1938an. 1964an kimika inorganikoko doktore titulua jaso zuen Baselgo Unibertsitatearen eskutik, eta 1980az geroztik Suitzako Teknologia Institutu Federaleko (EHT) biofisika irakaslea da, Zurichen. Gainera, irakasle bisitaria da The Scripps Ikerketa Institutuan, La Jollan (Kalifornia).

Masa-espektrometria oso tresna ahaltsua da laginen analisiak egiteko. Molekulak masaren arabera banatu eta identifikatzen ditu eta oso kantitate txikiekiko sentikorra da, baina, identifikazio-prozesuan, molekulak ioi gaseoso bihurtu behar dira. Molekula txikiekin ez da zaila, baina proteinekin bai. Fenn eta Tanakak, bakoitzak bere aldetik, proteinak ionizatu eta esekiduran mantentzeko metodo bana garatu eta masa-espektometrian aplikagarriak zirela ikusi zuten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia