}

2.000 urteko herrixka bat Astigarragan

2004/08/11 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aranzadi Zientzi Elkarteko eta Deustuko Unibertsitateko
ikertzaile-talde bat Santiagomendi tontorrean (Astigarraga) ari da lanean. 1993tik hona hainbat ikerketa egin dituzte toki horren iraganaren berri izateko.

Santiagomendi batez ere ermitarengatik da ezaguna, Santiago bidearekin duen loturagatik. Baina, Aranzadiren ikerketa arkeologikoaren arabera, Gipuzkoaren historiaurrea ezagutzeko ere garrantzitsua da tokia. Aurkitutako aztarna arkeologikoek agerian utzi dute Santiagomendin jendea bizi zela K.a. azken milurtekoan eta, seguru asko, Erromatar inperioa sartu zenean utzi zutela tokia, K.a. I. mendearen amaieran edo aro berriaren hasieran.

Aurkikuntzak bereziki garrantzitsuak dira, batez ere inguruaren okupazio jarrai baten berri ematen dutelako. Aztarna horiek 2 kilometroko erradio batean daude zabalduta, eta haien azterketak jendearen bizimodua eta hileta-ohiturak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Hori oso berezia da Gipuzkoaren historiaurrean, Santiagomendin aurkitu direlako lehenengo aldiz garai bereko hileten eta habitataren aztarnak espazio berean. Aztarna horiek Burdin Arokoak dira, K.a. VIII. eta I. mende artekoak.

2001etik hona egindako lanek Burdin Aroko etxe baten aztarnak utzi dituzte agerian, K.a. II. eta I. mendekoa, eta, ez da baztertzen etxea
K.o. I. mendean ere erabili zenik.

Ikerketa hau Gipuzkoako kostalde guztia barne hartzen duen programa baten barnean dago, Mutrikutik Oiartzun arte, eta Aranzadiko Arkeologia Historikoko eta Deustuko Unibertsitateko Humanitate Fakultateko ikertzaileek parte hartzen dute. Santiagomendiko VII. kanpainak abuztuaren 13 arte iraungo du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia