1991.eko nobel sariak
1991/12/01 Juandaburre, B. | Furundarena, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria
1991.a Europaren urtea izan da zientzietako Nobel sariei gagozkiolarik; lau sarituak europarrak bait dira. Hori 1948.az gero ez da gertatu eta akaso Europa zientziaren garapenean garai batean zuen tokia berreskuratzen ari dela adieraz dezake horrek. Datu kuriosoak ez dira horrenbestez bukatzen. Beste bi ere badaude. Lehenik eta behin, sarituen artean anglosaxoirik ez dago; 1938.az gero lehen aldiz. Eta bigarrenez, lauetatik hiru kulturaz alemanak dira. Mende hasierako egoera errepikatu eta zientziaren garapenaren ardatza Europa Zentralean egongo ote da? Beste datu bat: 1985.etik hona egon diren 18 Nobel saridun europarretatik 14 kulturaz alemanak izan dira.
Erresonantzia magnetiko nuklearra
Kimikazko Nobel saria erresonantzia magnetiko nuklear izeneko teknika espektroskopikoa garatu duen Richard Ernst suitzarrari eman diote. Berrogeitamazortzi urteko ikerlari honek Zurich-eko Eidgenossische Technische Hochschule izenekoan egiten du lan. Berak ez du EMN asmatu; teknika horren bidez lortzen diren espektroen bereizmena hobetzeko prozedurak martxan jarri baizik. EMN eremu magnetikoen pean materiak duen jokaeran oinarritzen da eta kimikarientzat oso teknika baliagarria da substantzia eta konposatuen egitura zehatza jakin nahi denean. EMNaren erabilpena ez da materiaren analisiara bakarrik mugatzen eta joan den hamarkadaren hasieran giza ehunak aztertzeko erabiltzen hasi ziren. Erresonantzia magnetikozko irudigintza (EMI) diagnostiko-teknika moduan erabiltzen da ospitale askotan.
Ernstek bi ekarpen nagusi egin ditu EMNren garapenean. Alde batetik, Fourier-en transfomatua izeneko teknika aplikatuz espektroak egiteko behar zen denbora asko laburtu zuen, eta gainera, espektroen zehaztasuna eta bereizmena handiagotu egin zituen. Bestetik, bi dimentsioko EMN ere martxan jarri zuen. Teknika honi esker, milaka atomotako molekulak analizatu ahal izan dira. Hori, oso garrantzitsua da biologia eta biokimikan. Izan ere, zientziaren bi adarrok atomo askotako molekulekin egiten bait dute lan.
Kanal ionikoak
Medikuntzako Nobel saria bi fisiologo alemanek jaso dute: Erwin Neher-ek, Gotingako unibertsitateko irakasleak, eta Bert Sakmann-ek, Heilderberg-eko unibertsitateko irakasleak. Dena den, beren lanaren zatirik handiena Max-Planck institutuan egin dute. Beraiek kanal ionikoak aurkitu zituzten. Kanal horiek zelulen mintzak zeharkatzen dituzte eta zelula ingururatzen duen ingurunearekin harremanetan egon daiteke. Bi zientzilari hauek kanal horietan pasatzen den korronte elektrikoa neurtzea lortu zuten. Gainera, kanal-mota bakoitza ioi espezifiko bati dagokiola aurkitu zuten. Biologiari lan-eremu berri bat ireki zioten.
Kanal horiek aztertuz eta nola lan egiten duten aurkituz, zientzilariak prozesu asko ulertzeko gai izan dira. Esaterako: nerbio-pultsuen transmisioa, arrautzen ernalketa, taupadaren erregulazioa eta zenbait eritasunen mekanismoak (diabetearena besteak beste).
Fase-aldaketen inguruan
Fisikazko Nobel saria fisikari frantses batek, Pierre-Gilles de Gennes-ek, irabazi du. Saria honegatik eman diote: solidotze zorian dagoen likidoaren molekulek nola jokatzen duten adierazteko eredu matematikoak eman dituelako. Lan teoriko honek nolako aplikazioak dituen edo zertarako balio duen galde dezake orain irakurleak. Alde batetik, kristal likidoak komertzialki ustiatu ahal izateko oinarria, de Gennes-ek emandako adierazpen teorikoetan dago. Bestetik, polimero likidoen jokaera ezagutzen lagundu du. Esaterako, katea luzeko polimero urtuak nola higitzen diren ulertzen, beren biskositatearen funtsa zein den alegia, jakin ahal izan da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia