110. elementu kimikoa, oraingoan bai
2003/07/14 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Horregatik, aipatzekoa da berunaren eta nikelaren isotopo jakin batzuen arteko talkaren edo fusio erreakzioaren ondorioz sortzen den 110. elementuaren aurkikuntza. Elementu hori darmstadtio (Ds) izenaz ere ezagutzen da eta lehendabiziko aldiz 1994an agertu zen Alemaniako laborategi batean. Berehala, Estatu Batuetako Berkeley laborategian eta Errusiako beste zenbait laborategitan ere ikusi zuten. Batean eta bestean, guztira elementu beraren zazpi isotopo aurkitu ziren eta isotopo arinenak eta astunenak 157 eta 171 neutroi zituzten, hurrenez hurren.
Darmstadtioa, taula periodikoan, nikelaren, paladioaren eta platinoaren talde berean aurkitzen da, 10. taldean, hain zuzen ere. Dena dela, atomo arinago horiek ez bezala, darmstadtioa atomo arinagoetara desintegratzen da berehala eta alfa partikulak igortzen ditu.
Elementu berri honen aurkikuntzak pixka bat alde batera uzten du
118. elementuaren inguruan sortutako tirabira . Izan ere, berun- eta
kripton-atomoen arteko talkaren ondorioz sortutako atomo erraldoiaren desintegrazioan askatutako alfa partikuletatik izan zuten zientzialariek azken elementu honen berri. Bi urte geroago esperimentua errepikatzen saiatu baziren ere, ez zuten elementu horren arrastorik ere aurkitu. Eta horrek, noski, susmo txarrak eta iskanbilak besterik ez zituen ekarri.
Oraingoan, berriz, ziurtzat jo daiteke taula periodikoko 110. elementu kimiko hori badela, behin eta berriz egindako saiakerek emaitza onak eman baitituzte.
Informazio gehiago:
Physicsweb
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia