}

100.000 atun markatuko dituzte Indiako Ozeanoan

2004/01/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

2004an mundu-mailako proiektu handi bat jarri da martxan, Indiako Ozeanoan 100.000 atun inguru markatzeko asmoz. Ikertzaileek atunen migrazioak aztertu nahi dituzte, eta horretarako zunda bereziak sartuko dizkiete atunei, benetako ordenagailu txikiak diren zundak.

Lan horretan AZTI Fundazioko ikertzaileak ari dira, beste hainbat herrialdetako ikertzaileekin batera. Indiako Ozeanoko atun-espezie tropikal ohikoak aztertzen ari dira: hegats horia, zerrutxoa eta moja. Azken finean, atun tropikalak dira egun kontserban saltzen diren atunik ohikoenak; hegaluzea baino ohikoagoak. Lehenengo saiakera egiteko hilabete eman dute itsasoan AZTIko ikertzaileek eta beste hainbat ikertzaile australiar, frantses eta kanariarrek.

Lan zaila

Atunak topatu eta markatzea ez da lan erraza. Kasu batzuetan, atunak markatzeko benetako kirurgia-ebakuntza egin behar izaten dute zientzialariek, zunda ez baitzaio azalean jartzen. Sabelaldeko barrunbean sartu behar zaio eta, horretarako, ebaki sakona egiten diote arrainari; kontu handiz, behar baino gehiago sartu eta ezinbesteko organoren bat ez kaltetzeko. Gero, zauria josi egiten dute, atuna uretan utzi aurretik. Eta hori dena bi minutu eskasetan, ez baita komeni atuna bi minutu baino gehiago izatea uretatik kanpo.

Baina atunak markatu ahal izateko, ezinbestean arrainak topatu egin behar dira lehenik eta hori ere markatzea bezain zaila da kasik. Hala ere, zientzialariek badakite uretan edozein objektu flotagarri utziz gero, haren azpian atunak pilatuz joaten direla. Arrantzaleek horrelako objektu asko jaurtitzen dituzte uretara, edozein motatakoa, baina betiere buia bati lotuta. Hala, buiak kokapen zehatza bidaltzen die satelite bidez. AZTIko ikertzaileek ere arrantzaleen buiak erabili dituzte atunak bilatzeko.

Lehenengo kanpaina honek hilabete iraun du, baina bizpahiru urte emango dituzte itsasora atera eta atunak markatzen. Izan ere, itsasoaz gehien dakienak ere, ezer gutxi daki oraindik. Are gutxiago, arrainen populazioak nola dauden. Atunen populazioak ezagutzeak zailtasun handiagoa du oraindik, arrain migratzaileak izanik, milaka eta milaka kilometro egiten baitituzte urtero. Ikertzaileak ziur dira kanpaina honetan ezarriko dizkieten markez informazio esanguratsua jasoko dutela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia