}

100 urte bizitzeko sekretua, genetikoa?

2001/08/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Luzaro eta osasuntsu bizitzea jende askoren ametsa da, eta gaiaren inguruko edozein aurkikuntzak oihartzun handia izaten du. Azkena Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi berri da eta, dirudienez, 4. kromosomako eskualde batean dago luzaro bizitzeko gakoa.

Ikerketaren arduradunak Boston-eko Pediatria-ospitaleko Louis Kunkel genetista eta Harvard-eko Thomas Perls geriatra izan dira. Anai-arrebez osaturiko 143 talde aztertu dituzte. Kasu guztietan, anai-arrebetako batek 98 urte zituen, beste batek gutxienez 95 eta hirugarrenak gutxienez 91. Ikertzaileek talde guztien ADN sekuentziak aztertu eta konparatu dituzte, anai-arreba guztietan eta ohiz kanpoko maiztasunarekin agertzen ziren ADN-zatiak bilatu nahian. 4. kromosomako eskualde handi batek eskakizuna betetzen zuen.

Aurkikuntzaren berri Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian eman dute. Kunkel eta Perls-en ustez, 4. kromosomako eskualde horretan jendea luzaroan bizitzea eragiten duen gene bat edo gehiago dago.Orain, gene horiek zehazki zeintzuk diren atzeman nahi dute, 100-500 gene baitaude eskualde horretan, eta nola lan egiten duten ikusi. Baina Kunkel eta Perls ziur daude toki egokian bilatzen ari direla eta gizakia 100 urteko biziko den edo ez gene gutxi batzuetan idatzita dagoela.

Beste ikertzaile asko, ordea, ez daude hain ziur. Apirilean, fruta-euliaren gene bat eraldatuta intsektuaren bizitza-luzera bikoiztea lortu zen, baina gizakiaren kasuan beti pentsatu izanda 1.000 genek baino gehiagok parte hartzen zutela zahartzaro prozesuan. Ikerketaren emaitzak berretsi arte itxarotea nahiago izan dute askok eta orain arteko emaitzak ahultzat jo dituzte, balio estatistikoa eman ahal izateko murritzegiak direlako. Kunkel eta Perls-ek ikerketa errepikatzeko asmoa agertu dute eta, bien bitartean, Centagenetix enpresa sortu dute, 100-500 geneko eskualdea murrizten hasteko. Gero, agian, generen bat patentatzeko?

Orain arte, bizitza-luzeran eragiten duten marka genetiko oso gutxi aurkitu dira, eta aurkitu direnek Alzheimer-en kontrako edo bihotzeko gaixotasunek kontrako babesa ematen zutelako betetzen zuten funtzio hori. Izan ere, ikertzaileek eztabaida bizia dute gaiaren inguruan. Batzuek luzaro bizitzea erabat ingurunearen menpe dagoela defendatzen dute eta beste batzuek, berriz, geneak tartean daudela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia