}

100 ale bizkar gainean

1995/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1974an abiatu ginen portutik. Gutako batek bidaia hori luzea eta emankorra izango zela iragarri zuenean, txango horretan aurre egin beharreko oztopoen zerrenda errepasatzen hasi ginen gure golkorako: trebatu gabeko hizkuntza zen trebatu gabeko idazleon lanabes bakarra. Itsu-itsuan ekin genion eta urteak joan urteak etorri, gure bidaiaren helburua urrun dakusagularik, 100. bidai etapa osatzera goaz. Orduko eta gaurkohelbura bera izan arren, bidean asko ikasi dugula dio gaur egun egitekoaren garrantziaz mintzo zen horrek. Zer ikasteko franko dagoela gaineratu diogu, entzun orduko, besteok.

Sortzailetako batzuk: 1. Iñaki Azkune; 2. Feliz Azpirotz; 3. Luis Mari Bandres; 4. Jesus Mari Goñi; 5. Rene Harluxet; 6. Xabier Larrea; 7. Andoni Sagarna; 8. Imanol Tapia; 9. Kepa Zalbide; 10. Mikel Zalbide

"Elhuyar. Zientzia eta Teknika" aldizkariak 100. alea bete du honekin. Gertakari xume eta apala irudi lezakeenak zientziaren dibulgazioa euskaraz egiten dugunontzat esanahi handia du. Elhuyar Kultur Elkarteko sortzaileek eta urteen poderioz asmo berberara bildutakoek lehen urratsa norabide zuzenean eman zutela baieztatzen du horrek, besteak beste. Une egokia iruditu zaigu beraz, begiak apaltasunez atzerantz bueltatu eta memoria freskatzea. Horixe da irakurle, ondorengo orriotako “saski-naskiak” lortu nahiko lukeena: sorrerako giroa ezagutu ez zuenari garai horretako kezken berri adierazteko parada eskaini batetik, eta bidea gurekin batera egin dutenei, gizabideak agindu legez, eskerrak ematea bestetik.

Duela 25 urte abiatu zen itsasuntziak jira-bira asko egin behar izan dituela ez zaigu ahaztu. Orduko eta gaurko helburua bera da, baina horretarako erabiltzen diren bitartekoak aldatu izanak denbora aurrera egin duela adierazten digu. Egindakoaz harro gaudela esateak ez dizkigu koloreak gorriarazten: euskarari zientzi agerpide egokia eta atsegin osatzen ahalegintzen ari gara, eta beti-beti asmatu ez badugu ere, bidean erortzen eta akatsetatik ikasten ari garelakoan gaude.

100. aleak azkenik, bidea luzea izango dela berretsi egiten du. Helmugarik ez du aldizkariaren bidaiak, baina nabigatzen ari gara eta oraingoz, horixe da garrantzitsuena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia