}

“1-briostatina merkatuan sartuko balitz, urteko bilioi bat dolar kostako litzateke”

1997/10/01 Pain, Stepahie Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsas bakterioek beren ostalari ornogabeek baino joera gutxiago dute lankidetzarako. Gehienak lantzea ezinezkoa suertatu da eta substantzia kimiko interesgarrien bila hastea lanbide gogorra. “Horiek nola hazi ikustetik hasi beharra dugu” dio Fenical-ek. “Senda mikrobioekin egindako lanetan oinarritzen dira bakterioak nola hazi behar diren adierazten duten kontzeptuak”.

Harbor Branch-eko taldea One Cell Systems-ekin (Massachusetts-eko konpaina batekin) esploratzen ari den hurbilketa bakterio indibidualak polisakaridozko esfera ñimiñoetan sartzea da, euren baldintza naturalak imitatuz. One Cell-eko Pat McGrath-ek dioenez, behin bakterioa bere mikrosferaren barnean dagoela, ingurunea manipula daiteke zerbait interesgarri jariatzen duen ikusteko.

Bakterioak kultibatzea ezinezkoa suertatzen bada, beste aukera batzuk ere badaude. San Diegoko ChromaXome bioteknologi konpainia txikian, ikertzaileek itsas mikroorganismoen bide biosintetikoa lortu, eta Escherichia coli edo Streptomyces bakterioak, edo Aspergillus onddoa bezala, hazteko errazak diren izakietan txertatu dituzte. Konpainiako lehendakaria den Michael Dickman-ek dioenez: “Substantzia kimikoaren bidezidor genetikoa harrapa daiteke”. Orduan, organismo ostalariak arduratzen dira substantzia kimikoa lantzeaz. Une honetan, konpainia teknika hau erabiltzen ari da baheketa-prozesua azkartzeko. ChromaXome-ko injineru genetikoek ehundaka itsas mikroorganismotatik DNA hartu, ostalari berri desberdinetan sartu eta hauek ekoizten duten substantzia kimikoa behatzen dute.

ChromaXome “biologi konbinatorioa” deritzona erabiltzen ari da, espezie desberdinen geneak nahastu eta konbinatuz. Gene hauek ekoizten dituzten entzimak ez dira naturan batera agertzen, baina ChromaXomek E. coliren zelulara nahasita txertatzen ditu. Dickman-ek dioenez “horrek, substantzia kimiko egiazki berriak aurkitzeko aukera ematen digu.”

Estrategia hauetako gehientsuenen desabantaila da sendagai-esploratzaileen oso atzetik ibili ohi direla. Mikroorganismoak bahetzeko bide azkarragoen bila, sendagai konpainiak ChromaXome-rena bezalako lanen eske ari diren bitartean, konpainia gutxi dago ornogabeen ikerketetan inbertitzeko prest –gutxienez produktu egoki bat daukatela ziurtatu arte–. 1-briostatina sendagaien merkatuan sartuko balitz, urteko bilioi 1 $ kostako litzateke. Baina “balitz” hori oso handia da. Balizko sendagaia ikerketa klinikoen azken fasera hel daiteke, baina orduan efektu sekundarioak azaldu. Gerta daiteke, halaber, sendagaia ona izatea, baina gaur egungo terapien aurrean inolako abantailarik ez eskaintzea.

Konpainiek ordaintzeko gogorik ez badute, ikertzaile gehienek lan hori Osasun Institutu Nazionala bezalako gobernu-erakundeei dagokiela pentsatzen dute. Estatu Batuetako Minbiziaren Institutu Nazionalak eta Nekazaritza Sailak behin substantzia kimikoa ona dela frogatuta hainbat ikerketa txiki finantzatu izan dituzte. Bitartean, nork daki nolako kalteak sortu dituen Ecteinascidia bezalako animalien bilketa masiboak? Bingham-ek dioenez, “gogor ustiatzen diren populazioez oso gutxi dakigu.”

Arriskua, noski, droga promesa gisan mantentzea da, kimikariek bere sintesia lortu edo akuikultoreek bera hazten ikasi arte. “Eta Ecteinascidia-k lortzen badu, zer?” galdetu du Wrigth-ek. “Minbizia edukiko banu, neu izango nintzateke bera erabili nahiko lukeen lehena.” Animaliak desagertzen badira, aukera hau ere ez da izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia