Cerro Pachón mendian, Txilen, 2.682 metroko garaieran dago Vera C. Rubin behatoki astronomikoa. Inoizko kamera astronomiko handiena dauka, 8,4 metroko ispilua, sekulako bereizmena (3.200 milioi pixel), azkar biratzeko gaitasuna eta azpiegitura informatiko oso indartsua. Horri guztiari esker, gauero datu-kopuru izugarria jaso ahal izango du. Hiru gauez behin, hego hemisferioko zeru ikusgaia osorik jasoko du iruditan. Ordenagailuek, irudi horiek alderatuz, aldaketa sotilenak ere antzemango dituzte.

Emakume baten izena daraman lehen behatoki estatubatuarra ere bada; materia ilunaren lehen ebidentzia sendoenak aurkitu zituen astronomoaren izena darama behatokiak. Eta, izenaz gain, emakume haren espirituari ere eusteko asmoa zuela zirudien, behatokiaren webguneko testuetan berdintasunaren eta inklusibitatearen alde lan egingo zutela baitzioten. Trump gobernura iritsi zenean desagertu ziren hitz horiek.

Materia iluna zer ote den argitzen saiatzea izango da behatokiaren helburu nagusietako bat. Baina beste galdera batzuei ere erantzun nahi die: nola sortu zen eguzki-sistema, zer objektu eta egitura dituen Esne Bideak…

Ekainean gizarteratu zituzten behatokitik hartutako lehen irudiak. Eta irudi horiexek jaso ditugu orri hauetan; zein baino zein harrigarriagoak dira, duten bereizmenagatik, eta ezagutzen ez ziren xehetasunak agerrarazteagatik.

Hamar urteko misioa du aurrean behatokiak. Ezin jakin izena eman dion emakumea bezain iraultzailea izango ote den; baina ez dago zalantzarik informazio baliotsua emango duela unibertsoaren ezagutzan eta kosmologian sakontzeko.

Virgo kumuluko bi galaxia espiral

Virgo kumuluko bi galaxia espiral

Virgo kumuluko bi galaxia espiralen lehen planoa: NGC 4301 ezkerrean, eta Messier 61 eskuinean.

Arg. NSF–DOE Vera C. Rubin Behatokia

Virgo kumuluaren zati txiki bat

Virgo kumuluaren zati txiki bat

Virgo kumuluaren zati txiki bat, kosmoseko aniztasunaren erakusgarri. Bertan ikus litezke bi galaxia espiral, bat egiten ari diren hiru galaxia, hurbileko zein urruneko galaxia-taldeak, Esne Bideko izar batzuk eta abar eta abar. 

Arg. NSF–DOE Vera C. Rubin Behatokia

Hamar milioi galaxia inguru

Hamar milioi galaxia inguru

Mila eta ehun argazki baino gehiagorekin egindako irudi honetan hamar milioi galaxia inguru daude, gutxi gorabehera Rubin Behatokiak hurrengo hamarkadan atzemango dituen hogei mila milioi galaxien % 0,05.

Arg. NSF–DOE Vera C. Rubin Behatokia

Trifida eta Aintzira nebulosak

Trifida eta Aintzira nebulosak

Rubin Behatokiak zazpi bat ordutan hartutako 678 argazkirekin osatua dago irudi hau. Hainbeste irudi elkartuta, bestela ikusezinak edo ahulegiak liratekeen xehetasunak argi eta garbi ikus daitezke, hala nola Trifida eta Aintzira nebulosak osatzen dituzten gas eta hautsezko hodeiak.

Arg. NSF–DOE Vera C. Rubin Behatokia

Vera C Rubin behatokia, Txilen

Vera C Rubin behatokia, Txilen

-

Arg. RubinObs/NOIRLab/SLAC/NSF/DOE/AURA