}

Toxoplasmosia eragiten duen parasitoak otsoak ausartago egiten ditu

2022/11/24 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

toxoplasmosia-eragiten-duen-parasitoak-otsoak-ausa
Arg. Elias/Pixabay

Toxoplasma gondii parasitoaren eraginpean dauden otsoek arriskuak hartzeko joera handiagoa dute, baita taldeko lider izateko probabilitate handiagoa ere. Eta horrek otso-talde osoari eragin diezaioke, parasitoaren mesedetan. Ondorio horiek atera dituzte Yellowstone Parke Nazionaleko (Estatu Batuak) otsoekin egindako ikerketa batean.

Ikertzaileak 26 urtez aritu dira otsoen portaera eta banaketa aztertzen; eta, 229 otsoren odol-laginak ere aztertu zituzten, T. gondii protozooaren aurkako antigorputzak detektatzeko. Inguruko pumak ere aztertu zituzten, jakina baita parasitoaren ohiko ostalariak direla. Hain zuzen ere, ikerketako emaitzek iradoki dute parasitoa gehienbat pumetatik pasatzen dela otsoetara.

Ikusi dute infektatutako otsoek arriskuak hartzeko joera nabarmen handiagoa dutela; taldetik banatzeko probabilitatea 11 aldiz handitzen da, eta taldeko lider bilakatzekoa 46 aldiz. Otso arrek 21 hilabete egiten dituztenean % 50eko probabilitatea izaten dute taldea uzteko, baina, parasitoarekin infektatutakoak 6 hilabeterekin iristen dira puntu horretara. Emeen kasuan berriz, 48 hilabetera iristean % 25eko probabilitatea izan ohi dute taldea uzteko, eta infektatuek 21 hilabeterekin. 

Beste ikerketa batzuetan ikusi izan da dopamina eta testosterona gehiago sortzea eragiten duela T. gondii parasitoak, eta, seguruenik, antzeko mekanismoren baten bidez eragingo die otsoei ere. Hienetan ere ikusi da infektatutakoak ausartago bilakatzen direla, eta, ondorioz, aukera handiagoa dutela lehoiek harrapatuta hiltzeko. Infektatutako arratoiei erakargarri egiten zaie katuen pixaren usaina, eta txinpantzeei gauza bera gertatzen zaie leopardoekin. Parasitoak, horrela, zikloa ixtea lortzen du, felidoak beharrezkoak baititu bizi-zikloa osatzeko. Izan ere, felidoetan (lehoiak, pumak eta katuak, kasu) sexualki ugaltzen da parasitoa, eta bitarteko ostalarietan (hienak, otsoak eta beste ornodun asko), asexualki. Gizakiok ere izaten gara bitarteko ostalari, eta fetuentzat eta immunoeskasia duten pertsonentzat gaixotasun arriskutsua da toxoplasmosia. Halaber, hainbat ikerketak iradoki dute erlazioa dagoela infekzioaren eta jokabide suiziden artean.

Otsoen kasuan, ikertzaileek nabarmendu dute, animalia sozialak izanik, infektatutako banakoari ez ezik, taldearen portaerari ere eragiten diola parasitoak, zeharka. Izan ere, infektatutako liderrak joera handiagoa izango du taldea leku arriskutsuagoetara eramateko; adibidez, pumak dauden lekuetara. Horrela, otso gehiago infektatzeko aukera handitzen da, batetik, eta, bestetik, puma gehiagotara iristeko aukera du parasitoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia