“Garrantzitsua da muga 1,5 ºC-tan ezartzea , eta zientzian oinarrituta hartu dute erabaki hori”
2021/11/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
COP26 biltzarrari bertatik bertara jarraitu dio Elisa Sainz de Murieta Zugadik. Klima-larrialdia ikertzen du EHU eta BC3-n, eta aitortu du ez zaiola erraza biltzarrari buruzko iritzia ematea. Izan ere, oso garbi du zeinen zaila den hainbeste herrialde ados jartzea helburuetan eta estrategietan. Gainera, eztabaidatu dituzten gaiak askotarikoak izan dira, eta oso konplexuak, eta bakoitzaren eraginak eta ondorioak desberdinak dira, lekuan leku. Azkenik, etorkizunera begirako erabakiak dira, eta, beraz, uste du, gerta litekeela haiei buruzko ikuspegia denborarekin aldatzea. Hala eta guztiz ere, analisi zorrotza eskaini dio Elhuyar aldizkariari, hitzak tentuz aukeratuta, eta argi-itzalei gertutik eta urrutitik begiratuta.
Lehenik eta behin, zer nabarmenduko zenuke biltzarraz?
Isuriak murriztearen inguruko erabakietan jarri da arreta handiena, eta nik alderdi on azpimarratuko nituzke. Alde batetik, Parisko hitzarmenaren lehen helburuak dio konpromisoa hartzen dutela atmosferaren berotzea 2 ºC-tik behera gera dadin. Zehazki, dezente beherago geratzeko konpromisoa hartzen dute (“well below”), eta ahalegina egingo dutela 1,5 ºC-ra mugatzeko.
Badu zentzurik 1,5 edo 2 ºC bereiztea? Bada, Parisen bertan IPCC-ri eskatu zioten aztertu zezala, eta Parisko eta Glasgowko biltzarren artean argitaratu zen emaitza. Berez, informazio eskasa dago, baina, hala ere, garbi ikusten zen inpaktuak askoz ere handiagoak izango liratekeela 2 ºC-ra iritsiz gero.
Tenperaturaren igoerak eragindako kaltea ez da graduala, ala?
Hori da. Adibidez: bero-boladen arriskuan egongo den jendea bikoiztu baino gehiago egiten da, 1,5 ºC-tik 2 ºC-ra igarotzean. Beste adibide bat Artikoko udako itsas izotzaren hedadura da, edo zenbait ekosistema kaltebera, esaterako, koralak. Txosten horrek astindua sortu zuen, baina, orain arte, ez da hain garbi zehaztu 1,5 ºC-ko muga.
Oraingoan, berriz, oso garbi azaltzen da. Azaltzen da erabakian bertan, eta lexikoa ere aldatu egin da: helburua ez da 2 ºC-tik behera geratzea, baizik eta ez igarotzea 1,5 ºC-tik. Eta hori oso ñabardura garrantzitsua da. Gainera, erabakia zientzian oinarrituta hartu dutela ere adierazi dute. Zientzia sartu da erabakian, eta hitzak aldatu dira erabat.
Hasi aurretik, itzalak ere izan direla esan duzu, hala ere...
Tira; ikatzaren gainean, adibidez, eztabaida handia egon da. Lehen aldiz hitz egin dute ikatzari buruz, eta lehen aldiz esan dute erregai fosilei ematen zaizkien diru-laguntzak murriztu behar direla. Baina egia da hitzak apaltzen joan direla, eta asko azpimarratu da Indiaren eta Txinaren jarrera, ikatza erabiltzeari utzi beharrean, haren erabilera murriztuko dutela hitzeman baitute.
Ikatza erregai fosil kutsatzaileena da isurien ikuspegitik, baina ez dituzte beste erregaiak sartu hitzarmenean. Eta ikatza herrialde ez-industrializatuetan erabiltzen da batik bat; hortaz, eztabaidagarria da zenbateraino den bidezkoa ikatzari bakarrik erreparatzea.
Ez zuri, ez beltz; beraz.
Noski. Beste argi-izpi bat: Parisko hitzarmenaren garaian, aurreikuspenek zioten Lurraren tenperatura 3-4 ºC igoko zela, eta orain, berriz, 2,4-2,7 ºC-ra jaitsi dira aurreikuspenak. Hortaz, zerbait hobetu da. Baina ez da nahikoa.
Orain hartu diren konpromisoak epe luzerako dira. Adibidez, 2050 urtean ezarri ira karbono-neutraltasuna lortzeko helburu gehienak. Eta zer gertatzen da epe laburrean? Biltzar honetan saiatu dira helburu horiek gerturatzen eta 2030erako helburuak zehazten. Horretan, ez da aurrerapauso handirik eman. Hortaz, hau itzal bat da. Oraindik ez gaude Parisko hitzarmena betetzeko bidean. Horretarako zer beharko genuke? Berotegi efektuko gasen isuria % 45 murriztea 2030erako. Eta badakigu, aurten, COVID-19ak ekarritako apaltzearen ondoren, igotzen ari direla berriro. Alegia, gauza bat dira konpromisoak, eta beste bat errealitatea, eta isuriek erakusten dute egun ez gaudela konpromisoak betetzeko bidean.
Zer irizten diozu erregai fosilei ematen zaizkien diru-laguntzak murrizteari buruzko erabakiari? "Eraginkorrak ez diren" diru-laguntzei buruzkoa da, zehazki.
Bai, eraginkorrak ez diren diru-laguntzak ezabatu behar direla dio. Nire ustez, alde batetik, ondo dago aitortzea gaur egun, oraindik, herrialde industrializatuak eta garatzeko bidean direnak diruz laguntzen dituztela erregai fosilak esplotatzeko. Beti aipatzen dira energia-iturri berriztagarriei emandako laguntzak, eta inoiz ez erregai fosilei emandakoak. Hortaz, ondo iruditzen zait onartzea, eta kontuan hartzea.
Orain arte murrizketez aritu gara, baina egokitzapenaren atalean ere hartu dira erabakiak.
Bai, eta sortu da egokitzapenaren alderdia lantzeko talde bat. Gainera, finantzen alderditik, hartu da konpromisoa egokitzapenera bideratutako dirua bikoizteko 2025erako. Orain arte eman diren diru-laguntza gehienak isuriak murrizteko izan dira, eta ez berotzeak sortutako inpaktura egokitzeko. Orain, konpromisoa areagotu da.
Zein izango litzateke itzala atal honetan? Bada, 2009ko biltzarrean, Copenhagenekoan, herrialde industrializatuek hartu zuten konpromisoa 2020tik aurrera 100 mila milioi dolar bideratzeko urtero garatzeko bidean dauden herrialdeei laguntzeko. Eta 2009ko konpromiso hau oraindik ez da bete.
Hortaz, orain laguntza areagotzea adostu dute, baina ikusi beharko da benetan hori horrela den ala ez, orain arte, behintzat, ez baitute bete.
Bestalde, kontuan izan behar da egokitzapenean helburuak zehaztea ez dela murriztean zehaztea bezain erraza. Izan ere, lekutik lekura inpaktua aldatu egiten da, eta, ondorioz, baita hari aurre egiteko hartu beharreko neurriak ere. Ez dago metrika bateratu bat, eta kulturalki ere aldatu daiteke toki batetik bestera.
Horrez gain, garatzeko bidean dauden herrialde batzuetan, nahiz eta egokitze-politika ausarta eta indartsuak ezarri, kalteak eta galerak jasango dituzte. Hori badakigu. Nork ordaindu behar ditu kalte horiek? Herrialde horiek funts bat sortzea eskatzen dute, eta, aurrerapauso batzuk egon diren arren, ez da orain arte onartu, politikoki oso korapilotsua baita.
Herrialde batzuentzat, baina, inpaktua ez da etorkizuneko kontua; dagoeneko pairatzen ari dira beroketaren ondorioak. Adibidez, oso deigarria izan zen Tuvaluko atzerri-ministroaren hitzaldia, uretan sartuta egin baitzuen, mezua nabarmen uzteko: beren herrialdea desagertzeko arriskuan dago, itsas mailaren igoeraren ondorioz.
Azkenean, baina, ez da onartu funtsa sortzea; soilik adostu da gaia aztertzen jarraitzea. Salbuespena Eskozia eta Valonia izan dira, kalte eta galerak konpentsatzeko dirua ematea erabaki baitute. Bitxia da, ez baitira estatuak ezta Konbentzioko partaide ere.
Gardentasun-markoaz ere aritu dira. Zer da hori?
Hori da nola aurkeztuko dituzten herrialdeek zer konpromiso hartzen ari diren, zer informazio eman behar duten, nola azalduko dituzten aurrerapausoak... Ez da erraza; txantiloiak erabakitzeko ere egoten dira eztabaidak. Izan ere, herrialde guztiek ez dituzte aukera berberak informazioa eskuratzeko. Gardentasun markoarekin batera, karbono-merkatuen atal korapilotsua ere itxi da. Merkatu horretan, sortzen diren isuriak saleros daitezke. Nahiko gai korapilotsua zen, eta kezketako bat kontabilitate bikoitza eragoztea zen, eta hori badirudi lotu dela.
Zein da itzala? Brasil presionatzen ibili da Kiototik zintzilik zeuden kredituak ere erabili ahal izateko eta, azkenean, iraganeko kredituak oraindik erabili ahal izango dira. Bi gai hauek ixtearekin lortu da Parisko akordioaren arauen liburua azkenik ixtea.
Horrekin lotuta, Parisko akordioan adostuta zegoen Global Stocktake prozesua egitea 2023an. Hau da, non gauden ikustea, diagnostikoa egitea. Berez, urtero ari gara begiratzen, baina orduan hala finkatu zen, bai markoa eta baita karbono-merkatuena.
Horrenbestez, biltzarrak itzal nabarmenak izan ditu, baina baita argiak ere, eta uste dut garrantzitsua dela horiek ere azpimarratzea, ezinbestekoak baitira aurrera egiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia