}

Nola heldu gara honaino

2020/08/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

nola-heldu-gara-honaino
Arg. Pixabay

Duela hilabete, hauteskundeak izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Iñigo Urkullu Renteriaren eta haren kideen arabera, COVID-19aren egoerak aukera ematen zuen jendea bozetara deitzeko, infektatzeko arrisku handiegirik gabe. Bazirudien birusa kontrolpean zegoela, edo horren itxura eman zuten, behintzat. Ordurako, ordea, berragertze batzuk izanak ziren han eta hemen; horren ondorioz, berrehun pertsona inguru boza eman ezinik geratu ziren. Bazeuden, beraz, pitzadurak, ustezko kontrol-egoeran.

Geroztik, udako jarduerei helduta, berragertzeak nabarmen ugaritu dira Hego Euskal Herri osoan. Hainbeste, ezen Nekane Murga Eizagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Osasun kontseilariak bigarren olatuaren aurrean gaudela iragarri baitzuen joan den astean. 

Iragarpena egin eta ordu gutxi batzuk geroago, Fernando Simon Soria Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Espainiako Zentroaren bozeramaileak Murgaren esana ezeztatu zuen, kasuen gorakada hiru lurraldeetatik bitan baino ez zela gertatu eta infektatuen gehiengoa asintomatikoa zela arrazoituta.

Bigarren olatua den ala ez eztabaidatzea antzua da, ordea. Ez dago bigarren olatuaren definizio tekniko bateraturik, eta, eztabaidak eztabaida, berragertzeek frogatzen dute birusak gure artean jarraitzen duela. 

Kasuen jarraipen-sistemari esker, diagnostiko-proba gehiago egiten dira, eta horrek laguntzen du infektatu gehiago detektatzen, martxotik ekainera bitarteko epearekin alderatuta. Horri esker, ehunekoetan, asintomatikoak ere hazi egin dira, eta, horretan oinarrituta, batzuek adierazi dute birusa ahuldu egin dela. Ez da horrela, ordea: denbora gutxiegi igaro da birusa ahulduko lukeen mutazio bat gertatu eta gainerako aldaerei gain hartu eta hedatzeko. 

Oso litekeena da hori gertatzea, alegia, birusa gugana egokitzea eta, talde-immunitatea lortzearekin batera, hain larria izateari uztea. Joera hori izan dute antzeko patogenoek, eta hori iragartzen dute COVID-19aren ereduek ere. Hala, gripearen antzera, sasoikoa bihurtuko litzateke. Baina hori ere ez litzateke hain albiste ona izango; gripea eta COVID-19a elkartuz gero, osasun-sistemak hilabete jakin batzuetan gainezka egiteko arriskuan egongo bailirateke.

Hori guztia gertatu bitartean, birusak udaberrian bezain gogor jo dezake, eta ezinezkoa da haren kolpeak leuntzea, neurri eraginkorrak hartu ezean. Jarduera ekonomikoa babestearen eta osasuna zaintzearen arteko sokatiran, osasuna ari da galtzen. Eta ardura ez da jendearena soilik, agintariek hala badiote ere. Eurena ere bada; edo, batez ere, eurena da. 

Ezinbestekoa da jendearen portaera aintzat hartzea arauak ezartzean. Animalia sozialak gara, jokabide batzuk gure izararekin bat datoz, eta oso zaila da haiek aldaraztea. Are zailagoa, ez bada pedagogia egiten, ez badira neurri zentzuzkoak, eraginkorrak eta koherenteak ezartzen, eta ez badira prebenitzen kontrako jarrerak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia