Merkurioa, liluratik ikarara
2007/06/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antzinateko erabilerarik zabalduena merkurio metalarena ez baizik eta mineral batena da, zinabrioarena. Kontuan izan behar da merkurio purua (metal likidoa) kantitate txikietan egoten dela naturan; haren mineralak askoz ugariagoak dira, merkurio sulfurozkoa batez ere, zinabrioa.
Zinabrioa mineral gorri bizi bat da, eta haren hautsa oso preziatua zen Erroma Zaharrean, kosmetiko gisa. Kremak eta ukenduak egiteko erabiltzen zuten, sendagaiak egiteko, eta, batez ere, masailak gorritzeko. Gorri-koloreetako bat adierazteko erabiltzen den bermiloia zinabrio-hautsa da, azken finean.
Hortaz, erromatarrek zinabrioaren beharra zuten, salerosi egiten zuten, eta zinabrio-meategiak ustiatzen zituzten. Meategi horietan handiena, zalantzarik gabe, Almadengoa zen, Ciudad Realen.
Meategi handiena
Plinio Zaharrarenak dira meatzegune horren aipamen zaharrenetako batzuk. Plinioren esanean, gutxienez K.a. IV. mendetik ustiatzen zen meategi hori, "inperioko bermiloirik onena". Hurrengo mendeetan ingurua menderatu zuten zibilizazioek ere atera zioten etekina meategiari. Adibide batera, arabiarrek mendeak egin zituzten han (VII.etik XIII.era), eta horren isla meategiaren izenean geratu da, jatorrian Hins Al-Maden izena baitzuen, meategia, alegia.
Lehenengo ustiaketa haiek ez omen ziren oso handiak. Almadenen garairik onenak etortzeko zeuden; merkurio-meategien loraldi handiena Amerikaren konkistaren ondotik etorri zen. XVI. mendearen erdialdean, mineraletik zilarra erauzteko metodo berritzaile bat asmatu zuten: merkurioarekin amalgama egitea. Horren ondorioz, merkurio-eskaria asko handitu zen; Ameriketan ustiatzen zituzten zilar-meategi aberatsetarako merkurio asko behar zuten, eta merkatua irauli egin zuen horrek. Ordura arte kantitate txikietan baino salerosten ez zena, halako batean, ikaragarrizko negozio bilakatu zen.
Meatzaritzan, merkurioaren bertuteei etekina ateratzen asmatu zuten, eta, gaur egun zilarra erauzteko ia erabiltzen ez den arren, urrerako bai, erabiltzen da. Izan ere, hainbat metalekin amalgamak sortzeko duen erraztasuna da merkurioaren ezaugarri berezienetako bat. Merkurioak amalgama sendoak osatzen ditu, besteak beste, urrearekin, zilarrarekin, zinkarekin, berunarekin eta eztainuarekin. Burdinarekin, ordea, ez du amalgamarik sortzen, eta, horrexegatik, burdinazko ontziak erabili izan dira mendeetan merkurio likido iheskorra ontziratzeko, batera eta bestera eramateko.
Amalgamek hamaika erabilera dituzte. Dentistaren kontsultan, adibidez, egunero erabiltzen dira; txantxarrak jandako hortz eta haginen zuloak amalgama batekin estaltzen dira, hain zuzen ere. Hainbat metalekin osatzen da enpasterako amalgama: zilarra, kobrea eta eztainua, batez ere. Horrela, oso material egokia lortzen da: asko irauten du, hortzaren antzeko gogortasuna du, portaera ona du hotzaren eta beroaren aurrean...
Gainerakoan, beste hainbat erabilera ditu merkurioak gaur egun. Pilak egiteko erabiltzen da, zehaztasun handiko neurketa-tresnetan, etengailuetan, lanpara fluoreszenteetan... Industria elektrokimikoan asko erabili izan da gatzetik sodioa ateratzeko, sodioarekin ere amalgama osatzen baitu merkurioak. Lixiba egiteko, esaterako, itsas uretik edo gazuretik elektrolisia egiten da, bi elektrodoren artean korronte bat pasaraziz. Elektrodo batean kloroa askatzen da, eta bestean, merkuriozkoan, sodioa disolbatu egiten da, amalgama bat sortzen du, eta, amalgama horretatik abiatuta, posible da sodio metala lortzea, edo lixiba egitea.
Haziak, arrainak eta tragedia
Merkurioa fungizida gisa ere erabiltzen da haziak kontserbatzeko; ez merkurioa, baizik merkurio-konposatuak. Zorigaiztoz, erabilera hori oso ezaguna egin zen 1972 eta 1973 urteetan. Urte haietan, Iraken sei mila lagunetik gora pozoitu ziren, eta bostehun bat hil. Merkurio inorganikoz tratatutako garia janda pozoitu ziren. Izan ere, gosete larria zuten, eta Europako hainbat herritatik garia bidali zieten. Garia landatzeko zen, ez zuzenean kontsumitzeko, baina ereiteko berandu iritsi zen, antza, eta, goseak estututa, garia eho eta ogia egin zuten.
Esan behar da merkurioaren izen txarraren atzean merkurioaren konposatu organiko bat dagoela, neurri handi batean: metil merkurioa. Merkurioa bera baino askoz toxikoagoa da, eta pozoitze larrienak horrek eraginak dira. Beste pozoitze-kasu famatu bat Japoniako uharte bateko Minamata badiakoa da. Enpresa batek urteetan isuri zuen ibaira katalizatzaile gisa
erabiltzen zuen metil merkurioa, eta arrainetan eta itsaskietan metatzen joan zen. Horren ondorioz, haiekin elikatzen ziren milaka lagun gaixotu ziren (baita animaliak ere). Adin guztietako jendeari eragin zion: koordinazio-falta zuten, esku eta hanketan sentikortasuna galdu zuten, ikusmena eta entzumena ere bai, eta, kasurik larrienetan, paralisia eta heriotza eragin zien. Gaitzaren lehenengo agerraldia 1956an izan zen, eta, geroztik, beste hainbat izan dira. Gertaera horiengatik, metil merkurio bidezko pozoitzeari Minamata gaixotasuna esaten zaio.
Halako tragedien ondoren, ez da harritzekoa merkurioak halako ikara bat eragitea. Eta merkurioaren arriskua neurtzeko hamaika ikerketa egin dira. Oro har, galderak ugariagoak dira erantzunak baino, baina datu deigarri batzuk azaldu dira. Esate baterako, jende askoren merkurio-iturri nagusia enpasteak dira. Arnasaren bidez merkurio-lurruna hartzen da, baina orain artean ez da frogatu horrek kalte egiten duenik, lurrun hori toxikoa izan daitekeen arren (merkurio-meatzariek ederki zekiten hori), arnasten den gehiena kanporatzen omen da eta.
Beste merkurio-iturri nagusia dieta da. Merkurioa ingurune guztietan dagoenez (airean, lurrean eta, batez ere uretan), ia elikagai guztiek dute merkurio-arrastoren bat. Hainbat arrainek, esaterako, gorputzean merkurio asko pilatzen dute, Minamatako gertaerak erakutsi bezala. Eta okerrena da gehiena metil merkurio eran dutela. Metil merkurioa erraz zabaltzen da bizidunen ehunetan, eta, ondorioz, bioakumulazioa eta biomagnifikazioa gertatzen dira, hau da, arrainaren bizian metatzen joaten da, eta, katea trofikoan gora egin ahala, merkurio-kantitatea ere handiagoa da. Horregatik, merkurio gehien duten arrainak luze bizi eta kate trofikoaren azken muturrean direnak dira, hala nola ezpatarraina, marrazo batzuk, atuna...
Dena dela, ezin da esan arrain-ale bakoitzaren merkurioaren zer ehuneko den metil merkurioa, ikerketek erakutsi baitute espezie bereko ale batetik bestera asko aldatzen dela. Horregatik, suposatzen da arrain-espezie bakoitzak batez beste duen merkurio guztia metil merkurioa dela, badaezpada ere. Horregatik, eta metil merkuriorako analisi espezifikoa egitea garestiagoa delako.
Merkurio madarikatua
Ikusten denez, jende gehienaren osasunerako benetako arriskua metil merkurioa da, eta ez merkurioa bera. Eta, hala ere, merkurioaz hitz egiten da oro har. Baina ez da harritzekoa, merkurioa eraldatu egiten baita, eta azken produktua metil merkurioa izan ohi da.Hasteko, esan behar da merkurioa oso erraz zabaltzen dela leku batetik bestera; izan ere, merkurio-lurrunak urteak irauten du airean. Merkurio-lurrun hori giza jardueretan (ikatza erretzean, erraustegietan...) askatzen da, baina, neurri handi batean, baita prozesu naturalen bidez ere (sumendien erupzioetan edo arroken meteorizazioan). Kontua da, behin ingurunean dagoenean, merkurioa formaz aldatzen dela, eta merkurioaren beste konposatu batzuk sortzen direla. Esate baterako, merkurio-lurrunaren zati bat konposatu inorganiko bilakatzen da, eta lurzorura edo uretara jalkitzen da. Eta, han, mikroorganismoek metil merkurio bihurtzen dute. Hortaz, nahiz eta ingurunera merkurio metalikoa isuri, lur- eta ur-masa gehienetan metil merkurioa dago.
Beraz, egoera arduratzekoa da. Baina, tamalez, oraindik ere nahiko gai ezezaguna da merkurioarena. Ingurumenerako Nazio Batuen Programan bertan onartzen dute ez dagoela nahikoa datu, eta asko ikertu behar dela oraindik. Hala ere, merkurio-emisioak murrizteko erabakiak ezin direla atzeratu nabarmentzen dute, eta nazioarteari neurri hauek hartzeko eskatzen diote: bat, merkurio-meategien jarduera eta merkurioa duten lehengaien erabilera gutxitzea; bi, merkurioa duten produktuen eta prozesuen ordezkoak erabiltzea; hiru, merkurio-emisioak kontrolatzea; eta, lau, merkurioa duten hondakinak behar bezala kudeatzea.
Buelta Almadenera
Europako debekuek eragina izan dute Almadenen, noski. 2001ean utzi zioten Almadenen merkurioa ateratzeari; pare bat urtez biltegietako zinabrioarekin lanean jarraitu zuten, eta, hortaz, 2003an laga zioten behin betiko lan egiteari Almadengo meategian.
Munduko merkurio-meategi handiena itxita dago, beraz, eta ez erraietan zinabriorik ez duelako, Europako Batasunak merkurioa erauztea debekatu duelako baizik. Angel Hernandez geologoak 29 urtez egin zuen lan Almadenen, eta oso penatuta dago kontu horrekin. Hernandezen esanean, segurtasun-neurri zorrotzenak betetzen zituzten, bai langileen osasunari dagozkionak eta baita ingurumenari dagozkionak ere. Froga gisa duela hamabost bat urte Estatu Batuetako EPAk (Ingurumena Babesteko Agentzia) egindako azterketa epidemiologiko bat du: ez omen zuten ezer nabarmenik aurkitu, ez eskualdeko bizilagunetan, eta ezta landaretzan eta faunan ere.
Orain, Almadenen aro berri bat hasi dute. Bisitarientzat prestatu dute: ingurua txukundu dute, meatzarien museo bat ireki, eta meatzaritza-parke bat ere prestatu dute, non meategiaren barrualdea bisita daitekeen. Almadenen, merkurioa historia da gaur egun, baina, munduan, oraindik irekita dago merkurioaren historia-liburua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia