}

Birus denak ez dira gaiztoak

2007/09/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Birusek ospe txarra dute, bai biologian bai medikuntzan, eta zer esanik ez informatikan. Hala ere, badaude ontzat hartzeko arrazoiak, denak ez baitira patogenoak; aitzitik, batzuk ezinbestekoak ditugu. Agian jendeak hobeto ezagutuko balitu, ez lukete hain izen txarra izango. Bakterioekin gertatu da: lehen gaixotasun-iturritzat bakarrik hartzen ziren, eta orain jendeak badaki edonon daudela, eta asko oso onuragarriak eta, are, nahitaezkoak direla gure garapenerako eta osasuntsu izateko.

Birusak izaki sinpleenak dira. Irudian, T4 birusaren egitura.
(Irudia: Purdue Unibertsitatea)

Birusak merezi duten lekuan jartzeko, lehenik eta behin komeni da jakitea sekretu baten jabe direla: biziaren jatorriaren berri dute. Ikuspegi horrekin ari dira lanean orain zientzialariak. Jada ez dituzte bizkarroi kaltegarritzat jotzen, baizik eta biziaren jatorria ulertzeko giltza gisa. Izan ere, seguru asko, zelularen oinarria dira.

Berez, birusak izaki sinpleenak dira. Material genetikoa (DNA edo RNA) eta hura inguratzen duen bilgarri proteiko bat besterik ez dute (kapsidea). Beste bizidun baten "laguntzarik" gabe, ez dira ugaltzeko gai; hori dela eta, batzuentzat birusak ez dira bizidunak. Auzi hori alde batera utzita, ukaezina da, beste bizidun baten barruan ez badaude, inerteak direla, bizirik gabekoak. Baina aurrera egiteko gai dira, hala ere.

Erabateko bizkarroiak dira, eta, ugaltzeko, lehenik zelula baten barrura sartu behar dute. Gero, zelularen osagaiak erabiltzen dituzte beren material genetikoa eta kapsidea egiteko; hala, birus-ale berriak sortzen dira zelularen barruan. Zenbaitetan, prozesu hori kaltegarria da zelularentzat, eta, beraz, organismo osoarentzat. Organismoa infektatuta dagoela esaten da orduan, eta, hain zuzen, infekzioa saihesteko eta gainditzeko bideak asmatzen saiatzen da medikuntza.

Izaki primitiboenak

Baina, beste era batera begiratuta, miresgarria da hain osagai gutxirekin aurrera egitea. Oinarri-oinarrizkoa besterik ez dute, eta horregatik uste dute zientzialariek bizidunen zuhaitz genealogikoaren sustraia izan daitezkeela. Haien material genetikoa berezia da: gainerako bizidunak DNAn oinarritzen badira ere, birus batzuek DNA baino are molekula sinpleago baten bidez gordetzen dute beren material genetikoa; RNA da molekula hori. Hortaz, badirudi izaki primitiboenak direla, alegia, lehen bizidunak direla.

Horrez gain, DNA duten birusen DNA bera ere ez da gainerako bizidunena bezalakoa. DNA lau basez osatuta dago, eta horietako bat timina da, birusetan izan ezik. Birusek uraziloa dute timinaren ordez, eta horixe da RNAren eta DNAren arteko desberdintasun nagusietako bat. Horrenbestez, hainbat ikertzaileren esanean, birusak dira DNAren ‘asmatzaileak’.

Biziaren lehen pausoen protagonistak izateaz gain, gerorago ere eboluzioan parte-hartze garrantzitsua izan zutela dirudi. Lehenengo bizidunak zelulabakarrak ziren, eta, behar bada, birus batek infektatutako organismo zelulabakar batetik abiatuta sortuko zen zelula eukariotoa, hau da, animaliek, landareek, eta onddoek duten zelula-mota, aurrekoa baino konplexuagoa. Hortaz, nolabait, birusei zor diegu gure izana.

E z hori bakarrik: gure DNAren parte handi batzuk birusek utzitako herentzia dira. Alegia, gure geneetako asko birusek utzitako arrastoak dira. Areago, ezinbestekoak izan dira gizakiaren eboluzioan. Hain zuzen ere, birusen erasoei aurre egiteko gai izan diren organismoek iraun dute, eta besteak galdu egin dira.

Gure DNAren parte handi batzuk birusek utzitako herentzia dira.

Birusek, gainera, eragin handia dute infektatzen dituzten organismoen funtzio fisiologiko garrantzitsuenetan, hala nola enbrioiaren garapenean eta erantzun immunologikoan. Hala, besteak beste, birusek izan duten eraginaren ondorioz garatzen da enbrioia eta funtzionatzen du immunologia-sistemak egiten duten moduan, eta ez beste era batera.

Bestalde, paradoxa dirudien arren, birusek gaixotasunetatik babesten gaituzte. Kontuan izan behar da 10 31 birus desberdin daudela; beste erreinuetako bizidun guztiak batuta baino dibertsitatea handiagoa dago birusen artean. Bada, horietako gutxi batzuk baino ez dira patogenoak; zehazki, 200 inguru dira kaltegarriak gizakiarentzat. Beste asko, ordea, mesedegarriak dira. Izan ere, “gure etsaien etsaiak gure lagunak dira†esapidea erabat zuzena da birusez ari garela.

Mesederako erabili

Birusak hainbat gaixotasun sendatzeko tresna baliagarriak izan daitezke.

Ikertzaileak orain ari dira ikasten nola erabili birusak gure mesedetan. Zenbait birus, bakteriofagoak, bakterioen etsaiak dira berez, eta sendagileak tratamendu batzuetan haiek erabiltzen hasiak dira, antibiotikoen ordez. Minbiziaren aurka ere baliagarriak izan daitezkeela frogatzen ari dira. Parbobirusek, esaterako, ez dute kalterik egiten, baina tumore-zelulak suntsitzeko gai direla ikusi dute; orain nola erabili jakitea bakarrik falta zaie.

Azkenik, gene-terapian tresna baliotsua dira, ikertzaileek gene-garraiatzaile gisa erabiltzen baitituzte. Hain zuzen, zelula baten genoman gene arrotz bat txertatu nahi dutenean, birusez baliatzen dira genea garraiatzeko eta txertatzeko.

Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta alderdi onuragarri gehiago aurkitzen ari dira ikertzaileak birusetan. Hala ere, kostatuko zaie hiesak eta beste birus kaltegarriek multzo osoari eman dioten ospe txarra kentzea!

Gara-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia