Bakterioa ala kameleoia?

2002/08/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Bakterioek, oro har, estalkia izaten dute, barneko egiturak babesten dituen pareta berezia. Eta pareta horren osagaiek eta egiturak baldintzatu ohi dute bakterio bakoitzaren portaera. Pareta horretako molekulek mugatzen dute antibiotikoekiko erresistentzia, birusen edo sistema immunologikoaren erasoekiko sentiberatasuna edo jasan ditzaketen gehieneko tenperatura, presioa eta azidotasuna.

Normalean bakterioak aukeratzen ditu molekula horiek, baina ez beti, Japoniako ikertzaileek argi ultramorearen pean dirdiratzen duten E. coli bakterioak sintetizatzea lortu baitute. Fluoreszina molekulak txertatu dizkiete E. coli bakterioak kanpoko pareta eraikitzeko erabiltzen dituen molekulei, eta kultiboan ipini dituzte hazten ari ziren bakterioekin batera.
Emaitza: estalki fluoreszenteko bakterio osasuntsuak.

Ikertzaileek esan dutenez, aplikazio ugari izan ditzake halako ikerketa batek. Hasteko, kolore desberdinetako estalkien bidez, bakterioak bereizteko metodoa gara dezaketela uste dute, baina adibide gehiago ere eman dituzte. Esaterako, bakterioek botika berriak probatzeko balio dezakete gizakien zelulen antza duten estalkiak ipiniz gero, edo patogenoz mozorrotuta txertoetan erabil daitezke.

Ikerketa Journal of the American Chemical Society aldizkarian argitaratu da eta Nature aldizkariak jaso du bere web gunean.