Anfibioen gainbehera murrizteko neurriak proposatu dituzte Aranzadik antolatutako jardunaldian

2020/12/09 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Ion Garin Barrio/Aranzadi

Aranzadi Zientzia Elkarteak Anfibioen Kontserbaziorako III Jardunaldiak antolatu zituen urriaren 16 eta 17an, anfibioen mehatxu nagusiak identifikatu eta populazioen jarraipenak egiteko erabiltzen diren prozedurak fintzeko. Adituek agerian utzi zuten ikerketa, kudeaketa eta dibulgazioa uztartzen dituzten ekimenak jarri behar direla lehenbailehen abian, beranduegi izan baino lehen.

Anfibioak dira lurreko ornodun-talde mehatxatuena; espezieen heren bat baino gehiago dago arriskuan. Euskal Herria “puntu berotzat” jotzen da Europa mailan, anfibio biodibertsitatearen ikuspuntutik, eta neurriak hartu behar direla adierazi dute. Nafarroan eta EAEn, esaterako, 18 espezie bizi dira, eta erdiak espezie mehatxatuen zerrendan sartuta daude.

Baso-igel iberiarra. Arg. Ion Garin Barrio/Aranzadi

Anfibioen mehatxu nagusia habitataren suntsipena edo eraldaketa da, horrekiko menpekotasun handia baitute ornodun hauek. Besteak beste, zuhaitz-landaketa monoespezifikoek dute eragin zuzena, jada muturreko kasu bihurtu den eta nabarmen zabaltzen ari den eukaliptoa bezala. Oso kezkagarriak dira, halaber, anfibioen gaixotasun emergenteak: populazio eta espezie osoak desagerrarazi dituzte, baita itxuraz ongi kontserbatutako lekuetan ere. Patogeno nagusiak onddoak (kitridioak) eta ranavirus generoko birusak dira. Katalunian arrabioen lehen kitridiomikosi-kasua detektatu berri denez, EAEn eta Nafarroan prebentzio-neurriak hartu beharko liratekeela ondorioztatu dute jardunaldian parte hartu zuten adituek, ahal den neurrian gaixotasun horien sarrera ekiditeko. Neurri orokor hauek proposatu dituzte:

Anfibio-espezie exotikoen salmenta kontrolatzea.

Desinfekzio-protokolo eraginkorrak abiaraztea, onddoa ingurumenean hedatu ez dadin.

Gaixotasun emergenteen problematikaren inguruko dibulgazio-kanpainak egitea.

Patogeno horiek ingurunean duten presentzia aldian-aldian aztertzea.

Gainera, anfibioak mundu osoan daudenez talde gisa mehatxatuta, dagoeneko mehatxupean dauden espezieen jarraipenaz gain, espezie arrunten jarraipena ere egitea komeniko litzake. Hauekin agerian gera baitaitezke epe motzean espezie arraroak aztertuta hauteman ezin diren populazio-gainbeherak.

Arg. Ion Garin Barrio/Aranzadi

Jardunaldian beste arazo bat ere nabarmendu zuten: gizarteak anfibioen inguruan duen ezjakintasuna. Hortaz, anfibioen eta haien gainbeheraren inguruko dibulgazio-kanpainak sustatu behar dira, gaur egun hedabideetan eragin handia duten beste bi gaiekin lotuta: biodibertsitatearen galera eta klima-larrialdia. Jardunaldian parte hartu zutenen arabera, eskolek eta hedabideek funtsezko zeregina dute anfibioen arazoaren transmisioan, eta hau da lanerako une egokia, kontuan izanik gizartea krisialdi eko-sozialaren aurrean sentsibilizatzen hasia dela.

Hauek dira jardunaldian ateratako ondorio nagusiak:

Beharrezkoa da ezagutza eta, ondorioz, zientziaren aldeko apustua egitea.

Esanguratsua da EAEko anfibio-populazioen egoerari buruzko ezjakintasuna. Ezinbestekoa da epe luzeko populazio horien jarraipena egitea, haien bilakaera ezagutu eta mehatxuak atzeman ahal izateko.

Arreta handiagoa jarri behar zaie mehatxu-kategoria handiena duten espezieei. Baina espezie arruntek eta ugarienek epe luzera anfibioen gainbehera globalaren edota gaitzen agerpenaren berri eman dezakete. Haiek kontuan hartu gabe, nekez detektatuko dira.

Erne egon behar da gaixotasun emergenteen balizko agerpenarekin eta plagizidek ingurune naturalean izan dezaketen eraginarekin, jarraipen espezifikoak antolatuz.

Zenbait habitat —hala nola, nekazaritza-ingurune tradizionalak— egokiak eta beharrezkoak dira espezie batzuk kontserbatzeko; eukaliptoak bezalako espezie exotikoen monokultiboek, ordea, baso itxura izan arren, tranpa ekologiko gisa funtzionatzen dute.

Anfibio exotikoak merkaturatzeko bideen gaineko kontrola zorroztu behar da, bai zuzenean eta bai interneten bidez saltzen direnenak.

Herritarrak hezten saiatu behar da, anfibioen manipulazioa saihestu dezaten eta haien harrapaketa eragotzi dadin (arrautzak, zapaburuak, gazteak zein helduak izan).

Anfibioei eta haien gainbeherari buruzko dibulgazio-kanpainak bultzatu behar dira, mehatxu-faktore nagusienen intzidentzian arreta berezia ezarriz; esaterako, habitaten suntsiketan eta gaixotasun emergenteetan.

Etorkizunerako, funtsezkoa da eskoletan anfibioen garrantziaren inguruan  eta, oro har, biodibertsitatearen inguruan heztea.

Komunikabideek zeregin garrantzitsua izan dezakete anfibioen arazoa eta biodibertsitatearen galeraren inguruko sentsibilizazio sozialean.

Jardunaldiaren antolatzaileek denon eskura jarri dituzte hitzaldietako bideoak eta ondorioak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia