}

Sateliteen gorakadari eusteko beharraz ohartarazi dute

2023/10/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sateliteen-gorakadari-eusteko-beharraz-ohartarazi
Starlink sateliteen arrastoa zeruan. Arg. Egon Filter / CC-BY 4.0

Orbita baxuko sateliteentzako baimenak zorrotzago erregulatzeko beharraz ohartarazi dute aditu batzuek, Science aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Izan ere, dagoeneko milaka satelite daude espazioan, eta sekulako igoera aurreikusi dute.

Esaterako,  4.500 Starlink eta 630 OneWeb satelite inguru daude orbitan dagoeneko. Baina, dirudienez, hori hasiera besterik ez da. Izan ere, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunean irrati-frekuentziak erabiltzeko jasotzen ari diren eskaerek erakusten dute, kopurua izugarri handitu daitekeela hurrengo urteetan. Adibidez, Starlink baino askoz handiagoak diren konstelazioentzako eskaerak jaso dira dagoeneko; hala nola 337.000 satelitez osatutako Cinnamon 937 konstelazioa. Mila satelitetik gorako 90 konstelazio baino gehiagorentzako esakerak daude; eta, eskaera guztiak kontuan hartuta, orbitan dauden satelite kopuruan 115 aldiz handituko litzatekeela kalkulatu dute.

Satelite-kopurua handitzeak hainbat arazo eragin litzake: ikerketa astronomikoak oztopatzea, orbitan talkak gertatzeko arriskua handitzea, orbitan hondakinak sortzea… Eta, areago, adituek ohartarazi dute “espazio orbitala baliabide mugagabe gisa tratatuz, segurtasun- eta jasangarritasun-erronka handiak sortzen ari dela gizateria”. 

Gainera, aukera ikusten dute indarrean dagoen araudian hobekuntza esanguratsuak egiteko. Eta, hala, eskatu dute azaroan egitekoa den Munduko Irrati Konferentzien biltzarrean orbita baxuko sateliteen erregulazio zorrotzago bat gara dezatela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia