Nafarroako ezpelaren sits-izurriteari aurre egiteko biointsektizidak erabiltzea proposatu dute NUPeko ikertzaileek
2021/06/15 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nafarroan 2014etik ezpela pairatzen ari den sits-izurritea dela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek proposamen bat egin dute: bakterio bat erabitzea intsektizida gisa. Izan ere, hainbat bakteriok sortzen duten toxinek modu eraginkorrean hiltzen dute ezpela gaixotzen duen sitsaren harra.
Aurretik, sitsaren arrautzak parasitatzen dituen liztor txiki batez egin izan da proba Nafarroan, baina ez du eman beste herrialdeen pareko emaitza onak. Lortutako parasitazio-ehunekoa ez zen nahikoa izan izurritea modu eraginkorrean kontrolatzeko. Ikertzaileek ez dakite zergatik ez den izan eraginkorra, baina baliteke ezpelaren baldintzengatik izatea: altitudea, klima eta abar.
Horren aurrean, NUPeko ikertzaile Rosa Murillo Pérez eta Iñigo Ruiz de Escudero Fuentemillak biointsektizida mikrobioanoak garatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin eta GAN-NIK enpresarekin. Zehazki, uztailean hasiko dira larriki kaltetutako Nafarroako eremuak aztertzen, sitsaren larbak hiltzeko ahalmena duten patogeno autoktonoak bilatzeko; ezpela bizi den baso-sistemek eskatzen duten espezifikotasunarekin bateragarri diren bakterio zein birusak izan daitezke.
Badakite Bt bakterioa (Bacillus thuringiensis), esaterako, badela ezpel-sitsaren larbak hiltzeko gai. Beraz, Bt patogenoaren Nafarroako andui naturalak aurkitzea eta isolatzea dute helburu. Beste aukeretako bat bakulobirusarekin lan egitea litzateke (bakarrik intsektuei eragiten dien birus bat), eta birus horren bertako anduiak aurkitzen ere saiatuko dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia