}

Inoiz detektatu den energia handieneko neutrinoa behatu dute

2025/02/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

inoiz-detektatu-den-energia-handieneko-neutrinoa-b
KM3NeT detektagailuaren irudikapen artistikoa. Arg. Copyright KM3NeT/CC BY-NC 4.0

Inoiz detektatu den energia handieneko neutrinoa hauteman du nazioarteko ikertzaile-talde batek. Hain zuzen, orain arte detektatu izan direnak baino 30 aldiz energia gehiago du. Ikertzaileek oraindik ez dakite zein den neutrinoaren jatorria, baina uste dute eguzki-sistemaren kanpotik etorria izango zela. Nature aldizkarian eman dute horren berri.

Azaldu dutenez, KM3Net itsas azpiko teleskopioak jaso du neutrinoaren ebidentzia. Teleskopioa itsas sakonean dago, eta bi zati ditu: ARCA detektagailua, Siziliatik geru, neutrinoen astronomiara bideratuta, eta ORCA, Frantziako mediterraneotik hurbil, neutrino atmosferikoen oszilazioak neurtzeko. Neutrino batek detektagailuaren inguruan elkarrekintza izanez gero, partikula kargatuak sortzen dira, eta, horiek argi-erradiazioa igortzen dute.

Hala, KM3NeT/Arcak energia oso altuko muoi bat detektatu du. Energia eta norabidea aintzat hartuta, ikertzaileek ondorioztatu dute jatorri kosmikoko neutrino bat dela. Haien esanean, detekzio honek atea ireki die behaketa astronomiko berriei, zeinak aukera emango baitute energia handiko unibertsoa ezagutzeko.

Energia handiko unibertsoa gertakari izugarri bortitzen lekua da, eta han sortzen diren partikulen artean daude energia handiko neutrinoak. Adibidez, orain detektatu dutena iradoki dute agian sortu zitekeela izpi kosmikoek talka egitean hondoko mikrouhin-erradiazioko protoien aurka. Aurreratu dutenez, KM3NeT teleskopioa amaitutakoan, horrelako gertakariei buruzko informazio ugari jasoko dute, zehaztasun are handiagoz, eta, beraz, ezagutza handia ekarriko du unibertsoaren ikerketan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia