}

Fisikako Nobel Saria neutrinoen eta X izpien ikerkuntzari

2002/10/08 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Hiru astrofisikarik eramango dute Fisikako aurtengo Nobel Saria: Raymond Davis eta Ricardo Giacconi estatubatuarrek eta Masatoshi Koshiba japoniarrak.

Davis eta Masatoshik neutrino kosmikoen detekzioan egindako lanaren ordaina jasoko dute Nobel sariarekin; Giacconik, berriz, X izpien iturri kosmikoen aurkikuntzarena. "Ikertzaile hauek —adierazi dute Nobel Akademiako ordezkariek sariaren berri ematean— unibertsoko elementu txikiak aztertu dituzte, guk bestelako elementu handiak hobeto uler ditzagun; alegia, Eguzkia, izarrak, galaxiak eta supernobak hobeto ezagutzea. Horri esker, egun unibertsoaren ikuspegi berria dugu".

Ezker-eskuin: Raymond Davis, Ricardo Giacconi eta Masatoshi Koshiba

1930. urtean, Wolfgang Paulik —1945eko Nobel saridunak— unibertsoan neutrinoak egon zitezkeela iragarri zuen. 25 urte geroago, Frederick Reinesek —Nobel sariduna 1995ean— neutrinoak bazirela frogatu zuen. Iragarpenetik aurkikuntzara hainbeste denbora igarotzea ez da harritzekoa, neutrinoek ia ez baitute interakziorik materiarekin. Raymond Davisek neutrino-detektorea eraiki eta 30 urtez Eguzkiak igorritako neutrinoak detektatzeko lana egin du. Masatoshi Koshiba japoniarrak, detekzioak egiteko beste tresna batekin, Davisen emaitzak egiaztatu ditu eta, aldi berean, supernova baten leherketan sortutako neutrinoak detektatzeko gai izan da. Ikertzaile bi horien lanaren ondorioz, aurkikuntza harrigarriez gain, ikerketa-lerro berria ireki da: neutrinoen astronomia.

Eguzkiak eta gainerako izarrek hainbat uhin-luzerako erradiazio elektromagnetikoa igortzen dute, tartean X izpiak. Lurreko atmosferak xurgatzen dituen X izpi kosmikoen iturriak ikertzeko tresna bereziak behar dira. Ricardo Giacconi estatubatuarrak lan horretara bideratutako tresnak egin ditu . Ondorioz, bera izan da eguzki-sistematik kanpoko lehen X izpien iturria aurkitu duena, eta baita unibertsoak hondoko X izpien argia duela frogatu duena ere. X izpietan oinarritutako lehen teleskopioa ere Giacconiren emaitza da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia