Zelula amak, klonazioz lortutako giza enbrioitik abiatuta

2001/11/26 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Klonazioz giza enbrioia garatu duela argitaratu du Advanced Cell Technology (ACT) ikerketa-enpresa pribatuak. Zelulak birprogramatzen ikasteko ahaleginean aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke.

Hau da giza enbrioia klonatu dela argitaratu den lehenengo aldia. Giza zelula somatiko bati –germinala ez den bati, hau da, obulua zein espermatozoidea ez den bati– nukleoa kendu eta informazio genetiko nuklearrik gabeko obuluan sartuz lortu dute enbrioia klonatzea; orain arte bestelako ugaztun-espezieekin erabilitako teknika beraz, alegia. Era horretara, genetikoki jatorrizko zelula somatiko horren berdina den enbrioia garatu dute.

Enbrioia emakumezko baten uteroan sartuko balute, izaki bizidun berria garatuko litzateke (gizakion ugalketarako klonazioa deritzo horri); baina enbrioia sortu eta egun gutxira manipulatzen bada, ordea, zelula amak erauzi ahal izango dira. ACT enpresak adierazi duenez, azken hori da emango dion erabilera bakarra, hau da, enbrioien klonazio terapeutikoa.

Ugalketarako klonazioa debekatuta dago herrialde gehienetan. Klonazio terapeutikoa, ordea, AEBetan eta Erresuma Batuan baimenduta dago. AEBetan ezin da diru publikorik erabili klonazio terapeutikoa helburu duten ikerketetan (enpresa pribatuek beren kabuz egin badezakete ere), baina Erresuma Batuan finantziazio publikoaz egiten ere hasi dira. Euskal Herrian, berriz, in vitro ernalkuntzan soberan geratu diren enbrioietatik eratorritako zelula amak ikerketarako erabiltzea ere debekatua dago.

Zelula amak gorputzeko edozein zelula-mota izateraino espezializa daitezke. Lehenago lortu izan da klonazioa ez den beste bide batzuetatik giza zelula amen lerroak garatzea, baina giza transplanteetan erabilpen eskasa dute. Izan ere, gorputzak arrotz modura ezagutuko lituzke. Klonazioz lortutakoez, ordea, pertsona zehatz baten ezaugarri genetiko eta somatikoak izango dituzten organo, ehun eta zelulak lortu ahal izango dira. Horrela, gaixotuz gero, norbera izango litzateke transplanteetarako ehun eta organoen iturri. Horrek transplanteek sortarazi ohi dituzten arazoak saihestuko lituzke, eta gaixotasun degeneratiboak tratatzeko bidea irekiko luke: besteak beste minbizia, nerbio-sistemaren endekapenezko gaixotasunak (Alzheimerra eta Parkinsona, esaterako), hiesa, diabetea, etab.

Klonazioan badago bereziki zaila den prozesu bat, zelula somatikoen birprogramazioa. Zelulak ADNa metilatuz kontrolatzen du zein gene espresatu behar diren eta zein ez; marka molekularra –metiloa– lotzen die espresatu nahi ez dituen geneei. Obogenesian eta espermatogenesian gertatzen da zelula germinalen birprogramazioa. Ernaldu ostean eta enbrioiaren garapenean zehar metilazioa aldatuz doa. Horrela, zelula enbrionario batean gene batzuk espresatuko dira, eta ‘zahartu’ eta espezializatu ahala, beste batzuk. ADNa erauzi zaion zelula somatikoa zelula ‘zaharra’ denez, hortik abiatuta aterako litzatekeen enbrioiak ez lituzke izango enbrioiek berez izaten dituzten ezaugarriak.

Orokorrean enbrioietatik zelula amak lor daitezke, baina klonatutako enbrioiak zelula ‘zahar’ baten ezaugarriak izango ditu (zelula somatiko garatu batetatik hartu da ADNa), eta ez du zelula amarik eratuko, klonatzeko erabili den ADNaren jatorrizko zelula baizik. Horregatik, obuluan sartzean ADNa birprogramatu egin behar da, markaketa molekularra aldatu, zelula ‘gazte’ baten modura gara dadin. Baina obogenesian eta espermatogenesian prozesu motela dena, hemen minutu gutxitan egin behar da eta, ondorioz, akatsak gertatzen dira. Hori izaten da klonazioaren arazorik larrienetako bat, ADNaren birprogramazioa. Baina argitaratu berri den lan honek posible dela utzi du agerian berriz ere.

Hala ere, klonatzeko beharrezkoa den birprogramazio horrek zelulen bikoiztean informazio genetikoaren transmisioan arazo larriak eragiten ditu. Hori dela eta, enbrioi horrekin gizakia klonatu nahiko balute, oztopo garrantzitsua izango litzateke hori, fetuak ez baitira bideragarriak izaten –jaio aurretik hil egiten dira–.

Giza klonazioari buruz informazio gehiago nahi duenak egin klik hemen