Txertoen aurkako jarrera pandemiaren garaian

2020/05/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txertoen aurkako jarrera indartzen ari da Facebooken eta beste eremu batzuetan. - Arg. Mircea Iancu

Batek pentsa dezake txertoen aurkako mugimendua apaldu egingo zela azkenaldian, ustez txertoa baita COVID-19ari aurre egiteko irtenbiderik eraginkorrena.

Alabaina, ez dirudi hala denik, Facebooken egindako azterketa batek erakutsi baitu gutxi direla txertoen kontrako jarrera dutenak, baina besteek baino interakzio gehiago izaten dituztela eta eragin handia dutela. George Washington Unibertsitateak gidatu du ikerketa, eta Nature aldizkariak eman du emaitzen berri.

Zehaztu dutenez, Facebooken txertoei buruzko iritziren bat ematen duten ia 100 milioi pertsonaren iritziak arakatu dituzte ondorioak ateratzeko, eta sare sozial hori aukeratzeko arrazoia ere eman dute: Twitterren, akademikoek ere parte hartzen dute; aldiz, Facebooken komunitateak dira nagusi, eta ez dute mugarik luze aritzeko, elkar elikatzeko eta ideiak sakonean garatzeko.

Hala, txertoen gaineko taldeak bildu dituzte, herrialde guztietakoak eta edozein hizkuntzatakoak, eta hiru taldetan bereizi dituzte: zalantzatiak, aldekoak eta aurkakoak. Jarraian, mapa bat osatu dute, ikusiz talde bakoitzak zer orrirekin duen harremana, eta orri bakoitzak zenbat jarraitzaile dituen. 

Maparen arabera, txertoen aurkako orriak gutxiengoa dira, baina sarearen erdialdean daude kokatuta. Horrek esan nahi du elkarrekintza ugari dituztela, eta talde neutroekin harreman estua dutela. Aldiz, txertoen aldekoak maparen ertzetan ageri dira.

Zabaltzen dituzten edukiei erreparatuta, ohartu dira aldekoek mezu bakarra ematen dutela: «Txertoak onuragarriak dira, bizitzak salbatzen dituzte». Aitzitik, aurkakoek era askotako mezuak hedatzen dituzte; ez bakarrik txertoek kalte egin dezaketela, baizik eta gizarte-antolamenduarekin edo sistemarekin zerikusia dutenak: seme-alaben ardura izatea, medikuntza alternatiboa hobea dela, txertoak sistemaren tresna bat direla…

Hortaz, ez da erraza txertoen aurkakoen iritzia aldatzeko estrategiak sortzea, arrazoi bat baino gehiagotan oinarritzen baitute beren ustea. Eta ez dirudi COVID-19aren larritasunak eraginik izan duenik. Frantzian konfinamenduaren inguruan egin den galdeketa batean (COCONEL), ikusi dute lau biztanletatik batek uko egingo liokeela COVID-19aren aurkako txertoari, eskuragarri egongo balitz.

Konfinamenduaren aurretik ere, Europako bost herrialdetako gurasoen txertoekiko konfiantza neurtu zuten, eta Frantziakoak ziren konfiantza txikiena zutenak. Beste muturrean Espainiakoak zeuden, eta, tartean, Italia, Alemania eta Erresuma Batukoak. Frantziako inkesta horren arabera, txertoekiko errezeloa areagotu egin da orain. COVID-19aren balizko txertoari uko egiteko arrazoi nagusia da arriskutsua deritzotela hain azkar garatutako txerto bati. Beste batzuk txerto guztien aurka daude, eta, azkenik, ehuneko txiki batek alferrikakoa dela iritzi dio, COVID-19a ez omen da-eta hain larria.

Facebookeko azterketaren egileen esanetan, funtsezkoa da txertoaren garapena gardena eta argia izatea, bestela haren aurkako errezeloa handitzeko arriskua baitago. Hain zuzen, badaude mugimenduak txertoaren ikerketa azkartzeko: haietako batzuek boluntarioak eskatzen dituzte, nahita infektatu eta lehenago probatu ahal izateko txerto esperimentalaren eraginkortasuna. Halako bidezidorrek sortzen dituzten zalantza etikoez gain, kontuan hartzekoa da jendearen iritzian izan dezaketen eragina. Porrot onartezina izango litzateke txertoa garatzea, eta gero jendeak txertaketei uko egitea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia