}

Pobrezia eta buruko gaitzen arteko erlazioa hausteko bidea proposatu dute

2020/12/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pobrezian bizi diren pertsonei gehiago eragiten diete buruko gaixotasunek. Bi faktoreen artean, erlazioa bi noranzkokoa da, gainera: pobreziak buruko gaitzak eragiten ditu, eta buruko gaitzek pobrezia. Bien arteko harremana aztertu du Science aldizkariak argitaratutako berrikuspen batek. Ikerketaren arabera, posible da bien arteko lotura haustea interbentzio-politika egoki batez. Are gehiago, COVID-19aren larrialdia dela eta, premiazkoa bihurtu da osasun mentalean inbertsio handia egitea, pandemiak neurriz kanpo eragin baitie pobretuei.

pobreziaren-eta-buruko-gaixotasunen-arteko-lotura-
Arg. PxHere

Ikertzaileen ustez, gakoa da ondo ulertzea zer lotura dagoen pobreziaren eta buruko gaitz ohikoenen artean (depresioa eta antsietatea). Izan ere, oinarrian dauden mekanismoak ulertuta bakarrik diseinatu ahal izango dira ongizate psikologikoa hobetzeko eta pobrezia murrizteko interbentzio eta politika eraginkorrak.

Bi noranzkotasun hori ulertu nahian, esperimentu ekonomiko naturalek zein eragindakoek utzitako emaitzak aztertu dituzte Harvard Unibertsitateko ikertzaileek. Pobreziak buruko gaixotasunak zer mekanismoren bidez eragiten dituen aztertzean, hainbat faktore azaldu dira: diru-sarreretan etengabeko ziurgabetasuna izateak estresa eta kezka sortu ohi ditu, eta horrek berak kolokan jar dezake buruko osasuna; estatus sozial txikiagoa izateak ere badu ondoriorik, lotsa eta isolamendua eragiten baititu. Bestetik, diru-sarrera eskaseko pertsonak askotan kutsadura handiko hiriguneetan bizi direnez, neurotoxizitateaz gain, aktibitate fisikoa egiteko zailtasunak eta lo egiteko zailtasunak izan ditzakete. Gainera, pobreziak eragiten duen elikadura ezegokiak osasun fisikoa okertu, eta gaixotasun akutuak eta kronikoak sor ditzake.

Ikertzaileek nabarmendu dute pobreziak bizitzaren lehen etapetan modu berezian eragiten duela. Umetokitik hasita, haurdun diren emakumeek pairatzen duten estresa eta desnutrizioak eragin zuzena du haur horien etorkizuneko osasun mentalean. Jaio ondoren ere, pobreziak garuna oso plastikoa duten bitartean eragiten dienean, ondorio zuzenak izaten ditu garunaren garapenean eta geroko gaitasun kognitiboetan eta buruko osasunean.

Bestalde, alderantzizkoa ere aztertu dute, hau da, buruko gaixotasunek zer mekanismoren bidez eragiten duten pobrezia. Hainbat faktore azaldu dira: depresioak eta antsietateak funtzio kognitiboetan eta pentsamoldean eragiten dute, eta oroimenak zein autopertzepzioa desitxuratzen dituzte. Horrek zuzenean eragiten du erabakiak hartzeko gaitasunean eta, ondorioz, emaitza ekonomikoetan; besteak beste, arriskuak hartzeko gaitasuna, altruismoa eta pazientzia ere murrizten direlako. Lanerako motibazioan eta produktibitatean ere eragin dezakete, neke kronikoa eta kontzentrazio-falta pairatzen baitituzte maiz. Gazteei bereziki eragiten diete buruko gaixotasunek, askotan bigarren eta hirugarren hezkuntzan zein bizitza laboralaren hasieran azaltzen direnez, bete-betean oztopatzen baitiete gaitasunak eskuratzeko prozesua bera.

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa

Pobreziak eta buruko gaitzek elkar elikatzeaz gain, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira; zuzenean eragiten dienaz gain, baita gurasoen buruko gaitzek haurren zaintzan duten eraginagatik ere. Ikertzaileek nabarmendu dute behar-beharrekoa dela belaunaldien arteko transmisioa eteteko esku-hartze ekonomikoak eta psikologikoak egitea.

Esku-hartzeei dagokienez, adierazi dute, batetik, ziurgabetasuna murriztuko duten diru-sarrerak bermatu behar direla, eta, bestetik, laguntza psikologikoa ere eskaini behar dela. Izan ere, bi esku-hartzeak elkarrekin konbinatuta eragina biderkatu egiten dela ikusi dute. Etorkizunerako ezinbesteko inbertsioa dela iritzi diote.

Arazoa da osasun mentaleko zerbitzuek apenas dutela baliabiderik, osasun fisikoko zerbitzuen aldean. Batez beste, osasun-aurrekontuaren % 1,7 bakarrik gastatzen da buru-osasunean. Herrialde txiroenak datu horietatik urruti daude, gainera: herrialde aberatsek 100.000 biztanleko 31 psikologo dituzten bitartean, herrialde pobreek 0,1 psikologo besterik ez dituzte. Horregatik, herrialde batzuetan jada hasi dira osasun-langile ez espezializatuak trebatzen, tratamendu psikologiko labur baina eragikorrak ikasteko programak abiatuta. Emaitza onak eman dituzte, esaterako, emakumeak ahalduntzeko programek, laguntza komunitarioko programek eta osasun mentalari buruzko hitzaldiak eta elkarrizketak antolatzeak. Herri txiroetan, 6 aldiz handitzen da laguntza eskatzen duten depresiodun pazienteen kopurua, soilik gaitzari buruzko elkarrizketak antolatuta. Kostu ekonomiko txikiko ekintzak dira, gainera.

Hori bai, esku-hartzeak benetan eraginkorrak izan daitezen ikerketa gehiago egin behar dela diote, zehazteko nola eta noiz gauzatu behar diren. Adibidez, Indonesiako nekazariei lehorteak eragindako kalte ekonomikoak murrizteko neurrietan, lehortearen lehenengo olatuan bertan diru-transferentzia txiki bat egiteak, % 18 murriztu zuen bere buruaz beste egindako nekazarien kopurua, beranduago jaso zutenen aldean.

Arrisku-faktore berriak

Etorkizunera begira arrisku-faktore berriak identifikatu dituzte ikertzaileek, ordea: batetik, klima-larrialdia hasi da jada buruko osasunean eragiten, gehiegizko beroaren bidez eta klimaren erlazionatutako hondamen naturalen bidez; globalizazioak eta aldaketa teknologiko azkarrek ere ondorioak izaten ari dira pobrezian bizi den jendearengan, lana galdu baitezakete merkataritza-ereduak aldatzeagatik eta automatizazioagatik; sare sozialek eta Interneteko etengabeko sarbideak ere eragin zuzena dute osasunean, depresioa zuzenean lotzen baita Internetekiko mendekotasunarekin; eta, azkenik, osasun publikoko krisialdiek, COVID-19aren pandemiak kasu, neurriz kanpo eragiten die pobrezian bizi direnei.

Hain zuzen ere, 2008ko krisialdian etsipenak eragindako heriotza-kopuru ikaragarria ikusita, kezka adierazi dute ikertzaileek, COVID-19aren ondorioz etorri daitekeen larrialdi ekonomikoak buruko osasunean izan ditzakeen ondorioak direla eta. Aspalditik eman behar zitzaion lehentasuna osasun mentalean inbertitzeari, baina, orain, premiazkoa bihurtu dela diote.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia