}

NextGeneration EU funtsak

2023/03/03 Begiristain Zubillaga Mirene - EHUko iraskaslea. Ekonomialaria eta agroekologian ikertzailea | Perez Lázaro, Ruth - Aholkularia eta ikertzailea trantsizio hidrikoan eta ura eta saneamendua eskura izateko giza eskubidean Iturria: Elhuyar aldizkaria

nextgeneration-eu-funtsak
Arg. Ana Galarraga Aiestaran

 Espainiako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko funtsak bideratzeko modu nagusia Ekonomia Suspertu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak (ESEPE) dira. Plan hori 2021eko apirilaren 27an onetsi zen, eta NextGeneration EU berreskuratze-plan europarra Espainiara ekartzen du. Finantza-arkitektura horren abiapuntuko helburua koronabirus-pandemiaren eragin ekonomiko eta soziala arintzea zen, eta Europako ekonomia eta gizarteak jasangarriagoak eta erresilienteagoak egitea. Egun 11 dira onartutako ESEPEak, eta haietako bost aztertu ditu­gu Inbertsio publikoak, trantsizio ekofeminista ahul­tzeko bide berriak txostenean1; zehazki esanda, —ustez— osasunaren, energiaren, nekazaritzako elikagaien, uraren eta zainketen arloei buruzkoak izan ditugu aztergai. XXK, ODG, OMAL eta ESF erakundeek egindako azterketa horren helburua izan da egungo politika ekonomikoei buruzko eztabaidan laguntzea ikuspegi ekofeminista batetik, eta ondorengo hipotesi hau berretsi da: finantziazio publiko izugarriak helburu teknokapitalista du, ez du etorkizun jasangarria bermatzen eta ez die erantzuten gizarte- eta ingurumen-beharrei.

Next Generation planak Europa osorako dituen 750.000 milioi euroetatik, Espainiako estatuan 72.000 milioi inguru inbertituko dira, dirulaguntzen bidez. 2022ko azaroaren 30eko datuen arabera, erkidegoen eskumenen arabera, Hego Euskal He­rri­an 1.233 M € jaso dira, 838 EAEn eta 395 Na­farroan; finantzatutako proiektuak Next Generation Euskadi-n eta Next Generation Nafarroa-n ikus daitezke.

Hemen ESEPE horietako biren azalpena jaso dugu: nekazaritzako elikagaiena eta uraren zikloaren digitalizazioarena.

1Analisi-txostena eskuragarri dago hemen:  https://omal.info/spip.php?article9844  eta  https://odg.cat/es/publicacion/los-perte-como-la-inversion-publica-socava-la-transicion-ecofeminista/ 

 

“Nekazaritza eta elikadura jasangarrirako beste atzerapauso bat”

Mirene Begiristain Zubillaga

EHUko irakaslea. Ekonomialaria eta agroekologiako ikertzailea

Nekazaritzako elikagaien ESEPEak nekazaritzako elikagaien kate osoa garatzea eta, horretarako, prozesuak digitalizatu eta ezagutza eta berrikuntza txertatzea du helburu. Xede orokor horretaz gain, hiru helburu estrategiko proposatzen ditu: 1) lehiakortasuna, 2) jasangarritasuna eta 3) trazabilitatea eta segurtasuna. Zeharkako laugarren helburua erronka demografikoa deiturikoa da. 2022ko otsailean onetsitako ESEPEak 1.002,91 milioi euroko inbertsio publikoa jaso zuen, hiru jarduera-ildotan banatuta: 1) Nekazaritzako elikagaien sektorearen industria indartzeko 400 M €, eta prozesuak automatizatzeko eta digitalizatzeko izango da (datuak, logistika, makineria modernizatzea, material berriztagarriekin ordeztea...); 2) Nekazaritzako elikagaien sektorea digitalizatzeko 454,35 M €, eta bertan Kit Digitala izenekoa da nabarmentzekoa (guztizko finantziazioaren % 27 dagokio); eta 3) Nekazaritzako elikagaien arloko ikerkuntza 148,56 M €, Nekazaritzako Elikagaien I+G+B eta Itsas Zientzietako I+G+B programetarako.

ESEPE honen arduradunak dira Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Ekonomia eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioa eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa. ESEPEa garatzeko gobernantza-ereduak bi maila ditu; alde batetik, ministerio artekoa, eta, bestetik, lankidetza publiko-pribatuak (LPP).

Helburuak, datuak eta exekuzio-bideak ikuspegi ekofeminista batetik aztertuta, sei elementu nagusi azpimarratu behar dira: 1) Ekoizpen-eredu produktibistan sakontzen da —zeina teknologien eta materialen mende baitago—, elikagaien ekoizpen-ereduaren muga ekosozialak eta haren eraginak eta inplikazioak zalantzan jarri gabe; 2) Elikagaien industria digital eta robotizatuarentzako finantziazioa da, eta ez nekazaritza- eta elikadura-sektore jasangarriago eta erresilienteagorako; 3) Nekazaririk gabeko nekazaritza bilatzen da, 4.0 nekazaritzarekin: blockchain teknologia, gauzen Interneta, adimen artifiziala, doitasunezko nekazaritza eta abeltzaintza. Ildo honek Euskal Herrian dagoeneko ikusten ditugun hainbat megaproiektu agroindustrial eta azpiegitura digitalizaturekin bat egiten du, eta sustatu egiten ditu; 4) Narratibak krisi sistemikoa negozio-aukerekin eta aukera-berdintasuneko mezu ba­tekin lotzen du; eta sinistarazi nahi du hazkundea bateragarria dela klima-aldaketaren aurkako borro­karekin, energiaren eta materialen kudeaketa jasangarriarekin, erronka demografikoarekin edo belaunaldi-erreleboarekin, bai eta gazteentzat eta emakumeentzat kalitatezko enplegua sortzearekin ere, besteak beste. 5) Gobernantza-ereduak zail­du egiten du gardentasuna, parte-hartzea eta kontrol-mekanismoak egotea, eta baztertu egiten ditu aliantza publiko-publikoak edota publiko-komunitarioak; eta 6) Elikagaien kontsumoa eta lurraldea errotik deslotzen ditu.

Ikuspegi ekofeminista batetik premiazkoa da eztabaidaren gakoak azaltzea. Izan ere, sakoneko arazoei heltzeko, ezinbestekoa da prozesu sozio-ekonomikoak birkokatzea, horretarako elikadura-sistema birlokalizatuz eta merkaturatze-kateak laburtuz. Proposamen publikoak planetaren mu­getara egokitu eta funtsezko lanak eta beharrak berrantolatzeko garaia da, nekazarien lana eta elikaduraren balioa handitzeko, eta ekoizpen- eta elikadura-eredu kaltegarriak eta beharrezkoak ez direnak murrizteko. Gako horietatik abiatuta, tran­tsizio ekofeministek bide emankorra dute egiteko; baina nekazaritzako elikagaien ESEPEa beste atzerapauso ilun bat da nekazaritzarako eta, oro har, elikadura-sistema jasangarri eta osasuntsu bat demokratizatzeko eta elkar zaintzeko bidean.

 

“Trantsizio hidriko ekofeministarako aukera galdua”

Ruth Perez Lázaro

Aholkularia eta ikertzailea trantsizio hidrikoaren eta ura eta saneamendua eskura izateko giza eskubidearen arloan

Ura oinarrizko eta funtsezko baliabidea da bizia bermatzeko; hala dio Uraren Zikloaren Digitalizazioaren ESEPEak. Alabaina, ESEPEak narratiba murriztailea eraiki du, klima-aldaketaren inpaktuak ildo nagusi hartuta. Ondorioz, ondasun komun horren dimentsioak ekonomiara murriztuta geratzen dira, planetaren muga fisikoei ez ikusiarena eginik eta energia- eta nekazaritza-ereduak edo pribatizazio-prozesuen ondorioak zalantzan jarri gabe. 

ESEPEaren helburua uraren kudeaketa-sistemak eraldatzea eta modernizatzea da, hala hiriko zikloei dagokienez, nola ureztatze-zikloei eta industria-zikloei dagokienez. Hauek dira haren helburu espezifikoak: 1) ur-erabileren ezagutza hobetzea; 2) ur-kudeaketaren gobernantza eta gardentasuna areagotzea; 3) Estatuko eta nazioarteko legeriak ezarritako helburuen betetze-mailan aurrera egitea; eta 4) kualifikazio tekniko handiko enplegua sortzea. Horretarako, digitalizazioa, berrikuntza eta prestakuntza dira tresna nagusiak. 

Uraren ESEPEak 3.060 milioi euro mobilizatuko ditu: 1.940 milioi inbertsio publikoaren bitartez, eta 1.120 milioi lankidetza publiko-pribatuen bitartez. Inbertsio handi horrek ura  eta saneamendua izateko giza eskubidea ezar zezakeen trantsizio hidriko feministara iristeko bide-orri gisa; baina Nazio Batuek 2010ean onartutako kategoria hori ez da ESEPEaren txostenean behin ere aipatzen. Eredu publiko-pribatuen mende egindako pribatizazioak arrisku handiak ditu eskubide horiek egikaritzeko, Espainiako estatuan eta Euskal Herrian ikusi dugun bezala. Ur-zerbitzuetan etekinen maximizazioa, monopolio naturala eta botere-desorekak konbinatzeak bereziki arriskutsu bihurtzen du sektorearen pribatizazioa. 

ESEPEaren auzirik aipagarrienetako bat da bertan behera uzten duela ura aktibo ekosozial gisa ulertzen duen ikuspegia, biodibertsitateari, ekologiari, emozioei eta identitateari lotutako funtzioak aitortzen dizkion ikuspegia, alegia. Ustez gaindituta dauden diskurtsoak berreskuratzen dituela dirudi, eskaintzan oinarritutako estrategiak betiere, baina alde nabarmen batekin. Garai batean obra hidrauliko handiez hitz egiten genuen, eta oraingoan digitalizazioa jotzen da uraren kudeaketa jasangarriaren arazo-multzo konplexuaren kon­pon­bide bakartzat. Ez zaio dagokion garrantzia ematen aurrezpenean eta efizientzian oinarritutako eskari-kudeaketari. 

Zoritxarrez, ESEPEa aukera galdua da. Alde batetik, lankidetza publiko-publiko edo publiko-komunitarioa darabilten eredu berriak ikertzeko balio zezakeen. Bestetik, ez du parte-hartze publiko erreala erdiesteko nahiz ezagutza kolektiboa eraikitzeko estrategiarik eskaintzen, ezta egoera zaurgarrian daudenentzako enplegua sortzen nahiz genero-arrakala murrizten laguntzeko mekanismorik proposatzen. Aldi berean, ez du lurraldea kohesionatzeko estrategiarik mahaigaineratzen; areago, uraren kudeaketari dagokionez, hiriguneen eta landaguneen arteko distantzia handitu egiten du.