}

Neil Armstrong: "Pauso txikia da gizakiarentzat..., jauzi ikaragarria gizadiarentzat"

2002/07/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Neil Armstrong astronauta izan zen Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia. 1969. urteko uztailaren 16an, beste bi lankiderekin batera, ekin zion bidaiari, horrenbeste denbora zain egon ondoren.

Neil Armstrong 1930eko abuztuaren 5ean jaio zen, Estatu Batuetako Wapakoneta herrian (Ohio). Ikasle bizkor eta ezberdina genuen; eskolara joaten hasi aitzin jada bazekien irakurtzen. Bere ikaskide guztiek ez bezala, Ohioko mutil gazteak, autoak gidatzeko grina izan beharrean, txikitatik hegazkin handiak pilotatzeko ametsa zuen. Ibilgailu handi hori gidatzeko lehen klaseak 13 urterekin hartu zituen eta 16rekin lortu zuen pilotatzeko baimena.

Neil Armstrong-ek Apollo 11 bidaian erabili zuen espazio-jantzia.
NASA

1947. urtean, Purdue-ko (Indiana) Unibertsitatean, aeronautika ikasketei ekin zien, baina hiru urte geroago, Koreako gerra hasi bezain, laster, liburuak alde batera utzi eta AEBetako marinan sartu zen hegazkin-gidari profesional gisa. Aipatu gerratean, 78 misiotan parte hartu zuen.

Koreako gerra amaitu eta beste lanpostu batzuetan aritu ondoren, NASAk bera hautatu zuen Ilargian egingo zen lehen lurreratzerako. Apollo 11 izeneko espazio-ontziari esker, Armstrong komandanteburuak, Collins eta Aldrin astronautak lankide zituela, 1969. urtean Ilargian lurreratzeko aukera izan zuen.

Apolo11 misioa pausoz pauso

1969ko uztailaren 16an, Neil Armstrongek eta haren bi lankideek elkarrekin gosaldu zuten. Goizeko 6:30ean, igogailu berezi bati esker, Apollo espazio-ontzira igo ziren. Bakoitza bere aulkietan eseri, eta kontrol-zentroko langileen seinalearen zain egon ziren hiru astronautak. Minutu haiek amaiezinak egin zitzaizkien, batik bat erabat beldurturik zegoen Bull Aldrini.

“Aurrera! Iritsi da aireratzeko garaia” izan ziren Armstrong-ek bere bi laguntzaileei esaniko hitzak. Espazio-ontziko motorrak piztu eta 60 segundoren ostean soinuaren abiadurara heldu ziren. Neil Armstrong-i, bat-batean, bihotza minutuko 110 pultsaziotara igo zitzaion.

Ilargiranzko benetako bidaia 12:22tik aurrera hasi zen, hirugarren solairuko motorra martxan jartzearekin batera. 24 ordu geroago, uztailaren 17an hain zuzen ere, Houston-eko kontrol-zentroko langileek esnatu zituzten hiru astronautak. Une hartatik aurrera, arazoak bata bestearen atzetik azaltzen hasi ziren. Horien artean, sobietarrek Luna 15 izeneko zunda Ilargirantz igorri zutela jakinarazi zioten Armstrong-i. Gerra Hotzaren une haietan berri kezkagarria izan zitekeen hura, baina estatubatuarrek sobietarrei eginiko dei bati esker, zundaren ibilbidea jakinarazi zieten hiru pilotuei.

Biharamuna lasai igaro ondoren, uztailaren 19an, Ilargira hurbiltzen ari ziren heinean, pilotuen artean tentsioa igotzen hasi zen. Eguna nola hala igaro ostean, uztailaren 20ko goizaldean 1.202. larrialdi-alarma piztu zen ontzian. Houston-eko kontrol-zentrotik alarma kontrolaturik zeukatela errepikatzen zieten behin eta berriz, arazoa inondik inora zer zen ez bazekiten ere. Pilotuak lasaitu nahian, Apolo 11 misioarekin aurrera jarraitzeko esaten zien “GO” ozen batekin. Hitz lasaigarri horiek esan arren, Armstrong oso kezkaturik zegoen bere azken bihotz-taupadak une hartan sentituko ote zituen beldurrez.

Neil Armstrong komandantea, Michael Collins eta Edwin E. Aldrin pilotuekin.
NASA

Alarma hura pilotuak dardarka hasteko nahikoa izan ez bazen, Ilargitik 1,5 km-ra zeudela, bat-batean, 1.201. alarmak salto egin zien. Horrako hori ere, Houston-eko langileen hitzetan, kezkatzekoa ez bazen ere, Armstrong erabat urduritu eta non ilargiratu ez zekiela ibili zen. 50 m falta ziren, 20 m..., 10 m..., 2 m, metro bat... pausatu ziren!! Guztiak bere lekuan zirudien, eta alarma biak isildu egin ziren.

Gaueko 22:00etan astronautek ontzitik jaisteko baimena jaso zuten. 50 minutu geroago Armstrong ontzitik irten, 9 eskalera jaitsi eta honako esaldi ospetsu hau esan zuen: “pauso txikia da gizakiarentzat..., jauzi ikaragarria gizadiarentzat”.

22:54an, Lurretik, Armstrong-ek soinean zeraman bideo-kameraren irudiak ikus zitezkeen. Ohioar astronautak zioenez, izugarri lasai eta arin sentitzen zen Ilargian, 25 kg besterik pisatzen ez zituela. Ilargiko zorua aztertzen hasi eta hautsez osaturik zegoela adierazi zuen. Kontrol-zentroko lankideek harri edo haitz batzuk jaso zitzala ihardetsi zioten, ziztu bizian Lurrerako itzulera prestatzen joan zedin. Ilargiko zorua hautsez estalirik egon arren, oso gogorra zegoen eta Armstrong-ek nekez bete zuen Lurretik eramaniko zakua.

Gaueko 23:15ean, Aldrin-ekin elkartu eta 2 ordu eta 40 minutuz Ilargiko paisaiak miresten egon ondoren, espazio-ontzian sartu eta etxeranzko bidea hartu zuten. Itzulera inongo arazorik gabe igaro zen, eta Apolo 11 misioa ontzat eman zuten NASAko langileek.

Armstrong-en dimisioa

Mugitu ote zen benetan AEBetako bandera?
NASA

Neil Armstrong-ek, NASA erakundearentzat lanean jardun ondoren, 1971ko abuztuan, dimisioa aurkeztu zuen ingeniaritza aeronautikoko irakasle izateko. Zortzi urtean Cincinnati-ko Unibertsitatean aritu zen irakasle-lanetan.

Astronauta estatubatuarrak hainbat eta hainbat domina eta izendapen jaso ditu bere ibilbide profesionalean. Ilargitik itzuli ostetik, 17 herrik hainbat titulu eskaini dizkiote.

Aeronautikak betidanik pasio anitz sorrarazi dio Neil Amrstrong-i eta bere bizitzan alor horretan beteriko eginkizunak harrigarriak izan dira. Hala ere, bada 1969an Ilargira egin zuten bidaia ezeztatu duenik. Azken horien hitzetan, Ilargian Armstrong-ek pausatu zuen estatubatuar bandera ez zitekeen mugi, Ilargian ez bailegoke haize-mugimendurik. Hala eta guztiz, ezeztapen hori ez da sekula frogatu, eta Neil Armstrong-ek Ilargian oinez ibili zen lehen gizakia izaten jarraitzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia