}

Jocelyn Bell Burnell, dama gazte bat astrofisikaren gailurrean

2014/01/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

jocelyn-bell-burnell-dama-gazte-bat-astrofisikaren
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Kazetariak bata bestearen atzetik agertzen hasi ziren. Argazkiak atera nahi zizkioten, irrati-teleskopioaren ondoan, zutik, eserita, datuak aztertzen, baita korrika ere, besoak astinduz, aurkikuntza ospatzen. Izan ere, garaiko aurkikuntzarik handienetakoa egin zuen, Nature aldizkarian argitaratu berri zuen artikuluak argi uzten zuenez. Aurkikuntzaren egilea emakumea zen, gaztea eta polita. Kazetariek jakin nahi zuten Margaret printzesa baino altuagoa ote zen, zenbat mutil-lagun izan zituen...

"Haragi zati bat" bezala sentitu zen Jocelyn Bell Burnell. Ez zen lehenengo aldia. Gogoan zuen Glasgowko Unibertsitatean fisika ikasten hasi zenekoa. Neska bakarra zen, 49 mutilen artean. Eta garai hartan ohitura zen emakume bat anfiteatroan sartzean gizonezko guztiak txistuka, lurra jotzen eta txaloka hastea; emakumea lotsagorritzen bazen, are eta indar gehiagoz hasten ziren. Ez zen erraza izan, baina Bell Burnellek argi zuen astronomo izan nahi zuela.

Belfasten jaio zen 1943an. Eskolan, zientzien adarra hartzen utzi zioten lehenengoetako neska izan zen. Normalean etxeko lanak ikastera bideratzen zituzten (josi, janaria prestatu...); zientziak mutilentzat ziren. Baina Bell Burnellek zientzietatik jo nahi zuen, eta haren gurasoak ados zeuden. Haiek hasieratik borrokatu zuten alabak zientzia-ikasketak egin ahal izan zitzan.

Laster, 11 urtetako proba etorri zen. Proba harekin erabakitzen zen nork balio zuen karrera bat egiteko eta nork ez. Hori bai, 11 urterekin, neskak mutilak baino azkarragoak izaki, neskei proba zailagoa jartzen zieten, gutxiagok gaindi zezaten. Bell Burnellek ez zuen gainditu. Baina, orduan ere, gurasoak moldatu ziren alabak beste eskola batean karrera bat egiteko bidea har zezan. Hasieratik primeran joan zitzaion, ikasgelako onena zen zientzia-gaietan.

Garai hartan bazekien fisika egin nahi zuela, baina ez zehazki zer; aitak liburutegitik ekartzen zituen astronomiako liburuekin harrapatuta gelditu zen arte. Orduan erabaki zuen, kosta ahala kosta, astronomia egingo zuela.

Glasgowen karrera egin ondoren, Cambridgera joan zen doktoretza egitera. Hasieran, deseroso sentitu zen; han egotea ez zuela merezi sentitzen zuen, ez zela nahikoa azkarra han egoteko, eta, agian, tuntuna zela konturatu eta bota egingo zutela. Izan ere, hango denek izugarri azkarrak ziruditen. Ez zegoen amore emateko, ordea, eta ahal zuen guztia egingo zuela erabaki zuen, lan asko egingo zuela egunero.

Lehen bi urteak irrati-teleskopio bat egiten pasa zituen. Quasarrak ikertzea zen helburua. Oso gutxi ezagutzen ziren garai hartan eta interes handia zegoen. Antony Hewishek pentsatu zuen irrati-teleskopio erraldoi bat oso tresna baliagarria izango zela quasarrak detektatzeko. Eta hura erakitzen hasi zen Bell Burnell.

20.000 m 2 inguruko eremu batean, 2.000 antenatik gora jarri zituzten, 200 km harirekin elkarren artean konektatuta. 1967ko uztailean hasi ziren teleskopio bitxi hura erabiltzen. Paper-zerrenda luzeetan erregistratzen zen teleskopioak detektatutako guztia. Hori guztia aztertzea zen Bell Burnellen lana; 30 metro paper egunean.

Tentu handiz egin zuen bere lana. Sei bat astera, konturatu zen seinale bitxi bat zegoela beste guztien artean. Eta, lehenago ere agertu zen gainera, aurreko erregistroetan begiratuta baieztatu zuenez. Xehetasun handiagoz detektatzea lortu zuenean, ikusi zuen pultsuka zetorrela seinalea, pultsuen artean 1,3 segundoko tartearekin. Hewishi kontatu zion berehala, eta haren lehen ustea izan zen seinale hark gizakiak sortua izan behar zuela; pultsu haiek azkarregiak ziren izarren tamainako gorputzentzat.

Bell Burnellek bazekien ordea hori ezinezkoa zela, ikusi baitzuen izarrak bezala mugitzen zela seinale haien iturburua. Zernahi zela ere, izarren artean zegoen. Hewishek ere baieztatu zuen hori, eta, orduan, bururatzen zitzaizkien hipotesi guztiak aztertzen --eta baztertzen-- hasi ziren: ilargian islatutako radarrak, orbita bereziko sateliteak, teleskopiotik hurbil zegoen metalezko eraikin baten efektua, teleskopioaren akatsen bat...

Gero, John Pilkington kideak argitu zuen seinalea Eguzki-sistemaren kanpotik zetorrela, eta Esne Bidearen barrutik. Baina, zer arraio zen, orduan? Beste zibilizazio bateko izakiek bidalitako seinaleak, akaso? Ez zuten sinisten halakorik detektatu zutenik, baina hipotesi hura ere ezin zen alde batera utzi. Azken finean, ez zekiten irrati-uhinen pultsu haiek jatorri naturala zuten edo ez.

Gabonetako oporren aurreko azken egunean, haserre zihoan etxera Bell Burnell, "ni, hemen, teknika berri batekin doktoretza egin nahian, eta gizontxo berde ergel batzuek nire zeru-eremua eta frekuentzia aukeratu behar gurekin komunikazeko!", bere baitan. Afaldu ondoren, laborategira itzuli zen. Eta, zeruko beste eremu bateko datuak aztertzen ari zela, hara non ikusi zuen beste halako seinale bat! Eremu haren aurreko erregistroak errepasatu, eta hantxe agertzen zen batzuetan! Laborategia utzi behar izan zuen, ixteko ordua baitzen. Baina bazekien goizaldeko ordu txikietan pasako zela zerutik seinale berria igortzen zuen zer edo zer hura.

Behatokira joan zen. Hotz handia egiten zuen, eta bazekien hargailu-sistema eskasago ibiltzen zela hotza zegoenean. Hatsa eta birau batzuk botaz, lortu zuen bost minutuz ongi funtzionatzea, eta, hantxe zegoen seinalea! Pultsuak ziren haiek ere, 1,2 segundoko tartearekin. Hewishen mahai gainean utzi zituen emaitzak, eta pozik joan zen oporretara. Ez zirudien oso sinesgarria gizontxo berdeen bi talde aritzea espazioko leku desberdinetatik, aldi berean, frekuentzia berean eta planeta berera seinaleak bidaltzen.

Oporretatik bueltan, aste pare batera, hirugarrena eta laugarrena ere aurkitu zituen. Eta izar-mota berri bat zirela ondorioztatu zuten. Pulsar deituko zieten gerora. Urtarrilaren bukaeran argitaratu zuten aurkikuntza, Nature n. Artikuluan aipatu zuten seinaleak beste zibilizazio batenak izan zitezkeela pentsatu zutela. Eta, jakina, kazetariak bata bestearen atzetik agertzen hasi ziren. Are gehiago, aurkikuntzaren egilea emakuke gazte eta polit bat zela jakin zutenean...

P.S.: Pulsarren aurkikuntzak lehenengo Nobel saria ekarri zuen astronomiaren arlora. Hewish izan zen saritua. Hala ere, Bell Burnellek elkarrizketan esandakoaren arabera, ez dirudi oso minduta dagoenik horregatik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia