Ispilu maitea, esaidazu zer jaten dudan
2002/12/29 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Adinean pixka bat sartuta dagoen pertsonari ez omen zaio zenbat urte dituen galdetu behar. Nonbait, mendebaldeko herrialdeetan, kosta egiten zaigu zahartu egiten garela onartzea, nahiz goizero-goizero ispiluak aldaketak erakusten dizkigun. Azala bera da adinaren salatzaile nagusia, baina, dirudienez, elikadura zainduta, posible da ispilua urte batzuez engainatzea; besterik da norbere burua engainatzea.
Azalaren egitura
Azala hiru geruzak osatzen dute: kanpoaldetik barrualdera, epidermisak, dermisak eta hipodermisak, hurrenez hurren. Gain-gaineko zelulak hilda daude eta epidermisak etengabe ordezkatzen ditu zelula berri gazteekin. Azaleko zelula bakoitzak hilabete edo irauten du ordezkatzen den arte eta, guk, azala igurztean edo lehortzean, nahi gabe erauzten ditugu hildako zelula horiek guztiak.
Dermisa, gainalde gandortsu eta zimurraren bidez, epidermisari itsatsita dago. Zimurrak lerro kurbatuetan antolatuta daude eta
hatz-markak bezain espezifikoak dira. Zimurrei esker, esku eta oinen azala ez da irristagarria eta gu gai gara objektu txikiak hartu eta mugimendu finak egiteko. Dermisa sendoa eta elastikoa da, eta bertan daude nerbio-zuntzak -ukimenaren, minaren, hotzaren eta beroaren errezeptoreak-, ileen folikuluak, izerdi-guruinak eta gantz-guruinak. Dermisaren goialdera, zeluletara oxigenoa garraiatu eta hondakinak jasotzen dituzten milaka kapilar iristen dira.
Azala ingurunearen kontrako lehen defentsa-hesia da. Gorputz osoa bildu eta eusten duen geruzak, iragazgaitza izateaz gain, bakterioen kontrako barrera gisa jokatzen du eta eguzki-izpi kaltegarrien kontra babesten gaitu. D bitamina azalean sortzen da eta kolpeak ere berak indargetzen ditu. Gainera, azalak gorputzaren tenperatura erregulatzen laguntzen du, bai izerdia kanporatuz, baita kapilarrak dilatatu eta odol beroa azaleratuz ere.
Zahartutako azalaren ezaugarriak
Baina, zer gertatzen da azala zahartzean? Denborak aurrera egin ahala, azaleko zelulak gero eta astiroago berritzen dira, hildako zelulak metatuz epidermisa loditu egiten da, dermiseko kolageno-zuntzak hondatu egiten dira, hidratazioa murriztu egiten dira eta grabitateak geruza ez-zurrunak beherantz erakartzen ditu. Hau da, azalean zimurrak sortzen dira eta erori egiten da.
Eguzkia da azala zahartzearen erantzule nagusia; bere eragina bi herenekoa dela kalkulatzen da. Zehazkiago esanda, UVA izpiak dira azala zahartzearen erantzule. Horregatik dituzte marka handiagoak aurpegiko eta eskuko azalak gorputzeko gainerako azalak baino.
Gorputzak badaki Eguzkiaren kaltea zuzentzen, baina konponketa ez da betiko izaten. Eguzkiaren eragina metatzailea da eta, horregatik, markak geratzen dira. Nahikoa datu adierazgarria da hori
eguzki-izpietatik babesteko krema erabiltzeko. Noski, bizimoduak eta bizi-kalitateak ere eragiten dute azalaren zahartze goiztiarrean eta, dirudienez, gainera, elikadurak aparteko eragina du.
Elikadura, antioxidatzaile-iturri
Adituek kalkulatzen dutenaren arabera, azaleko lesioen % 32 elikadura-ohiturekin esplika daiteke. Gakoa gaur egun kosmetika-produktuetan hainbeste goraipatzen diren antioxidatzaileak dira.
Baina zer dira antioxidatzaileak? Oxigeno-molekula batek beste elementu batekin erreakzionatzen duenean, oxidazioa deritzon erreakzioa gertatzen da. Erreakzio hori fenomeno naturala eta ezinbestekoa da, baina azaleko zelulak hondatzen dituen 'hondakinak' sortzen ditu. Gorputzak baditu 'hondakin' horiei aurre egiteko
defentsa-mekanismoak, baina elikagai batzuetan dauden antioxidatzaileek joera hori indartu egiten dute.
Modan dagoen ikerketa-arloa da antioxidatzaileena eta, ikerketa guztien emaitzekin, erraz osatzen da zimurrak gutxitzeko elikagaien palmaresa. Elikagaiak hamar taldetan banatzen dira: esnekiak, haragia, arraina, zerealak, lekadunak, barazkiak, fruituak, gantzak, azukreak eta alkohola.
Azala zahartzearen kontra eragin handiena duten elikagaiak hauek dira: arrautzak, jogurtak, lekadunak, barazkiak (batez ere hosto berdedunak, hala nola, espinakak, alberjinia, tipula, baratxuria, zainzuriak…) intxaurrak, olibak, gereziak, mahatsa, meloia, fruitu idorrak, sagarrak eta udareak, zereal-ogia, urdaiazpikoa, tea eta ura.
Fruituak, barazkiak eta teak polifenol-iturri dira eta polifenolak ere antioxidatzaile garrantzitsuak dira, C eta E bitaminak baino eraginkorragoak. Kaltzioa, fosforoa, magnesioa, burdina eta zinka mineralak ere, esaterako, antioxidatzaileak dira.
Alderantziz, antioxidatzaile gutxi dute haragi gorriak (batez ere txarkuteria), azukreak (edaria gozoak, pastelak eta izozkiak), patata eta esne osoko esnekiek. Arraina ere ez da zimurrak ekiditeko elikagai egokia, omega 3 gantz-azido asko duelako; izan ere, gantz hori oxidatzaile handia da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia