Elhuyar zientziaren komunikazioa

Intsektizida biologikoak

1989/04/01 Gonzalez, Edorta Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken aldian intsektizida biologikoak hasi dira erabiltzen. Beren artean aipagarrienak feromonak eta intsektizida mikrobiologikoak ditugu. Substantzia hauen abantailarik handiena beste bizidunengan eragin toxikorik ez izatea da.

Batzuetan milioika tximeleta biltzen dira, sorotan kalte handiak eginez.

Intsektuek sorturiko kalteak handiak dira; nekazal alorrean batez ere. Artropodo hauek murrizteko intsektizida kimikoak barra-barra erabili dira orain arte. Substantzia kimiko hauek beren helburua ederki bete arren, intsektuak gehienetan hil egiten dira batetik eta bestetik arazo kezkagarriak dakartzate: beste animalia eta gizakiarentzako toxikotasuna nabarmena da eta horretarako DDTa gogoratzea besterik ez dago. Gaur egun, zorionez produktu kimiko hau debekaturik dago herri askotan, baina beste intsektizida kimiko ugari erabiltzen da oraindik.

Esan bezala, intsektizida ekologiko edo garbi hauen artean feromonak eta intsektizida mikrobiologikoak ditugu.

Lehenengoak azaldu aurretik, feromonei buruzko kontzeptu orokorra emango dugu: feromonak produktu naturalak dira; animalien espezie bereko kideek erabiltzen dituzten seinale kimikoak hain zuzen. Adibidez, elikadura ugari duen alde batean dauden erleek, feromonak jariatzen dituzte gainerako erleak hara erakartzeko.

Uretan zehar ere heda daitezke. Ur gezeko arraintxoek, esaterako, alarma-feromonak askatzen dituzte zaurituak izaten direnean eta horren ondorioz gainerako arrainek ihes egingo dute.

Otia kontrolatzea arazo larria da egun, nahiz eta intsektizida kimikoak erabili. Feromonek erantzuna izan dezakete etorkizunean.

Feromona sexualei dagokienez, animaliek araldian dauden ar eta emeen ugal jokaera sorteraziz jariatzen dituzte. Adibiderik aipagarrienetakoa orkideo-espezie batzuetan ikus dezakegu. Lore hauek itxura aldetik erle eta liztorren antz handia dute. Gainera erle eta liztor emeek askaturiko erakarpen-substantzia sexualen antzeko molekula kimikoak jariatzen dituzte. Horren ondorioz intsektu hauen arrek loreenganako joera dute eta iharduera honetan arrek polinizazioa burutzen dute. Feromona sexualen artean gupsola, bonbykola eta azido oxodezenoikoa ditugu. Horien antzeko feromona sintetikoak erabiliz, intsektu anitzen populazioak kontrola daitezke uztak babesteko. Zientzilariek intsektu-espezie konkretu batzuk erakartzea lortu dute, feromona sintetikoak erabiliz.

Horretarako substantzia hauek soroetan lainoztatu ondoren, intsektuak beste sexuko intsektuek jariaturiko hormona sexualak direlakoan jatorri-puntuetara hurbiltzen dira. Han feromonaren kontzentrazioa altuena da eta ontzi batzuk aurkitzen dira. Ontziok intsektizida kimikoz beteriko tranpak dira eta horrela uztak kaltetzen dituen espeziea (eta hori soilik) akabatuko dugu, gainerako espezieak eta ekosistema desorekatu gabe.

Plagen aurkako teknika hau Valentzian erabiltzen hasi dira eta emaitza positiboak izan dituzte, antza denez.

Zenbait biologok ikerketa sakona egin du feromonaren sakabanatze-ibilbideaz eta sits arraren hegalaldiaz. Horren arabera baso baten azpian feromona puntu batean askatzen bada, bide ez-zuzenari jarraituko zaio. Hala frogatzen dute askaturiko helioz betetako baloi txikiek.

Ikerle hauek egin dute beste esperimentu bat ere sits-espezie batekin ( Lymantria dispar ekin) eta emaitzek erakutsi dutenez intsektu hauek feromonari 80 metroraino segitzen diote. Feromona norabide berean beti askatzeak, bere ibilbide zuzenak baino garrantzi handiagoa du sits arrek feromona-iturria aurkitu ahal izan dezaten.

Feromonek, ar eta emeak ernalketarako bil ez daitezen lortzen dute.

Japoniako Kyoto-ko Unibertsitatean bestalde, labezomorroekin egin dute lan feromona sintetikoak erabiliz —B periplanona, hain zuzen—Substantzia honen aktibitatea Periplaneta eta Blatta jeneroko sei espezietan probatu zen biologikoki eta aktibitatea Periplaneta americana ko arretan oso handia eta P. japonica, P. brunnea eta Blatta orientalis eko arretan oso txikia zela ikusi zen.

B periplanona feromona sintetikoaren erakarpena aztertu zen herri desberdinetako etxeetan. Produktu hau tranpetan kokatu ondoren Periplaneta jeneroko labezomorro gehienak erakartzen zituela ikusi zen.

Intsektizida biologikoez ari garelarik, ezin ditugu prekozenoak eta William S. Bowers entomologo amerikarra aipatu gabe utzi.

Bowersi zor zaio 1976. urtean lehenengo gazte-antihormona isolatzea eta honen intsektizida-ezaugarrien ikerketa egitea. Berak landareetara jo zuen konposatu hauen bila hasi zenean. Bere arrazoiak honakoak dira: Landareetara, biologia eta medikuntzan inportantzia duten substantzia askoren iturri bila jo genuen. Intsektuek eta landareek koeboluzioa jasan dute behe-karboniferotik gutxienez, eta landareetako konposatu kimiko askok intsektuen landareetarako joerak mugatzen dutela ezaguna da... Bestalde intsektu eta landareen arteko elkarrekintzak ezagunak eta dokumentatuak dira.

Bowersek landareak erauzteko ordurarte erabiltzen zen metodoa aldatu egin zuen. Aurretik intsektizida bila egindako landare-erauzketa gehienak disolbatzaile polarrak (ura eta alkohola) erabiliz egiten ziren, eta bestalde, lortutako erauzkinen frogak ale helduei aplikatzen zitzaizkien eta intsektizidaren eragina 28-40 orduko tartean egondako hilkortasun-tasan ikusten zen. Bowersek prozedura aldatu egin zuen. Batetik, ez zituen erauzketak disolbatzaile horren polarrekin egin; azetona/ etil eter nahastea erabili bait zuen landareen substantzia ez oso polarrak erauzteko. Bigarrenez, ez zituen ale helduak aztergai erabili; baizik eta heldugabeak. Bestalde, hilkortasun-tasa aztertu beharrean intsektuen metamorfosia eta ondorengo garapena ikertu zituen.

Zenbait saio egin ondoren, metamorfosi goiztiarra eragin eta obulutegian garapena eragozten zuen erauzkin bat lortu zuen Ageratum houstonuanum landaretik. Erauzkin hau, jadanik ezagutzen ziren eta sintetizatuak zeuden bi substantziak osatzen zuten: Prekozeno 1 eta Prekozeno 2 substantziek.

Beren egitura honako hau da:


Prekozenoen eragin biologikoa

Lau arlotan banatzen da prekozenoen eragin biologikoa:

a)

Metamorfosi goiztiarra: metamorfosi goiztiarraren sortzaile izatea izan da historikoki lehenbizi ezagutu den prekozenoen eragin biologikoa. Prekozenoak tximitxa-mota baten ( Oncopetus fasciatus en) arrei bota zitzaizkienean miniaturazko ale helduak lortu ziren. Berdin gertatu zen arrautzak tratatzean.

b)

Eragin antigonadotropikoa: Intsektu eme goiztiar guztiek obulutegiak egokiro osatuta badituzte ere, erabili gabe egoten dira beraien bizitza laburrean zehar. Hauen intsektuen Corpus Alatuma ez dabilenaren froga da eta orduan prekozenoen eragina ulertzeko honen azterketara jo beharko da, aurrerago ikusiko dugun legez.
Bestalde, honen froga da intsektu heldu normalek prekozenoz tratatu ondoren obulutegien garapenik ez izatea ere.

c)

Diapausa sortzea: Ezaguna da diapausak koleoptero helduetan gazte-hormonaren dependentzia duela. Koloradoko patataren kakalardoak prekozenoz lainoztatu direnean, hauetako askok (%75ek) landareak utzi, zoluan zuloa egin eta diapausa-gelatxoak eraiki dituzte. 4 hilabeteko behaketaren ondoren hauetako bat ere ez da azaleratu.

d)

Eragin obizida: Zenbait intsekturen arrautzak (Mexikoko ilar-kakalardoa edo tximitxa adibidez) prekozenoez lainoztatuta hil egiten dira. Heriotza enbriogenesiaren azken etapetan gertatzen dela dirudi, zeren eta alde batetik aztertutako arrautza gehienek garatutako enbrioiak bait dituzte eta bestetik larba edo ninfarik jaio bada berehala hiltzen bait da.


Prekozenoen eragin biologikoa

Kilkir emea arrautzak erruten.

Prekozenoen lan egiteko bideaz, zera esango dugu laburki: zelulen proteinek alkilazioa jasaten dutela eta horrela proteinak desnaturaldu egiten direla, ondorioz zelulak hilez.

Lehen aipatu dugun guztiaren ondorioz, intsektuen kontrolerako prekozenoen erabilpena haien eragin biologiko guztietan kokatzen da. Metamorfosi goiztiarraren indukzioak, ez du biziaren urrats heldugabeen iraupena bakarrik laburtzen. Elikadura ere murrizten du eta uzten hondamen txikiagoa dakar. Bestalde, nahiz eta ar goiztiar guztiek eme arrunten intseminazioa lortu, eme goiztiar guztiak antzuak dira. Eme eta ar goiztiarren artean kopulazio arrakastatsua oso gutxitan gertatzen da.

Bestalde, ale helduetan prekozenoek badute eraginik. Eme helduak esterilizatu egiten dira eta zenbait espezietan diapausa hilkor bat sorterazten dute.

Intsektuen arrautzak ez dira prekozenoen eraginez libratzen eta hil egiten dira.

Beraz, prekozenoek intsektuei bizitza osoan zehar erasotzen diete eta intsektuen kontrolerako egokiak gerta daitezke.

Intsektizida mikrobiologikoak

Bestetik, jatorri mikrobiologikoa duten intsektizidak ditugu: Bacillus thuringiensis bakterioak lepidoptero gehienen beldarretan gaixotasun geldierazlea sortzen du. Elbarritasun hau beldarrek bakterioaren esporak daramatzaten begetalak irensteagatik agertzen da. Bacillus thuringiensis en zelula esporulatzaile bakoitzak, esporaren inguruan itxura erregular bipiramidala duen proteinazko kristala askatzen du, zelylamaren autolisiz sorturiko esporarekin batera.

Aipatu kristala intsektuentzat toxikoa den proteina batez osaturik dago. Irentsi ondoren beldarraren liseri-urin alkalinoan disolbatzen da. Horrek heste-paretaren biguntzea dakar eta hestetik odol eta hemolinfarako likidoen difusioa ere bai. Horren ondorioz paralisi azkarra sortzen du. B. Thuringiensis en proteina parasporala lepidopteroen larba-sorta zabalarentzat toxikoa denez (baina ez ornodunentzat), mikroorganismo honen zelula esporulatzailezko gertakinak oso erabilgarriak dira nekazaritzan intsektizida biologiko gisa.

Esan bezala, kristalak hesteko edukina intsektuaren odol edo hemolinfara eman erazten du oztoporik gabe. Horren ondorioz, odola guztiz alkalino bilakatzen da, pH-aren aldaketak larbaren erabateko elbarritzea dakarrelarik. Heriotza, askoz beranduago gertatzen da eta larbaren gorputzaren ehunetan izandako inbasio bakterianoaren ondorio da.

Otia.

Proteinazko kristalek toxikotasun-maila altua erakusten dute lepidoptero askoren larben kasuan, baina ez dira batere toxikoak gainerako animalientzat (ornodun guztiak barne) eta landareentzat. Beraz, landareen uztak kaltetzen dituzten intsektuen izurrite ugari kontrolatzeko agente aproposak dira.

Guzti hau ikusita, zientzilariek industria mikrobiologiko berria garatu dute: proteina toxikoaren ekoizpen handirako industria. Gero agente sakabanatzailetan sartu eta horrela baserritarren uztak babestu ahal izango dira beldarrek sorturiko kalteetatik. Industriatan proteina hori ez da kimikoki isolatzen. Horren ordez kristalak ekoizten dituzten baziloak ugari kultibatzen dira. Esporulazioa kristalaren ekoizpenarekin batera gertatu ondoren jaso, lehortu eta hauts sakabanatzailean sartzen dira.

Birusen eragin intsektizida ere ikertu da. Holandako zientzigizon batzuen esperimentuetan, polihedrosis nuklearraren birusak kalte handiak sortu ditu Spodoptera exigua bizkarroiaren larbetan.

Jendearen kezka gero eta handiagoa da intsektizida tradizionalekiko; ingurugiroari eta gure osasunari egiten dioten kaltea nabarmena eta hazkorra bait da. Beraz, intsektuen kontrolerako metodo mikrobiologiko eraginkorrak ari dira garatzen. Birusak, onddoak eta halaber bakterio anitz, agente intsektizida bezala ebaluatzen ari dira. Ingurugiroak eta osasunak eskertuko digute.

a) Prekozenoz tratatu gabeko aleen obulategi eta corpus allatum-a
b) Prekozenoz tratatutako aleena
Dysdercus cingulatus
intsektuaren metamorfosi goiztiarra. Ninfa bigarren urratsa itxuraz noramal den hirugarren urratsa ematen du zeinek ale goiztiar bat ematen bait du.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia