}

Infekzioetatik babesten duten mutazio berek beste gaitz batzuk izateko arriskua areagotzen dute

2019/11/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

infekzioetatik-babesten-duten-mutazio-berek-beste-
Arg. Thinkstock

Patogenoen eta gizakion immunitate-sistemaren arteko koeboluzioaren ondorioak aztertu dituzte Herbehereetako ikertzaileek, eta ikusi dute gaixotasun infekzioso batzuei aurre egiteko lagungarriak diren aldaera genetikoek areagotu egiten dutela hanturazko gaitz eta autoimmune zenbait izateko arriskua. Horrez gain, nabarmendu dute gaur egun ere immunitate-sistemak eboluzionatzen jarraitzen duela, pertsonen bizilekuaren eta bizimoduaren arabera.

Ikertzaileek gogorarazi dute hantura dela gaixotasun infekzioei aurre egiteko erantzun eraginkorrenetako bat. Eta, iraganean, bizi-itxaropena laburragoa zenez, bizitzan aurrera joan ahala sortzen diren hanturazko gaixotasunek eta autoimmuneek ez zutela hainbesteko eraginik. Horregatik, gaitz infekziosoetatik babesten duten mutazioak lehenetsi dira, historia ebolutiboan zehar. Gainera, giza-taldeen jatorriak eta migrazioek izan duten eragina ere nabarmendu dituzte.

Adibidez, malariaren bizkarroiak milaka urtez infektatu ditu Afrikako populazioak. Horrenbestez, prozesu ebolutiboek infekzioekiko erresistenteak diren pertsonen DNA hautatu dute. Horren ifrentzua da erresistentziarekin batera, gaixotasun kardiobaskularrak izateko aukera handiagoa ere badutela. Hala, gaur egungo afrikarrek arteriosklerosia eta beste gaitz kardiobaskular batzuk garatzeko joera dute.

Neandertalen herentzia jaso duten populazio batzuek berriz, GIBarekiko nolabaiteko erresistentzia ematen dien mutazio bat dute, baina horrek berak asma, alergiak eta beste gaitz autoimmune batzuk izateko arriskua areagotzen die.

Gaur egungo adibideen artean, Afrikako talde ehiztari-biltzaile baten eta hiritartutako talde afro-amerikar baten arteko aldea nabarmendu dute: mendebaldeko bizi-ohiturak eureganatu ahala, 2 motako diabetesa izateko joera dute.

Erabili duten metodologia horrelako ondorioak ateratzeko egokia dela frogatzeaz gain, ikertzaileek onartu dute oraindik lan asko dagoela egiteko, giza talde mugatuak baino ez baitituzte aztertu. Trends in Immunology aldizkarian argitaratu dituzte orain arteko emaitzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia