}

Hobetzea, zientziaren eta kirolarien helburu

2004/09/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kirol-munduan, goi-mailan edo eliteko kirolean nabarmentzen dira lehenik zientziaren eta teknikaren ekarpenak. Kirolarien emaitzak
—errendimendua— hobetzeko orduan ezinbestekoak izaten dira, besteak beste, material berriek eragin duten iraultza, informatikaren laguntza, kirolaren industriaren interesak, entrenatzeko sistema egokituak eta medikuntzaren aurrerapenak.
Zehaztasun guzti-guztiei erreparatzen zaie eliteko kirolean.
COI

Errendimendua hobetzeko, errendimendu altuko eta hobekuntza teknikorako zentroetan aurkitzen dute laguntza eliteko kirolariek. Euskal Herrian, eliteko kirolariek Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroa izaten dute bilgune. Testak egiten dituzte kirolariekin, laguntza medikoa ematen zaie, elikagai jakin batzuk agintzen zaizkie, kontzentrazioak egiten dituzte, jardunaldi teknikoak eta entrenamenduen plangintza eta jarraipena. Labur esanda, kirolarien garapenaz arduratzen dira, errendimendua hobetzeaz.

Helburu horretara iristeko bideak asko izan daitezke. Horietako bat, adibidez, elitearen goi-goi mailan ari diren kirolariekin lan egitea izan daiteke. Faduran, bat baino gehiago izan dira. Izan ere, horrelako jendearekin, lana egiteaz gain, ikasi ere egiten dutela dio Xabier Leibarrek, zentroaren zuzendari medikoak. “Kirolak aztertzeko modurik onena kirol hori zer den jakitea da.

Eta hori batzuetan ez da zuzenean egiten, baizik punta-puntako kirolariak ezagutu, aztertu eta haien ezaugarrien bidez kirolaren ezaugarriak ezagututa. Haien entrenamenduak aztertzen ditugu, analisiak ikusi, balio fisiologikoak... Hori guztia jakinda, informazioa hemengo kirolariekin erabil dezakegu. Horretarako ekartzen dira eliteko kirolariak”.

Gauza txikien garrantzi handia

Tresna berriei esker, entrenatzaileek gero eta informazio osoagoa dute. Irudiko maskara eta tutua altuerako probetan oxigenoa emateko erabiltzen dira.
HTZ-FADURA

Errendimendua lantzean, entrenamenduari ematen zaio garrantzi handiena. Baina bestelako eragileak ere oso kontuan hartzekoak dira. Harrigarriak dira batzuk, eta edonorentzat txikikeria izango lirateke, baina eliteko kirolean garrantzi itzela izan dezakete.

Dokumentazio eta informazio ona erabiltzeak, adibidez, pisu handia du. “Gaur egun oso adi egon beharra dago publikazioen kontuekin, test berri bat egin dela, artikulu bat argitaratu dela... 100 kilometroko lasterketak egiten dituen pertsona bat izan dugu hemen. Guk bagenuen elikaduraren arloan erabiltzen hasi den proiektu baten berri, oraindik finkatu gabea, baina ariketa luzeetarako balio zezakeena. Hori erabili dugu kirolari horrekin, eta Europako bigarrena egin du. Italian egin zen proba: itsas mailatik irten, 800 metroraino igo eta, 100 kilometroak osatuta, berriro itsas mailan bukatu zen. Kilometroa 4 minutuan egin zuen. Erritmo horretan maratoian 2 ordu eta 45 minutu egingo lituzke, baina hark erritmo horri denbora gehiagoz eustea lortu du”.

Proiektu horretan oinarrituta, gorputzari oinarri metaboliko gisa gantza erabiltzen irakatsi diote. Entrenamendu bereziak prestatu dizkiote, eta dieta bereziak entrenamendu horietarako, hainbat gantz-motarekin. Entrenamenduen azken aldera, berriz, karbohidratotan aberatsa zen dieta ezarri zioten.

Hainbat datu jasota izaten da kirolarien egoeraren berri.
HTZ-FADURA

Elikaduraren jarraipena ohikoa da eliteko kirolean, batez ere lehiaketari begira. Kirolariei aste osorako dietak ematen zaizkie, eta, batzuetan, elikaduraren bidez lortu ezin dena substantzien bidez ematen zaie.

Testen garrantzia

Elikadura zaintzeaz gain, kontrolak ere maiz egiten dira goi-mailako kirolariekin, testak: ahalegin-probak, gaitasun-neurketak, erresistentzia-probak, elastikotasuna neurtzeko saioak, gaitasun torazikoaren gorabeheren azterketak, abiadura-probak, jauzi egiteko gaitasunaren neurketak...

Test horien helburua entrenamenduek eta dietak kirolariarengan duten eragina neurtzea da. Metodo zientifikoan oinarritutako probak izaten dira. Kirolariak egoera jakinetan jarrita, ordenagailuen eta hainbat gailu elektronikoren laguntzarekin informazio ugari pilatzen dute. Medikuak han egoten dira probak irauten duen denbora guztian, batetik gerora aztertu beharreko odol-laginak legez beraiek jaso behar dituztelako eta, bestetik, arazoren bat gertatuz gero laguntza emateko.

Test batzuk kirolaria hobeto ezagutzeko erabiltzen dira, ahalegin-probak. Makinei konektatuta egiten dira, seriez osatuta, eta apurka-apurka intentsitatea igotzen. Horrelako probetatik kirolariari buruzko hainbat informazio ateratzen dute: maila anaerobikoa eta aerobikoa non dauden, maiztasun kardiakoa... Gero, baieztapen-testak ere egiten dira, muga zehatzetan aplikatuta. Azkenik, entrenamenduetako kontrolak egiten dira, hobekuntzarik dagoen edo ez jakiteko.

Elkarlana kirol-federazioekin

Entrenamendu eta ariketa egokituak egiten dira, landu nahi denaren arabera.
HTZ-FADURA

Hobekuntza Teknikorako zentroetan, kirolariak trebatzeaz gain, ikerketa-proiektuak ere egiten dituzte. Teknikariek burutzen dituzte, medikuen laguntzarekin.

Proiektu guztiak zentroen eta kirolfederazioen artean egiten dira. Federazioetako teknikariekin helburuak jartzen dira lehenik. Gero, aurreazterketak egiten dira: zentrora joan daitezkeen kirolarien maila, kondizioak, eta entrenamenduetako baldintzak. Horren arabera, lana planifikatzen da.

Batzuetan federazioetako teknikariek ez dute entrenamenduetarako laguntzarik behar izaten, alor hori eurek betetzen dute. Azterketa fisiologikoak egitea baino ez dute behar izaten, beren lanerako erabilgarriak izan daitezkeen laborategiko datuak ateratzea eta kontrolak egitea, jakiteko errendimendua hobetzen ari den ala ez.

Euskadiko piraguismo-federazioarekin, esate baterako, era horretako proiektu bat dute. Piraguismo-taldekoek beren aldetik egiten dituzte entrenamenduak, eta Fadurara balorazioak egitera joaten dira. Indarraren balioak kontrolatzen dituzte, isokontrolen bidez. Tresna berezi batekin potentzia, abiadura, dezelerazioa... neurtzen dituzte denboran zehar, jakiteko gehienezko potentzia zein egoeratan lortzen den.


Altuerako testetan erabiltzen den tresneria.
HTZ-FADURA

Horrekin kirolaria zenbateraino ematen ari den jakiten da, eta zer hobetu behar duen gehiago eman ahal izateko, gehiago ematea badu behintzat. Testekin balio horiek ateratzen dira, eta pertsona horri zer nolako entrenamenduak komeni zaizkion esaten zaio entrenatzaileari, eta zer nolako entrenamenduak jasateko gauza den. Entrenatzen jarraitu eta pare bat hilabetera proba berriz egiten da, eboluzioa zein den ikusteko. Bi urte daramatzate proiektu horrekin lanean.

Osasuna oinarri

Eliteko kirolean motorra gizakiaren gorputza denez, kirolarien osasunarekin zerikusia duen hainbat ekintza egiten dira horrelako zentroetan: historia medikoak, traumatologia txikia, estimulazio-lanak... kirolarien jarraipena, labur esanda. Jarraipen horretan garrantzi handia dute odol-laginek, horren ondorioz hartzen baitira neurriak: bitaminak ematea, gantzak, elikadura aldatzea...

Elikaduraren gorabeherak, lehen ikusi denez, oinarrizkoak dira kirolean. Kirolariek zer jaten duten, nola jaten duten, eta zein ordutan jaten duten aztertzen da, hor akats ugari egiten baita. Beti pentsatzen da garrantzitsua dela zer jaten den, baina, egunean bi edo hiru entrenamendu egiten badira, jaten denak baino garrantzi handiagoa du noiz jaten den, jaten dena ez bada ondo banatzen arazoak sortzen direlako.

Kontrolak une oro egiten dira, odol-laginen bidez.
HTZ-FADURA

Zerbaitek huts egiten duenerako, laguntza ergogenikoak erabiltzen dituzte, lege barruan dauden laguntzak. “Askotan uste da laguntzak oso gauza berezia direla, baina, esate baterako, ura soilik emanda, ondo ematen bada, emaitzak hobe daitezke, baita karbohidratoak, bitaminak, aminoazidoak, kreatina, gingsena, kafea... emanda ere. Lege barruan dauden gauzak dira, eta zentzuz erabiltzen badira errendimendua hobetzen lagun dezakete. Kafea lagungarria da? Bai, baina gauez ez nuke emango, ondo lo egitea galarazten duelako eta kirolariak ez duelako behar bezala atseden hartzen. Ondorioz, hurrengo eguneko entrenamenduak ez dira onak”.

Xabier Leibarren esanean, gaizki entrenatzetik ondo entrenatzera, sarritan, aldea hiru-lau gauza txikitan egoten da. Eliteko kirolean arrakastatik porrotera dagoen tartea ehunekotan neurtzen da, eta hor gauza txiki askok dute eragina. “Errendimendua kate bat dela esan ohi da, eta kate horrek kate-maila ahularen indarra duela. Aurreko lana dena ondo eginda egon daiteke, baina lehiaketaren egunean, disgustu batek, katarrotxo batek, materialaren akats batek... guztia aldatzen du. Gainera, kirolari batetik bestera alde oso txikia dago. Edozein kiroletan, munduko 30.ak % 2 hobetzen badu, munduko lehena bihur daiteke”.

Badago zer ikertu

Azken teknologiaz baliatzen ari dira kirolarien prestakuntzan.
HTZ-FADURA

Kirol klasikoekin bezala egiten da lan kirol berriekin; interes gehiagorekin, beharbada, aztertzeko gauza berri ugari egon daitekeelako. Mendiko lasterketak adierazgarriak izan daitezke. Kasu honetan proiektua osoa da, entrenamenduak ere Faduran prestatzen baitira.

Federazioak bidalitako pertsona batekin hasi ziren lanean duela bi urte. Iritsi zenean, banakako muga anaerobikoa 4 minututik gorakoa zen kilometroan; gaur egun, hiru pasatxokoa da. “Balio horrek —dio Mari Mar Garciak, proiektua daraman teknikariak— entrenamenduen intentsitatea markatzen du, laktatoak ematen du balio hori. Hortik zer entrenatu ateratzen da: erresistentzia aerobikoa, potentzia... gorputzean zer landu. Kurba nahiko egonkorra izaten da, baina une batean puskatu egiten da, gora egiten du, eta hori izaten da muga. Hori maximora gerturatzea lortzen bada, esan nahi du muga horretatik gertu entrenamendu-kargak errazago jasaten direla. Hori lortuz gero, intentsitatea handiagoa izanda ere, nekea txikiagoa izatea lortzen da, azido laktikoa ere gutxiago pilatzen delako”.

Kirolariari entrenamenduak aldatu dizkiote, indarra ez baitzuen batere lantzen. Haren entrenamendua mendira korrika egitera joatea ei zen. “Nahiz eta bi ordu korrika egiten aritu, bi ordu horiek intentsitate jakin batean egiten ez badira, hobekuntzak ez dira nabaritzen; aldiz, ondo entrenatuz gero, hobekuntza metabolikoak lortzen dira”.

Oraingo entrenamenduetan potentzia anaerobikoa hobetzen saiatzen ari dira, lan muskularrarekin batera. “Mendiko maratoietan aldatzek zerikusi handia izaten dute, eta hor bereziki lan eszentrikoa sartu dugu, aldatz beherakoa. Denboraldian zehar indarraren oinarria sortu dugu, indarra-erresistentzia lantzen hasieran eta gero hipertrofia, giharretako pisua irabazteko.

Gorputzaren atalak banan-banan lantzen dituzte; goian hatzetako indarra lantzen ari da, behean, jauzi egiteko gaitasuna.
HTZ-FADURA

Denboraldia prestatzeko eskiatzen ere egon zen, lehiatzen baina entrenamendu gisara, indarra hartzeko eta altueran lan egitera ohitzeko. Gero, lasterketak hasi direnean, indarra mantendu eta indar espezifikoa lantzen da, aldapekin, zamatutako txalekoekin aldatzetan ibiliz... nolabait lehiaketetan aurkitzen diren zailtasunetarako entrenatuz”.

Kirola bera ospetsu horietakoa ez izan arren, kirolari horrek daraman entrenamenduen egutegia lagungarri izan daiteke ikusteko goi-mailako prestakuntzaren beharrak nolakoak diren.

Denboraldian 6-7 maratoi izango ditu; hortaz, lau astetik behin errepikatu egiten da entrenamendu-zikloa. Proba bukatuta, erlaxazio-lana egiten du: giharrak luzatu, sauna, hidromasajea, elektroestimulazioa eta abar. Egun batzuetara korrika egiten has daiteke; ahal bada makinetan, belaunek ez sufritzeko. Errekuperazio-lana bukatzen denean, odol-laginak hartzen zaizkio, eta 10 bat egun izango ditu entrenatzeko.

“Hemendik bi astera proba izango balu, aste honetan 2 ordu inguruko korrika saioak egingo lituzke, hainbat abiaduratan eta aldapak aldatzen... apur bat lehiaketan izango dituen kondizioekin. Astebukaera aldera, ostiralean, adibidez, mendira joango litzateke korrika egitera. Lehenengo ordu-laurden bat aldapan behera, hanketako giharren atzealdea lantzeko; gero 20 minutuko inguruko serieak egingo lituzke aldapan gora eta behera. Larunbatean, berriz, bi orduko entrenamendua, tartean serie batzuekin, potentzia anaerobikoa mantentzeko eta abiadura ez galtzeko. Eta igandean, lehiaketa-erritmoan entrenatuko luke, simulazio labur batzuk eginda, 15 minutuko hiru serie lehiaketa-erritmoan eta tartean errekuperazio serieak, beroketak, luzaketak...”

Sarritan, lehiaketetan sortzen diren zailtasunetarako entrenatzen dira.
HTZ-FADURA

Hurrengo astea apur bat fintzeko izango omen litzateke: errekuperazioa, atsedena, indarra landu mendian bertan, eta indarra altuerako tresnetan, ohitzeko. Probaren bezperatan, sentsazio onak bilatu beharko lituzke, trosta, erritmo-aldaketak... eta asteburuan lehiaketa.

Hemengo kirolen ikerketak

Oraindik elitekotzat har ez daitezkeen kiroletan ere, zientzia eta ikerketa urratsak egiten ari dira. Faduraren kasuan, hemengo kirolak aipagarriak dira. Pilotak, herri-kirolak eta arraunak dute lehentasuna zentroan. Sokatirarekin, adibidez, hasita daude lanean. Iaz abiatu zen proiektua, teknika lantzen batez ere. Sokara egitea, sokan mantentzea, karga sortzea eta tira egitea landu dituzte.

Balorazioak egiten hasita daude, eta, Marrek dioenez, oso datu interesgarriak daude. “Sokatira oso kirol teknikoa da, nahiz eta indarrekoa dirudien. Indarra hiru ardatzetan aztertzen ari gara: bertikalean, horizontalean eta albokoan. Pertsona batek hiru ardatz horietan zenbat indar egiten duen aztertzen ari gara. Hortik balio erlatiboa ateratzen dugu, eta hori oso garrantzitsua da, sokatiran garrantzi handia duelako pisuak. Ergometroarekin eta grabazioekin ere gauza interesgarriak aterako ditugu”. Balorazioak banan-banan eta taldeka egin dituzte, indarra egiteko orduan oso garrantzitsua baita aurrean eta atzean nor dauden jakitea.

Sokatiraren inguruan guztia ikertzeko dago oraindik.
HTZ-FADURA

Kirol jakin bati dagozkion proiektuez gain, gai zehatzagoak ere lantzen dira ikerketaren bidez. Jauzi egiteko gaitasuna adibide ona da. Izan ere, kirol askotan jauzia oso garrantzitsua da. Hobekuntza Teknikorako zentroan, esate baterako, luzera-jauziko eta jauzi hirukoitzeko kirolariekin azterketak egiten ari dira une honetan, gero hori gainerako kiroletan ezartzeko. Xabier Leibarrentzat atletismoak garrantzi handia dauka, “hor egiten diren gauzetariko asko —abiadura, erresistentzia, jauzi egiteko gaitasuna...— kirol askotan erabil daitezkeelako”. Txikikeriak, esan dezake ezjakinak; kate maila ahularen indarra, berriz, horretan dakitenek.

Altuerako entrenamendua arraunlarientzat

Test bat aurrez aurre. Bi arraunlarik, Diego eta Javier Agirregomezkorta anaiek, altuerako egoera simulatzen duen entrenamendua egin zuten. Agirregomezkortatarrak arrauneko Euskadi Taldearen partaide dira gaur egun, aulki mugikorrean. Goi-mailako kirolariak dira. Diegok dagoeneko hartu du parte Joko Olinpikoetan, eta Javier prestatzen ari da noizbait parte hartu ahal izateko.

Altuerako testa.
HTZ-FADURA

Hamabost egun lehenago altuerako beste entrenamendu bat egin zuten. Beraz, probaren helburua ordutik zerbait aldatu zen ala ez jakitea zen; alegia, altueran lan egitera ohitzen ari ziren ala ez. Probak iraun zuen bitartean arnastu zuten aireak 2.000 metroko altueran izan dezakeen oxigeno-kantitatea zeukan. Proba 500 metroko serieekin osatu zuten, serietik seriera eskakizun-maila handiagoarekin. Hau da, seriea osatzeko gero eta denbora gutxiago egin behar zuten.

Beroketa-saioa gimnasioko airea arnastuz egin bazuten ere, probarako oxigeno-maskarak jantzi zituzten, oxigeno gutxiago duen airea arnasteko. Probari ekin aurretik, Xabier Leibar medikuak belarri-gingilean ebakitxoa egin eta odol-lagina atera zien. Leibarrek gauza bera egin zuen serie bakoitzaren ondoren. “Laktatoa neurtzen dugu, eta horrek ematen digu intentsitatearen maila.” Azido laktikoari buruz bat-bateko informazioa lortzeko balio du odol-laginak, baina baita gorde eta gero azterketa sakonagoak egiteko ere. Laborategian hormonak nola dauden ikusten dute, EPO gehiago ekoitzi duten jakin, analisi biokimikoak egin, burdin mailari begiratu, eta balio arruntak aztertu.

Saioaren gorabehera guztiak ordenagailuz kontrolatu zituzten une oro: zenbateko erritmoan zihoazen, zenbat aurreratzen zuten paladako, zenbat geratzen zitzaien, bihotz-taupadak eta abar. Informazio horri odol-laginarena gehitu zieten, eta baita serie bakoitzaren bukaeran arraunlariek ziotena ere. Nola zeuden adierazteko Borg-en eskala erabili zuten, seriean egindako lana oso erraza, erraza, normala, gogor samarra, gogorra eta abar iruditu zitzaien esanda.

Saioak iraun zuen bitartean, Borg-en eskala osoa markatu zuten arraunlariek. Mantso-mantso abiatu ziren, baina serietik seriera gehiago kostatu zitzaien lana burutzea. Haien gorputzaren portaeraren berri ematen zuten tresnek eta datuek horrela adierazten zuten. Leher eginda bukatu zuten, arnasestuka. Dena den, hamabost egun lehenagoko proban baino serie bat gehiago egiteko eta denborak hobetzeko gai izan ziren. Gorputza altueran lan egitera ohitzen ari zitzaien seinale, nonbait.

Horrelako proben helburua kirolarien errendimendua hobetzea da.
HTZ-FADURA

Altuerako kondizioak simulatuz egiten diren entrenamenduei, hipoxia-egoerako entrenamenduak esaten zaie. Oxigenoaren garraioa eta errekuperazioa hobetzea du helburu entrenamendu-mota honek; bi hitzetan esanda, errendimendua hobetzea. Arraunlariekin ez ezik, pistako txirrindulariekin ere egiten dituzte horrelako entrenamenduak Fadurako instalazioetan. Izan ere, biak oxigeno-kontsumo handia eta errekuperazio bizkorra behar duten kirolak dira. Horrelako probekin, errendimendua gehitzeaz gain, Hobekuntza Teknikoko teknikariek kirolari bakoitzean EPO naturalaren bilakaera nolakoa den jakin nahi dute.

Deskribatutako altuerako testa eguneko lehen lana izan zen bi arraunlarientzat. Segidan gimnasiora joan ziren, indarberritze-lana egitera lehenik, eta giharrak lantzera gero. Arratsalderako itsasadarrera joateko asmoa zuten. Eguna joan eguna etorri, antzerako lana egiten dute bi arraunlariek. Astean 15-16 entrenamendu-saio. Eliteko kirola da hori. Arraunlariena ez ezik, gainerako kiroletan ari diren eliteko kirolarien bizimodua ere lotua da. Helburua nolakoa, halakoa egin beharreko lana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia