Elhuyar zientziaren komunikazioa

Hain txarra da kolesterola?

2002/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aspalditxotik, kolesterola sendagileen eta fisiologoen mundutik atera eta jende guztiarentzat egin da ezagun neurri batean: analisi kliniko arruntetan azaltzen da odoleko kolesterol-maila, ‘kolesterolik gabe’ etiketa daramaten janariak daude salgai, eta batek baino gehiagok elikadura zaindu behar du kolesterol-maila altua duelako.

Ezagutza hori, ordea, askotan ez da zuzena, eta oso zabalduta dago kolesterolaren ospe txarra. Bada gaixotasuna dela pentsatzen duenik ere! Argi utzi behar da, baina, kolesterola ez dela berez kaltegarria; alderantziz, kolesterola animalien gorputzean sintetizatzen da, eta ezinbestekoa da bizitzeko.

Zer da kolesterola?

Kolesterola esteroideen taldeko alkohol bat da. Nahiz eta beste lipidoetatik oso ezberdina izan, haien artean sailkatzen da disolbatzaile organikoetan bakarrik disolbatzen delako; hau da, odolean ez da disolbatzen, eta hori oso garrantzitsua da gorputzean barrena nola garraiatzen den ulertzeko.

Kolesterola XVIII. mendean isolatu zen lehenengo aldiz, eta naturan bi eratan azaltzen da: aske edo ester-moduan, hainbat gantz-azidori lotuta. Animalia ornodun eta ornogabe guztietan dago; hain zuzen ere, zelula-mintzaren oinarrizko osagaia da, eta egonkortasuna ematen dio mintzari, batez ere tenperatura-aldaketen aurrean. Gainera, nerbioak babesten eta isolatzen ditu. Ugaztunetan, kolesterola ugariagoa da garunean, gibelean, azalean eta giltzurrun gaineko guruinetan.

Horretaz gain, funtzio metaboliko garrantzitsuak dituzten beste esteroide askoren aitzindaria da. Kolesteroletik abiatuta sintetizatzen dira, besteak beste, D bitamina, digestioa egiten laguntzen duten behazun-gatzak eta hormona esteroideak: glukokortikoideak, mineralokortikoideak eta sexu-hormonak, bai femeninoak (estrona, estradiola eta estriola) bai maskulinoak (androsterona eta testosterona).

Bestetik, gorputzak bi kolesterol-iturri ditu: lehenengoa endogenoa da, hau da bertan ekoiztutakoa, batez ere gibelean; bigarrena exogenoa da, eta janarien bidez sartzen da gorputzean. Herrialde garatuetako jateko ohiturak aintzat hartuta, kolesterol guztiaren % 85 inguru gorputzean bertan ekoizten da. Gibeleko zelulen mitokondrioetan sortzen da (gramo bat egunean, gutxi gorabehera), eta sintesian parte hartzen duten entzimen artean B-hidroximetilglutaril CoA erreduktasa dago. Entzima hori sintesi-erreakzioen giltza da, eta sendagai batzuek entzima hori desaktibatuz gutxitzen dute odoleko kolesterola.

Izan ere, odolean kolesterol-maila altua edukitzea arteriosklerosiarekin lotzen dute azterketa epidemiologiko askok, eta kolesterola gaixotasun hori azaltzeko eragile bakarra ez bada ere, badirudi hura (edo, zuzenago esanda, hura garraiatzen duen lipoproteinetako bat) dela errudun nagusia.

Kolesterolaren garraioa odolean

Kolesterola, kimikoki, esteroideen taldeko alkohol bat da.

Kolesterola gibelean sortu eta metatzen da, eta odol-zirkulazioaren bidez iristen da gorputzaren beste ehun guztietara. Horretarako, lipoproteina garraiatzaileen beharra du, bera ez da eta ur-disoluziotan disolbatzen.

Lipoproteinak esfera-formako partikulak dira; barruan, kolesterol-esterrak eta triglizeridoak biltzen dituen nukleo lipidokoa dute, eta kanpoko geruzan uretan disolbagarriak diren fosfolipidoak eta apoproteinak daude. Apoproteinen bidez zelulen errezeptoreetara lotzen dira, eta lipoproteina-mota bakoitzak ditu bere apoproteina bereziak. Lipoproteinak bereizteko beste ezaugarri batzuk ere hartzen dira kontuan, hala nola, neurria, dentsitatea edota garraiatzen dituzten lipidoak.

Horrela, bost motatan sailkatzen dira: kilomikroiak, oso dentsitate txikiko lipoproteinak edo VLDLak ( very low dentsity lipoprotein ), dentsitate ertainekoak edo ILDLak ( intermediate dentsity lippoprotein ), dentsitate txikikoak edo LDLak ( low dentsity lipoprotein ), eta dentsitate handikoak edo HDLak ( high dentsity lipoprotein ). Kilomikroiek eta VLDLek batez ere triglizeridoak garraiatzen badituzte ere, guztiek daramate kolesterola. Nolanahi ere, ez da oso garraio azkarra, egunean 1-2 gramo kolesterol baino gutxiago mugitzen baitute.

Jandakoaren eta ekoitzitakoaren nondik norakoa

Batez beste, janarekin 250-500 mg kolesterol hartzen dira egunean. Kolesterola duen elikagairen bat jandakoan, hesteetako zelulek kolesterolaren % 40 xurgatzen dute. Kolesterol hori, triglizeridoekin batera, kilomikroietan biltzen da. Dentsitate txikiko lipoproteina handi horiek odol-zirkulazioan sartzen dira, eta muskuluetara eta gantz-ehunetara iristean, triglizeridoak askatzen dituzte. Horri esker, muskuluek energia lortzen dute, eta gantz-ehunetan, berriz, erreserbarako gantzak metatzen dira. Triglizeridoak banatu ondoren eta ia kolesterol-esterrak besterik ez dituztenean, kilomikroien hondarrak gibelera doaz.

Kolesterola (irudian horiz) zelula-mintzen oinarrizko osagaia da.

Gibeleko zeluletan, errezeptore berezi batzuk hondar horiek identifikatu eta zelulen barrura sartzen dituzte. Hala ere, zelulek ez dute kolesterol guztia hartzen; gelditzen denaren zati bat behazun-azidoak osatuz iraizten da, eta beste zati bat aske gelditzen da odolean. Odoleko kolesterola berriro hesteetan xurga daiteke; hala, ziklora itzultzen da. Beraz, janariekin batera sartzen den kolesterolak hesteen eta gibelaren arteko bidea egiten du. Horretaz gain, gorotzen bidez ere galtzen da kolesterol pixka bat.

Bestelakoa da gorputzak ekoizten duen kolesterolaren zikloa. Zikloa gibeleko zeluletan hasten da, bertan ekoizten baita kolesterola. Gero, triglizeridoekin batera, odolera pasatzen da VLDL lipoproteinei lotuta. VLDLek, kilomikroiek bezala, triglizeridoak askatzen dituzte muskuluetan eta gantz-ehunetan. Proteinak eta lipidoak galdu ahala, dentsitate ertaineko (IDL), txikiko (LDL) edo handiko (HDL) lipoproteina bihurtzen dira, hurrenez hurren.

Kolesterol ‘ona’ eta ‘txarra’

Odolean zirkulatzen duen kolesterol guztiaren % 75 inguru LDLek daramate. LDLek kolesterol-esterrak eta apoproteina-mota bat besterik ez dute, eta beren eginkizuna kolesterola ehun periferikoetara garraiatzea da.

Gutxi gorabehera, egunean 250-500 mg kolesterol hartzen dira janariaren bidez.

Zelulek azalean dituzten LDLen errezeptoreei esker hartzen dute kolesterola, eta errezeptore-kopurua barnean duten kolesterol-kantitatearen araberakoa da: zenbat eta kolesterol gehiago eduki barnean, orduan eta errezeptore gutxiago dituzte azalean. Horrela, zelulak nahikoa kolesterol duenean, LDLak odolean jarraitzen du.

Azterketa epidemiologikoetan oinarrituta, badirudi odolean LDLaren maila altua edukitzeak arteriosklerosia izateko arriskua areagotzen duela, baita bihotzekoak ematekoa ere. Horregatik, lipoproteina horiek garraiatzen duten kolesterolari ‘kolesterol txarra’ deitzen zaio.

Bestalde, dentsitate handiko lipoproteinak (HDL) gibelean eta hesteetan sortzen dira, eta alderantzizko bidea egiten dute, hau da, ehunetatik gibelera doaz. Haien eginkizuna zelulak haustean askatzen den kolesterola biltzea eta gibelera eramatea da. HDLaren maila altuak arteriosklerosia izateko arriskua gutxitzen duela ikusi da; beraz, HDLei lotutako kolesterolari ‘kolesterol ona’ deritzo.

Kolesterola, arteriosklerosiaren errudun

Kolesterol ona eta txarra bereizten badira ere, oraindik ez dago guztiz argi zenbateraino eragiten duen arteriosklerosian janariaren bidez hartzen den kolesterolak.

Arteriosklerosian, oxidatutako LDLak pilatzen dira odol-hodiaren paretan; ondorioz, hodia ixtera irits daiteke.

Arteriosklerosia odol-hodietako gaixotasun kronikoa da, eta odol-hodien lesio txikiekin hasten da. Lesioen eragileak fisikoak edo kimikoak izan daitezke (presio altua, tabakoaren substantziak...). Edozein modutan, lesioa ixteko, plaketak metatzen dira arterien barneko geruzan. Horrekin batera hantura gertatzen da, eta, pixkanaka gai batzuk pilatuz doaz, esaterako, kaltzio-xaboiak, fosfatoak, zuntz elastikoak, kolagenoa eta hezurrezko osagaiak. Baina, batez ere, oxidatutako LDLak pilatzen dira, hodiaren paretan dauden makrofagoek harrapatuta. Prozesu horren ondorioz, arteriak loditu eta gogortu egiten dira, eta luzarora hodia ixtera irits daiteke.

Arteriosklerosiaren sorreran beste eragile askok ere parte hartzen duten arren, janariekin batera hartzen den kolesterola eragile nagusienetakoa dela uste zen aspalditik.

Izatez, kanpotik sartutako kolesterolak badu eragina gorputzak ekoizten duen kolesterol-kantitatean; hau da, kolesterol exogenoak endogenoaren zikloa alda dezake. Zelulak kolesterola hartzen duenean, barneko ekoizpena gelditu egiten da, B-hidroximetilglutaril CoA erreduktasa entzimaren jarduera mugatzen baita. Bestetik, LDLaren errezeptoreak desagertzen dira azaletik. Mekanismo horiek genetikoki kontrolatuta daude, baina pertsona batzuetan kolesterol endogenoaren ekoizpena ez da gelditzen, ezta kolesterol exogeno asko hartuta ere. Beraz, kolesterolaren eta LDLaren maila altuak dituzte odolean, eta horrek arteriosklerosia izateko arriskua handitzen du.

Arterioesklerosiari aurre hartzeko, dieta zaintzeaz gain, bizimodu osasuntsua egitea komeni da.

Alabaina, gerora egin diren azterketetan, ikusi da hartzen den kolesterolak adina garrantzi dutela gantz aseek, LDLen maila igoarazten baitute. Halaber, arteriosklerosiari aurre hartzeko, onena koipe asegabeetan aberatsa den jan-neurri mediterraneoa da. Nonbait, oliba-olioan dagoen azido oleikoak odoleko HDLaren maila igoarazten du, hau da, arteriosklerosiaren aurrean eragin babeslea du.

Hala eta guztiz ere, arteriosklerosian eragile askok hartzen dute parte (genetika, adina, sexua, obesitatea, ariketa fisikoa, erretzea, diabetea...), eta kontuan izan behar da elikadura zaintzea ez dela beti nahikoa izaten gaixotasunari aurre hartzeko. Beste askotan bezala, bizimodu osasuntsua egitea da gaitzari ihes egiteko bide egokiena.

Kanpotik hartutako eta barruan ekoitzitako kolesterolaren zikloak


Kolesterol-maila jaisteko botikak

Batzuetan, bizimodu osasuntsua, jan-neurri egokia eta ariketa fisikoa ez dira nahikoak odoleko kolesterol- eta LDLaren mailak jaisteko. Orduan, baliteke sendagilearen aginduz botikak hartu behar izatea, batez ere arteriosklerosia izateko arriskua areagotzen duen beste eragileren bat ere badagoen kasuetan.

Sendagai horietako batzuek LDLa odol-hodien paretan pilatzea eta odolbilduak askatzea eragozten dute. Gehien erabiltzen direnak, ordea, estatinak dira. Horien bidez, kolesterol endogenoa ekoiztea galarazten da, sintesian ezinbestekoa den B-hidroximetilglutaril CoA erreduktasa entzima inhibitzen baitute. Horien artean zeribastatina dago; Lipobay edo Baycil izenarekin saltzen zen eta iaz merkatutik erretiratu zuten, gaixo batzuei rabdomiolisia eragin eta hainbat hildako izan zirelako. Hala ere, sendagilearen aginduei jarraituta hartuz gero, estatinak onuragarriak dira, odoleko LDLa % 40 jaisteko gai dira eta.

Beste sendagai batzuk behazun-azidoetara lotzen dira; hartara, gibela behazun-azido gehiago ekoiztera behartzen dute, eta horretarako kolesterola erabiltzen denez, odolean gutxiago gelditzen da.

Horietaz gain, beste botika batzuk triglizerido-maila jaitsiz egiten dute lan, edo HDLaren maila igoaraziz. Badirudi niazina bitaminak ere eragin hori duela dosi altuetan. Eta, zalantzarik gabe, farmazia-industriak herrialde garatuetan hainbeste jendek hartzen dituen botiken inguruan ikertzen jarraituko du.

Elikagaien osagaien eragina odoleko kolesterolean eta lipoproteinetan
Elikagaien osagaiak LDL eta kolesterola Triglizeridoak HDL
Koipea
Kolesterola =
Gantz-azido aseak
Gantz-azido monoasegabeak Ø = edo
Gantz-azido poliasegabeak

Ø

Ø = edo Ø
Kaloria-gehiegikeria Ø

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia