Etsipenaren eta itxaropenaren artean

2020/10/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Artxibokoa/CC

Espainian ez ezik Frantzian eta Alemanian ere positiboen kopurua areagotzeak birusaren transmisioa eragozteko neurriak gogortzea ekarri du. Hala ere, ikusteko dago nahikoa izango ote den izurria gerarazteko, ez bakarrik neurriak berak agian ez direlako behar bezain eraginkorrak, baizik eta haiek betetzeko gogoa ahultzen ari delako, neurri batean.

Hain zuzen, europar asko egoerarekin nekatuta eta etsita daudela ohartarazi zuen joan den astean Osasunaren Mundu Erakundearen Europako zuzendariak. Zehaztu zuenez, zenbait lekutan egindako azterketek erakutsi dute %60k baino gehiagok dutela neke emozionala edo apatia, COVID-19aren ondorioz. Horrenbestez, herritarren egoera psikologikoa ezagutzeko ikerketak egiteko eskatu zien gobernuei, eta harreman sozialak izateko aukerak eskaintzeko.

Horrekin batera, izurriari aurre egiteko estrategietan, osasun publikoko eta medikuntzako ikuspegiaz gain, beste arlo batzuetako jakintza ere aintzat hartzeko gomendatu die agintariei, adibidez, filosofia, historia, gizarte-zientziak, baita teologia ere. Behar zientifikoak, sozialak eta politikoak aintzat hartuta, neurri onargarriagoak diseinatu ahalko liratekeela baieztatu zuen, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo zuen herritarrek ere parte hartzea.

Bitartean, askok txertoan dute jarrita itxaropena. Une hauetan, 11 daude hirugarren fasean, eta haietako bost dagoeneko ari dira ematen populazioaren talde jakinei. Alabaina, zenbait zientzialarik kezkatuta daudela adierazi dute Nature aldizkarian. Haren arabera, hiru dira kezka-iturri nagusiak: txertoen segurtasuna eta saio klinikoen gardentasuna; politikarien esku-hartzeak; eta txertoen eraginkortasuna. 

AstraZeneca eta Oxfordeko Unibertsitatea elkarrekin garatzen ari diren txertoak izandako arazoa ekarri du gogora aldizkariak: bi boluntariok albo-ondorio larriak izan zituztela eta, saio klinikoak eten zituzten tarte batean, eta gero aurrera jarraitu dute ikerketekin. Konpainiaren esanetan, boluntarioen osasun-arazoak ez ziren txertoaren ondorioz izan; aldizkarian agertzen diren zientzialarien arabera, baina, eman dituzten azalpenak ez dira nahikoak.

Politikarien eta, berariaz, Trumpen jokabideak ere asko kezkatzen ditu zientzialariak. Txertoen ikerketa azkartzeko eta tratamendu batzuk onartzeko sortu dituen laburbideek okerreko tokira eraman dute: txertoarekiko konfiantza asko jaitsi da herritarren artean, eta tratamenduak ez dira izan eraginkorrak.

Azkenik, txertoaren ikerketan, onargarritzat jotzen da %50eko eraginkortasuna. Hala ere, %60ko eraginkortasuna lortzeko helburua dute. Baina helburua erdietsita ere, ez da nahikoa talde-immunitatea lortzeko; horretarako, %80ko eraginkortasuna izan beharko luke balizko txertoak, eta har dezaketen guztiak txertatu beharko lirateke.

Dena dela, horretara iritsi gabe ere, txerto bat oso lagungarria izango litzateke izurria kontrolatzeko eta bizimodua errazteko. Oraingoz, eta agintariek beste era bateko estrategiak diseinatzen ez dituzten artean, orain arte baino ahalegin handiagoa egin beharko dugu neurriak betetzeko. Esaterako, udan baino zailagoa izango da zenbait gauza egitea kanpoan. Horregatik, komeni da ez ahaztea askoz ere arrisku txikiagoa dagoela birusa transmititzeko aire librean, barruan baino. Ea etsipenaren eta itxaropenaren artean orekari eusten asmatzen dugun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia