Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ergatiboa duten esaldi iragangaitzak, prozesatzeko zailagoak

2019/11/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ergatiboa-duten-esaldi-iragangaitzak-prozesatzeko-
Prozesamendua neurtzeko, ERP metodologia erabili dute. Arg. NCIL

Ergatiboa duten esaldi iragangaitzen prozesamendua garunean zailagoa da euskaraz, ergatiborik ez dutenena baino. Inguruko hizkuntzetan, berriz, aurkakoa gertatzen da. Hori frogatu dute Gillen Martinez de la Hidalga Malla hizkuntzalariak eta haren kideek, horretarako lehen aldiz ERP metodologia erabilita (event related potential; hau da, gertaerei loturiko potentziala).

Martinez de la Hidalga tesia egiten ari da, Itziar Laka Mugarza katedraduna eta Adam Zawiszewski doktorearen gidaritzapean. Azaldu duenez, bi esaldi-mota konparatu nahi izan dituzte. Alde batetik daude esaldi iragankorrak (egile bat eta gai bat dute; adibidez, Mirenek Jon ikusi du), eta, bestetik, iragangaitzak. Euskaraz, bi eratako markaketa dute azken horiek: Mikel erori da, eta Mikelek sufritu du (ergatiboa) dira bakoitzaren adibide bana. 

Gertuko beste hizkuntzetan, hala nola ingelesez eta gaztelaniaz, ez dago bereizketarik esaldi iragangaitzetan, Mikel berdin geratzen da kasu batean zein bestean. Hortaz, normalean zaku berean sartu izan dira, baina hizkuntzalari batzuek bitan sailkatzen dituzte.

Teknikoki, ez-akusatiboak eta ez-ergatiboak deitzen zaie. Lehenengoetan argumentu nagusia gaia da, ez egilea (Mikel erori da), eta bestetan egilea nabarmentzen da (Mikelek sufritu du).

Hizkuntza askotan ikusi da esaldi ez-akusatiboak zailagoak direla prozesatzeko besteak baino. Orain arte, baina, ez zen horrelako azterketarik egin euskaraz; Martinez de la Hidalgaren taldea izan da lehena. Gainera, lehen aldiz erabili dute horretarako ERP metodologia. 

"Normalean, prozesamendua neurtzeko, denbora irakurketak erabili izan dira; adibidez, zenbat denbora behar den esaldi-mota bat eta bestea irakurtzeko. Edo begiek non jartzen duten arreta, egilean edo gaian. Garunean sortzen duten aktibazioa ere erabili izan da, baina gu izan gara lehenak garunean predikatu hauen prozesamendua aztertzen denbora kontuan hartuta", azaldu du Martinez de la Hidalgak.

Euskaraz, aurkakoa

Ikerketan frogatu dute beste hizkuntzetan ikusi dutenaren aurkakoa gertatzen dela euskaraz. Hau da, Jone erori da bezalako esaldiak errazagoak direla Jonek gozatu du erakoak baino.

Martinez de la Hidalgaren arabera, alde batetik, beste hizkuntzetan predikatu iragangaitzetan egilea eta gaia anbiguoak direnez, egilearen aldeko aurreikuspena egiten da, eta gaia denean aurreikuspena ez da betetzen. “Horrek, seguruenez kostu bat izango du”, dio ikertzaileak. Bestetik, beste hizkuntza horietan gaia izaten da markatzen dena, eta morfologikoki pisutsuagoa izan ohi da. Adibidea jarri du: "Mikel ha visto a Miren. Horrelakoetan gaia markatzen da. Mikel beti da Mikel, baina gaia a horren bidez markatzen da. Morfologikoki pisutsuagoa da gaia, egilea baino. Euskaraz kontrakoa gertatzen da; egilea markatzen dugu k-rekin. Eta horrek, prozesamenduaren aldetik, gainkarga bat dakar". 

Ikerketa Martinez de la Hidalgaren tesiaren parte da, eta gaian sakontzen jarraitzeko asmoa du.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia