}

Emakumeak mediku?

2010/07/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

emakumeak-mediku
Arg. Manu Ortega

1860ko ekainaren 15ean, 24 urte bete berri zituela, Elizabethek medikua izan nahi zuela esan zien gurasoei. Aitak kopeta zimurtu zuen. Okerragoa izan zen amaren erreakzioa: atsekabearen saminez gaixotu egin zen, eta depresioaren bueltan ibili zen hurrengo urteetan, alabaren zorigaitzeko erabakiagatik. Izan ere, emakume bat mediku... hori pentsaezina zen, baita lotsagarria ere, askorentzat.

Elizabeth Garrett zazpi anai-arrebako familia dirudun bateko arreba zaharrenaren paperean bizi zen. Bizimodu erosoa zen. Baina zerbait gehiago behar zuen. "Medikuntza ez bada, beste zerbait izango da, baina ni ezin naiz benetako lanik gabe bizi!", esan zion aitari.

Mediku izatea ez zuen aspaldiko bokazioa. Urtebete lehenago erabaki zuen, Blackwell doktorea ezagutu zuenean. Blackwell Estatu Batuetatik zetorren, baina ingelesa zen jatorriz. Eta hura ere emakumea zen; hura ere Elizabeth zen.

Elizabeth Blackwellek egina zuen Garrettek hasi nahi zuen bide zail haren zati handiena, gogorrena. 1834an, aitaren azukre-findegia erre zenean, Estatu Batuetara emigratu zuten Blackwelldarrek. Elizabethek 11 urte zituen orduan; zortzi anai-arrebaren arteko hirugarrena zen. Oso jainkozaleak ziren, kuakeroak: jainkoaren begietara pertsona guztiak berdinak direla aldarrikatzen zuten. Hala, esklabotzaren abolizioa eta emakumeen heziketa-eskubidea defendatzen zituzten, besteak beste.

Elizabethek 1845ean egin zuen topo bere bokazioarekin, gaixotasun ginekologiko larri bat zuen lagun bat bisitatzera joan zenean. Lagunak adierazi zion haren ustez emakume medikuak behar zirela, eta uste zuela bera salbatuko zatekeela mediku emakume batek ikusi izan balu, gizon bati baino errazago adieraziko baitzizkion hasierako ondoezak. "Ikasketetan ona zara, eta osasuna eta denbora dituzu. Zergatik ez duzu medikuntza ikasten?", proposatu zion lagunak.

Erantzuna ezezkoa izan zen: "Gorputzarekin zerikusia duen guztia gorroto dut, eta medikuntza-liburu bat ikustea ere ezingo nuke jasan". Baina, laguna hil ondoren, ideia hura indarra hartzen joan zen; agian, erronka handi bat zelako. "Pixkanaka, mediku izatearen ideia borroka moral handi baten forma hartzen hasi zen, eta borroka moralak izugarri erakargarriak ziren niretzat", esango zuen handik urte batzuetara.

Eskola batean eta bestean izena ematen hasi zen. Baina denetan ezezkoa jasotzen zuen: medikuntza ez zen emakumeentzat. William Ashmead doktoreak aholku hau eman zion: "serioski gomendatzen dizut madam , anbizio antinatural hori alde batera utzi eta zure sexuari dagozkion benetako gaitasunei heltzea".

Ez zuen etsi. Eta ezezkoak jasotzen jarraitu zuen, behin eta berriz. Baina, halako batean, gauza bitxi bat gertatu zen Genevako (New York) medikuntza-eskolan. Blackwellen eskaria Elder doktore entzutetsuaren gutun batekin batera zihoala ikusita, ez ziren ausartu zuzenean ezezkoa ematen. Dekanoak gehiegi busti gabe eskaria atzera botatzeko ideia bat izan zuen: ikasleek bozka zezatela. Ikasleei, ordea, dibertigarriagoa iruditu zitzaien onartzearen alde bozkatzea.

1849an graduatu zen. Baina zailtasunak ez ziren bukatu. Esperientzia behar zuen, eta ospitaletan ez zuten onartzen. Parisko La Maternité-n sartzea lortu zuen, ez mediku gisa, emagin gisa baizik. Handik urtebetera Londreseko St. Bartholomew's Hospital-en lan egiteko aukera izan zuen. Eta 1851n New Yorkera bueltatu zen. Etxe bat alokatu, eta plaka bat jarri zuen kanpoaldean: "Elizabeth Blackwell, medikuntzan doktorea".

Gero erizaindegi bat ireki zuen; eta 1857an, Emily ahizparekin --hark ere bide beretik jo baitzuen-- eta Marie Zakrzewska doktore poloniarraren laguntzarekin, Emakumeentzako eta Umeentzako New Yorkeko Ospitalea bihurtu zen erizaindegi hura.

Handik bi urtera, Ingalaterran, Elizabeth Garrett gazteak Blackwell Londresera etortzekoa zela jakin zuen. Hainbat hitzaldi emango zituen Blackwell doktoreak, "Medikuntza emakumeentzako lanbide gisa" izenburupean. Eta hitzaldi haietako baten ondoren, hura ezagutzeko aukera izan zuen. Blackwellek pentsatu zuen haren pausoak jarraitu nahi zituen gazte bat zela Garrett; eta ildo horretatik joan zen elkarrizketa. Eta horrela sortu zitzaion Garretti ordura arte sekula izan ez zuen medikuntzaren arra.

1860an Middlesex-eko Ospitaleko eskolan ikasle gisa onartzeko eskatu zuen, eta ezezkoa eman zioten. Baina, dohaintza baten truke, ikasle ofizial izan gabe klaseetara joateko aukera eman zioten.

Laster erakutsi zuen gizonezko ikaskideak erraz gainditzen zituela. Eta, azkenean, Garretti klaseetara joatea debekatzeko eskatu zuen ikasle-talde batek. Baita lortu ere.

Ikasten jarraitzeko, hainbat eskolatan izena ematen saiatu zen. Azkenean Botikarien Elkarteak onartu zuen Garretti lizentziatzeko azterketa egitea. Horretarako, eskola partikularrak hartuz jarraitu behar izan zuen ikasketekin. 1865ean, azterketara aurkeztu zen beste 7 ikaslerekin batera. Hiruk bakarrik lortu zuten titulua; tartean, Garrettek. Botikarien Elkarteak estatutuak aldatzea erabaki zuen, berriro emakumerik sar ez zedin.

Behin lizentziatura lortuta, emakumeentzako eta haurrentzako erizaindegi bat ireki zuen Londresen. Baina doktoretzari ere ez zion uko egin nahi; eta, horretarako, Frantziara joan behar izan zuen. Sorbonan onartu zuten. Frantsesa ikasi eta hantxe atera zuen doktoretza 1870ean.

1872an erizaindegia Emakumeentzako eta Haurrentzako Ospitale Berria (New Hospital for Women and Children) bihurtu zen. Eta 1874an, Emakumeentzako Londresko Medikuntza Eskola ireki zuten Garrettek berak, Blackwell ahizpek --New Yorken beste bat irekia zuten 1868an--, Sophia Jex-Blake-ek eta Thomas Huxleyek. Bertan irakasle aritu zen Garrett. Eta baita Blackwell ere: ginekologiako katedra hartu zuen, eta han aritu zen, 1907an osasun arazoengatik erretiratu zen arte. Haiek izan ziren Blackwellen azken pausoak. Garrettek, berriz, oraindik emango zituen beste batzuk. 1908an, esaterako, Aldeburgh-eko alkate aukeratu zuten. Britainia Handiko lehen emakumezko medikua Ingalaterrako lehen emakumezko alkatea izan zen.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
266
2010
6
022
Historia; Biografiak; Medikuntza
Istorioak
56

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia