}

Emakumeak: etxetik enpresara

1991/07/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Behin batean afaltzen ari ginela, lagun eta abokatu den Marisa Rodriguezek bere lanaren berri eman zigun. Emakumeentzako hezkuntz ikastaroei buruzko adierazpenak egin bazituen ere, ekintza horien azpian zegoen filosofia interesgarria iruditu zitzaigun. Horretaz polikixeago hitz egitekotan geratu ginen.
Aipatu ikastaroen jatorrian populazio aktiboaren hazkundea dago. Azken urte hauetan populazio aktiboak izandako hazkundea emakumea lan-merkatura hurbildu delako izan da. Baina, emakumeak populazio aktiboko partaide izatera igaro badira ere, zuzen-zuzenean langabetuen multzoan sartu dira gehienak; eta lana aurkitu dutenak baldintza eskasetan ari dira.

Lan egin nahi duen emakume-multzo honek arazoak alde guztietatik ditu. Gehienek ez dute lan-mundua ezagutzen eta garai batean lan egin zutenek ere lanarekiko loturak ia ahazturik dituzte. Egia da aipatutako arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, eta beste giza talde askorena ere badela. Hala ere langabetuen % 80 emakumeek osatzen dutela kusirik, garbi dago batez ere emakumeen kolektiboa dela kalterik handiena jasaten duena.

Izan ere, emakumeen kolektiboak baditu beste giza kolektiboengandik bereizten dituen ezaugarriak. Emakume hauek gehienetan etxekoandreak dira eta lan egingo badute ere (edota ikastaroetara joan behar badute ere) ezingo dute etxeko lana ahaztu. Aldi berean, etxeko giroa ez da emakume hauen interesen aldekoa izaten eta autoestima-arazoak izaten dira. Arazo hauez gain, heziketarena dago; oso maila eskasa bait dute.

Marisa Rodriguez.

Egoera hau ikusirik, zenbait erakundek elkarlanean gauzak antolatzeari ekin dio. Besteak beste, Gipuzkoa eta Donostiako KUTXAko gizarte- eta famili sustapenerako zentruek emakumeen autoenplegurako plangintza diseinatu zuten. Plangintza hau, Eusko Jaurlaritzak eta lanerako eskualde-batzordeek dituztenekin bat dator.

Guztira zortzi ikastaro antolatu dira; guztiak Donostia inguruan. Hauetatik bost, sei hilabetekoak eta hiru bederatzi hilabetekoak izan dira. Sei hilabeteko ikastaroetan parte hartu duten emakumeak enpresa bat sortzeko proiektu argirik ez dutenak dira eta, bederatzi hilabetekoetan parte hartu dutenak ostera, enpresa-proiektu argia dutenak zan dira.

Marisak esan zigunez, ikastaro hauen helburua enpresak sortzea da eta ez ikastarogile profesionalak sortzea.

Baina, zein enpresa-mota sor dezake hain baldintzatua dagoen talde honek?

Marisak garbi dauka talde hau zerbitzu-sektorera bultzatu behar dela eta zerbitzu sozialen sektorera konkretuki. Hostalaritza, garbiketa, elbarri eta zaharren asistentzia, elikagaiak, etab. dira aukera handienak eskaintzen dituzten alorrak.

Ikastaro hauetako hautaketa-faseari garrantzi handia eman zaio. Adinean muga batzuk jarri badira ere (19tik 45 urterartekoak onartzen dira), ahalik eta talde homogenoenak sortzera jo da. Homogenotasuna lortzea oso zaila da, baina horretarako pertsona bakoitzaren egoera eta helburuak kontutan hartu dira.

Ikastaro gehienak ekainean bukatu dira eta Marisa pozik agertu da emaitzekin; talde batzuk enpresak sortzear bait daude.

Etorkizunari buruz ere hitz egin genuen. Administrazio publikoaren laguntza ezinbestekoa izango da, baina beren joera zein izango den oraindik ez dago oso garbi. Bestalde gizartearen emakumeekiko inertzia gainditu beharra dago.

Hala ere, Marisa eta bere lagunak, psikologoak, pedagogoak, soziologoak, etab. arazo guztiei aurre egiteko prest agertu dira, agian orain arte eta aspalditik lan zailetan aritu direlako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia