}

2002ko hamar aurrerapen zientifiko garrantzitsuenak

2002/12/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Science zientzia-aldizkariak amaitu berri den urtean garrantzi gehien izan duten hamar ikerketekin edo aurkikuntzekin zerrenda bat osatzen du urtero. 2002ko zerrendaren lehen postuan, RNA txikiak azaltzen dira.

Orain dela gutxi arte, RNAren eginkizuna proteinak osatzean DNAren aginduei jarraitzea zela uste zuten zientzialariek. 2002an egindako ikerketei esker, ordea, garbi gelditu da RNAren zati txiki baina berezi batzuek garrantzi handia dutela geneak espresatzeko garaian. Orain, RNA txiki horiek hainbat gaixotasunekin eduki dezaketen lotura aztertzen ari dira.

RNA txikien ondoren neutrinoak datoz. Orain arte, elektroien, muoien, tauen eta quarken izaera eta ezaugarriak zein ziren bazekiten, baina neutrinoei buruz, aldiz, ezer gutxi zekiten. Eguzkian gertatzen diren erreakzio nuklearretan neutrino ugari sortzen zirela uste zuten. Alabaina, astronomoek neutrino horietatik gutxi batzuk besterik ez zituzten detektatzen. Iaz, ordea, Eguzkitiko bidaian, neutrinoak beste partikula batzuk bihurtzen direla frogatu zen , eta horregatik ez zirela espero bezainbat detektatzen.

Hirugarren tokian, hainbat organismoren genomak deskodetu direla azaltzen da, hala nola, malaria eragiten duen bizkarroiarena eta hura zabaltzen duen eltxoarena, bi arroz-barietaterena eta ikerketetan erabiltzen diren saguarena eta arratoiarena.

Neutrinoak behatzeko teleskopioa.

Espaziora itzuliz, laugarren postuan hondoko mikrouhin-erradiazioa agertzen da. Energia hori unibertsoaren hasieran askatu zela uste dute. Hain zuzen, Big Bang-a gertatu eta 400 mila urte geroago, nukleoak eta elektroiak batu eta atomoak osatu zituzten, eta orduan askatu zen hondoko
mikrouhin-erradiazioa.
2001-2002an hondoko
mikrouhin-erradiazioaren fluktuazioa neurtu dute, eta unibertsoaren hastapenari buruzko informazioa jaso ahal izan da horri esker. Horretaz gain, unibertsoa etengabe hedatzen ari dela ere frogatu ahal izan da; beraz, hondoko mikrouhin-erradiazioak unibertsoaren iragana eta etorkizuna ulertzen lagundu du.

Laserrarekin lan egiten duten fisikariek, berriz, filmik azkarrena egitea lortu dute, eta lorpen horrek zerrendaren bosgarren tokia merezi du. Irudi bakoitzak attosegundo bat (10-18 segundo) irauten du, eta, horrekin, elektroiek atomoaren inguruan egiten duten bidea filmatzeko asmoa dute.

Anopheles eltxoa, malariaren transmititzailea.

Seigarrenean, berriz, nahiz tenperaturaren nahiz zaporearen aurrean erreakzionatzen duten zelulak aurkitu dituztela azaltzen da. Beti esan ohi da piperminak erre egiten duela, eta mendafinak freskatu. Orain frogatu da zelula batzuk bi sentsazio horiek jasotzeko gai direla, eta, animalia batzuetan, feromonak detektatzeko ere balio dutela zelula horiek.

Halaber, zelularen barruko egiturak ikusteko teknikak aipamena merezi du. Izan ere, maila molekularreko egiturak aztertzeko teknikak bazeuden, baina ez zegoen teknika egokirik organuluen neurrikoak ikusteko. Krioelektroien tomografiari esker, hutsune hori bete egin da. Teknika horretan, elektroien izpiak erabiltzen dira bi dimentsioko irudiak lortzeko; gero, ordenagailuak irudi horiek batu eta hiru dimentsioko irudiak azaltzen dira.

Zortzigarren tokian zeruaren beste ikuspegi bat eskaintzen duen sistema bat jarri dute. Astronomoek atmosferak sortzen duen lausoa gainditzeko modua aurkitu dute. Horretarako, segundo oro lenteak egokitu egiten dira, hau da, lenteak okertuz joaten dira atmosferaren turbulentzia zuzentzeko. Sistema optiko horren bidez, argi eta garbi ikusi ahal izan dira Jupiterko sumendi baten erupzioa eta Eguzkiko orbanak, adibidez.

Hondoko mikrouhin-erradiazioa.

Azkeneko postutik oso-oso hurbil daude ordulari biologikoaren erretinako zelulak. Orain arte, erretinan konoak eta makilak besterik ez ziren ezagutzen, eta bi zelula-mota horiei zor diegu ikusmena. Zientzialariek, ordea, beste zelula batzuk ere bazeudela susmatzen zuten; hain zuzen, zelula horiek argiarekiko sentikorrak izango lirateke, eta horiek doituko lukete jokabidea eta fisiologia zuzentzen dituen ordulari biologikoa. Azkenean, melanopsina pigmentua topatu dute, eta melanopsina duten zelulak eta garunaren nukleo suprakiasmatikoa lotuta daudela ikusi dute. Nukleo horretan dago ordularia; beraz, ordulariaren sekretua argitzea lortu dute zientzialariek.

Bukatzeko, etengabeko eztabaida eragin duen Toumaï-ko gizona dago. Toumaï-ko gizonaren izen zientifikoa Sahelanthropus teadensis da, eta, haren fosila aurkitu zutenen ustez, hominido zaharrena da. Ordura arte ezagutzen zen hominidoa baino bi aldiz zaharragoa da eta giza eboluzioa ulertzeko gakoa izan daiteke. Aldiz, beste batzuen esanean, buru-hezurra bakarrik aurkitu zenez, ezin da jakin espezie hori zutik ibiltzen zen ala ez, eta ezaugarri hori erabakigarria da hominidoa zela baieztatzeko. Nolanahi ere, garrantzi handiko aurkikuntza dela eta, zerrendan sartu dute, nahiz eta azkeneko tokian izan.

Piperminak 'erre' egiten du.

Zerrendatik kanpo, 2002an hauts asko harrotu duen gaia azaltzen da: bioterrorismoaren arriskua. Beldur horren adierazle dira irailaren 11ko erasoaren ondoren zabaldu ziren antrax bakteriodun eskutitzak eta baztangaren aurkako txertaketa .

2001ean Science -k hurrengo urterako aurreikuspenak ere egin zituen eta, orain, haiek gogorarazi dituzte. Gauzak uste zuten bidetik joan ez badira ere, 2003rako aurreikuspenak egiten ausartu dira, eta hauek dira gai garrantzitsuenak, Science -ren aburuz: glaziarren gorabeherak, Eguzkiaren eragina
klima-aldaketan, ikerketa zientifikoen finantziazioa, genomika eta eboluzioaren arteko lotura, uhin-luzera ez-optikoen bidezko behaketa astronomikoak eta antihidrogenoa.

Datorren urtean jakingo da zenbateraino asmatu duten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia