Zientzia motelaren alde
2017/02/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ez da ohikoa albiste zientifiko batek komunikabide orokorren arreta bereganatzea. Horregatik, gertatzen denean, zientzia gizarteratzen lan egiten dugunok poztu egiten gara. Baina, neurri batean, kezka pittin bat ere sentitzen dugu. Izan ere, albistearen funtsa ez bada ematen zaion oihartzunaren neurrikoa, gerta daiteke jendeak zientzia gutxiestea. Edo gerta daiteke baita ikusgarritasunera ohitzea ere, eta zientzia-albisteei ez ematea garrantzia, ez badatoz danbor-hotsez lagunduta.
Hori guztia etorri zait burura TRAPPIST-1 sistema aurkitu berriaren albistea eman dutenean. Izan ere, aurkikuntzaren muina benetan da garrantzitsua, baina NASAren prentsaurrekoaren propaganda-kutsuak alderdi zientifikoa apaldu zuela iruditu zitzaidan. Agian ez da une txarra Zientzia motelaren alde egiteko.
Zientzia motelak denbora hartzea aldarrikatzen du. 2010ean, Zientzia Motelaren Akademia ere sortu zen, Berlinen, eta kideek adierazpen bat idatzi zuten. Horrela dio Zientzia Motelaren Manifestuak:
Zientzialariak gara. Ez dugu blogeatzen. Ez dugu txiokatzen. Gure denbora hartzen dugu. Ez gaitzazue gaizki ulertu. Baietz diegu argitalpen zientifikoen etengabeko jarioari eta inpaktu-indizeei. Baietz zientzia-blogei eta sare sozialei. Baietz diziplina guztietan areagotzen ari den espezializazioari eta dibertsifikazioari. Baietz osasunaren zaintza eta etorkizun hobea ekarriko duten ikerketei.
Alabaina, hori ez dela guztia iritzi diogu. Zientziak denbora behar du pentsatzeko. Denbora irakurtzeko eta denbora akatsak egiteko. Zientziak ez daki beti zer izan daitekeen oraintxe bertan. Zientzia ezegonkor garatzen da, mugimendu zakarrekin eta bat-bateko jauziekin. Aldi berean, ordea, denbora-eskala oso motel baten gainean dabil arrastaka, eta horretarako lekua utzi behar zaio, eta bidezkoa izan behar zaio.
Ehunka urtez, zientzia motela zen egin zitekeen zientzia bakarra. Gaur uste dugu berreskuratu behar dela eta babestu egin behar dela. Gizarteak behar duten denbora eman behar die zientzialariei. Baina, are garrantzitsuago, zientzialariek behar duten denbora hartu behar dute.
Denbora behar dugu pentsatzeko. Denbora behar dugu hausnartzeko. Denbora behar dugu elkarri gaizki ulertzeko, batez ere humanitateen eta zientzia naturalen arteko elkarrizketa galdua sustatzen dugunean. Ezin dizugu esan etengabe zer esanahi duen zientziak ezta zertarako balioko duen ere; oraindik ez baitakigu. Zientziak denbora behar du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia