}
Jon Urzelai Urbieta Fisikaria eta soziologoa

"Zaila da ezagutzen arteko banaketa zurruna gainditzea"

2025/03/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zaila-da-ezagutzen-arteko-banaketa-zurruna-gaindit

Jon Urzelai Urbieta ohituta dago itzalean lana egiten, baina Su festak musika-jaialdiei buruzko saiakerak dezenteko ikusgarritasuna eman dio, iaz Euskadi Saria eman baitzioten lan horregatik. Ez da, hala ere, irabazi duen sari bakarra, hori baino lehen, 2021ean, CAF-Elhuyar sarietan aipamen berezia eman baizioten, dibulgazio zientifikoko Pentsatu, ez sinistu podcastarengatik. Bi sari horiek argi uzten dute, zientziak eta letrak, biak lantzen dituela.

Hain zuzen, gogora ekarri du, ikasketak aukeratzean ere, zientziak eta letrak banatuta zeudenez, zalantza handiak izan zituela nondik jo erabakitzeko. “Karrera aukeratu behar zenean, gogoratzen naiz aurreko gauean oraindik aukeran nituela fisika, soziologia, ikus-entzunezko komunikazioa eta ekonomia”, aitortu du Urzelaik, eta jarraitu du gogoratzen: “Uste dut nahiko ohikoa dela: nota onak ateratzen nituen; orduan, beti bideratu izan naute zientzietatik. Hala ere, batxilergoa aukeratzean ere, argi samar neukan ni letretakoa nintzela. Baina ez neukanez garbi zer egin, zientzietatik jo nuen, eta egia da fisikako ikasgaia gustatzen zitzaidala. Gaur egun ere, fisikako eta kimikako irakaslea naiz, eta oraindik ere gustatzen zait eta interesgarria iruditzen zait”.

Dioenez, bereziki gustatzen zaio fisikak ematen duen aukera gauzak nolakoka diren ulertzeko. Baina beti izan omen du zaletasun handiagoa soziologiarekiko, eta, hala, soziologia ikastea erabaki zuen, UNEDen. Hori baino lehen, fisikako azken urtea Mexiko Hirian egin zuela kontatu du, eta urte hark arrastoa utzi ziola uste du: "Han bizi izan nintzen garaian soziologo dezente egokitu zitzaizkidan inguruan, eta nik beti izan nuen buruan soziologia, eta esperientzia hark berretsi egin zidan soziologia ikasteko asmoa".

Onartu du hura izan zela lehen aldia zerbait plazerez eta benetako interesez ikasten zuela. Zortzi urtetan egin zuen gradua, tartean lanean ibili baitzen, eta oso gustura dago: "Azkenean, gizartea ulertzeko erraminta-kutxa bat bezalakoa da soziologia: historiako oinarri bat ematen dizu, pentsalari batzuen ikuspegiak... Ematen dizu aukera zure burua kokatzeko gertatzen den horretan, eta hobeto ulertzeko".

Egiteko bulkada

Ulertu ez ezik, eragiteko asmoa ere erakutsi du, nolabait. Adibidez, pandemia betean, podcast bat sortu zuen, Pentsatu, ez sinistu, inguruan ebidentzien kontrako jarrera zabaltzen ari zela ikusi baitzuen. "Berez, ez neukan horrelako zerbait egiteko inolako asmorik. Zientzia nahiko abandonatuta neukan garai hartan, baina sortzen ari zen giroari aurre egiteko erreakzio bat izan zen. Diskurtso batzuei galga jartzeko beharra sentitu nuen, eta, aldi berean, heldulekuak eskaini nahi nizkien ingurukoei", azaldu du.

Ordurako, denbora zeraman kritika musikalak egiten. Izan ere, betitik da oso musikazalea, eta, era berean, musika beti izan da beretzat bide bat beste gauza batzuk egiteko. Esaterako, fanzineetan edo blogetan musikaz idatzi izan du oso gaztetatik. Bere esanean, bulkada bat zen: "Beharra sentitzen nuen besteei ezagutarazteko niri hainbesteko zirrara sortzen zidan musika-talde hura, eta horregatik egiten nuen".

"Musika eta gizartea lotzeko joera ere gaztetatik datorkit; horregatik esan dut musika beste gauza batzuetarako bidea: planak egiteko, jendea ezagutzeko, eta baita gizarte-joerak aztertzeko ere", adierazi du segidan. Hain zuzen, azken horri helduta sortu du Su festak saiakera. Horrez gain, ardura-moduko batek ere bultzatu zuen horretara. Orain egiten ari den krisi ekosozialari buruzko podcastarekin bezala, Kairos: "Pandemian ere horregatik egin nuen beste podcast hura. Pentsazen nuen neuk egin behar nuela; bestela, bazirudien ez zuela inork egingo. Eta pentsatzeko modu horrek eramaten nau gauzak egitera. Seguru asko, gaztetxetik jasotako irakaspena da: egin dezakezu eta ez da inor etorriko zuretzat egitera; beraz, egin zuk zeuk".

Irakasle-lanean ere, aipatu du saiatzen dela ikuspegi osatuago bat ematen ikasleei, curriculumeko edukiez gain. "Baina zaila da ezagutzen arteko banaketa zurruna gainditzea", onartu du. Nolanahi ere, nabari zaio gustukoa duela lana, eta halaxe baieztatu du: “Asebete egiten nau”. Aurrera begira, ez daki podcast gehiago egingo dituen, beste libururen bat idatziko duen, edo zer egingo duen, baina badaki, barruko bulkada hori ez bada agortzen, gauzak egiten jarraituko duela.

Jon Urzelai Urbieta
Zumarragan jaioa da, 1990an. Fisikako gradua amaitu ondoren, soziologia ikasi zuen UNEDen (Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitatea). Gaur egun, DBHko fisikako eta kimikako irakaslea da, baina ikastetxetik kanpo ere lan handia egiten du; bereziki, musikari lotuta. Besteak beste, saiakera baten egilea da (Su festak, Susa, 2023), eta musika-kritikaria, hainbat hedabidetan. Podcastak ere egiten ditu; esaterako, Kairos, krisi ekosozialari buruzkoa, Basilika podcasting espazioan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia